Duela urte eta erdira arte turisten ohiko geltokia zen Atenasko Sintagma plaza. Iazko udaberriaz geroztik, ordea, manifestarien eta Poliziaren arteko liskarren agertoki ofizial bihurtu da, han baitago Greziako Parlamentua eta greziarrek hara jotzeko ohitura baitute gobernuarekiko haserrea adieraztera. Hala egin zuten atzo ere murrizketen kontra 24 orduz lanuztera deituta zeuden herritarretako askok.
Zergatik? Grezia itotzeko puntuan eta greziarrak itota daudelako. Hamazazpi hilabete dira Atenasko gobernuak nazioartearen laguntza onartu zuela. Herrialdea hondoa jotzetik libratzeko premiazko flotagailu gisa saldu zuten erreskate hura. Baina herrialdeari nola edo hala ur gainean irauten lagundu dion tresna berak hondoratu ditu greziarrak. Murrizketa neurriak, kaleratzeak eta zerga igoerak bata bestearen atzetik etorri zaizkie. Eta orain artekoa hasiera baino ez da izan, gutxienez 2015a bitarte gutxiago gastatzen eta zergetatik diru gehiago biltzen jarraituko duela esana baitu gobernuak.
Horiek hala, herrialdeko bi sindikatu handienek —GSEE eta ADEDY— aurtengo bosgarren greba orokorrera deitu zituzten sektore publikoko eta pribatuko bost milioi langile. Eta antolatzaileak pozik geratu ziren herritarrek emandako erantzunarekin, herrialdea erabat geldiaraztea lortu zutelako: hegazkin eta tren zerbitzurik ez zen egon; eskola pribatu guztiek eta publiko askok ez zituzten ateak zabaldu; bankuak, osasun etxeak eta ogasun departamentuaren bulegoak itxita egon ziren; eta sektore pribatuko eta udaletako langile askok eta askok ere lanera ez joatea erabaki zuten. Hautu bera egin zuten Kultura Ministerioaren mendeko langile publikoek ere; horrenbestez, itxita egon ziren herrialdeko museo eta monumentu guztiak, munduan turista gehien erakartzen duenetako leku bat, Atenasko Akropolia barne. Botika gehienak ere itxita egon ziren, eta ospitaleetako medikuek gutxieneko zerbitzuak baino ez zituzten eman. Sindikatuen esanetan, sektore publikoan %90eko erantzuna izan zuen deialdiak.
Aire kontrolatzaileek, esaterako, astearte gauean utzi zioten lan egiteari. Ondorioz, bertan behera gelditu ziren atzoko programatuta zeuden 400 bat hegaldi, eta beste ehun bat atzeratu egin behar izan zituzten. Kartzeletako funtzionarioek, berriz, lanuzterik egin ezin eta goizean goizetik hasi zituzten protestak, soldatak erdira jaitsi dizkietelako eta lantaldea murriztearen ondorioak nabari dituztelako. Egunero 1.500 bat preso aldatu ohi dituzte espetxez; atzo, bakar bat ere ez.
Autobus eta tren zerbitzurik ere ez zen egon eguneko lehen orduetan. Han goizeko bederatziak zirenean, ordea, aparteko zerbitzua eskaintzen hasi ziren, herritarrak manifestazioak hasten ziren lekuetara eramateko.
Goiz partean egin zituzten manifestaziorik jendetsuenak. Hiriburuko hainbat puntutatik irtenda eta Ezin dugu gehiago jasan, Zorra ezabatu eta Aberatsek ordaindu behar dute zioten pankarten atzetik, milaka ikasle, erretiratu eta langile iritsi ziren Sintagma plazara. Une hartan, Parlamentuaren eraikinaren barrualdean, murrizketa neurrien inguruan erreferendum bat egitea komenigarria ote litzatekeen eztabaidatzen ari ziren diputatuak. Saioaren bukaeran, berri gutxi, Haris Kastanidis Barne ministroak ez baitzuen azalpenik ematerik nahi izan. Ez zuen argitu erreferenduma egiteko egunik erabaki zuten ala ez, ez eta herritarrei ze galdera egingo lieketen ere.
Eraikineko atarian, berriz, dozenaka polizia zeuden manifestarien zain, eta han ere ezer berririk ez, esperotakoa gertatu zelako: istiluak. Poliziak gogor hartu zituen manifestariak, besteren artean, negar gasarekin, eta haiek ez zieten barkatu. Hala ere, ekaineko istiluetan adinako indarkeriarik ez zen izan atzo. Ordukoan ehundik gora lagun zauritu ziren; atzo, berriz, gutxienez lau lagun zauritu zirela eta dozena bat atxilotu zituela jakinarazi zuen Poliziak.
Alferrikako ahaleginak
NDF Nazioarteko Diru Funtsak eta EB Europako Batasunak hala aginduta, azken hilabeteetan oso neurri gogorrak hartu ditu Greziako Gobernuak: dagoeneko 200.000 funtzionario kaleratu ditu, eta 2015a bitarte beste 200.000 inguru kaleratuko dituela iragarri du, horietatik 30.000 urtebeteko epean; 1.200 eurotik gorako erretiro ordainak %20 murriztu ditu, eta 55 urte bete baino lehen erretiroa hartu dutenen ordainak %40; unibertsitateei bekak ematea galarazi die; ondarearen gaineko zerga sortu du...
Erreskatearen truke agindutako murrizketa neurri horiek guztiek, ordea, ez diote herrialdeko ekonomiari arnasarik hartzen uzten, atzeraldiaren bukaerak geroz eta urrunago dirudi, langabeen kopurua etenik gabe ari da hazten —irailean %16,3— eta defizitari jarritako mugak errespetatzea ezinezkoa zaio Atenasi. Bruselari agindu zion aurten defizit publikoak ez zuela gaindituko herrialdeko barne produktu gordinaren (BPG) %7,6, baina atzo onartu zuen ezingo duela BPGaren %8,5etik behera jaitsi.
Horregatik, helburuak betetzen ez dituelako, NDFk eta EBk ez diote eman nahi iazko maiatzean hitzartutako erreskatearen seigarren zatia. Evangelos Venizelos Finantza ministroak herenegun esan zuenaren arabera, herritarrek zergak pagatzen badituzte, azaroaren erdi aldera arte pentsioak eta soldatak ordaintzeko moduan izango da Grezia; bestela, ez.
Zorraren krisia
Aurten bosgarren aldiz, erabat geldiarazi dute Grezia
Sektore publikoko hamar langiletatik bederatzik greba egin dutela jakinarazi dute sindikatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu