Ekonomia

Aurten ere atzerapenarekin helduko da bonu termikoa

Berogailua ordaintzeko laguntza maiatzean ordaintzeko asmoa dauka Nafarroako Gobernuak. Jaurlaritza energia konpainien datuen zain dago oraindik.

Erradiadore baten giltza. BERRIA
Erradiadore baten giltza. BERRIA
pettan uralde
2024ko martxoaren 28a
14:10
Entzun

Negua gupidagabea izan daiteke berokuntzako gastuak familia askorentzat zama handia diren lurralde batean. Pisu hori pixka bat arintzeko sortu zuen Espainiako Gobernuak bonu sozial termikoa, 2018. urtean, eta zehaztu zuen urteko lehen hiruhilekoaren barruan ordaindu beharko zitzaiela onuradunei, orduan egiten baita gasturik handiena berokuntzan. Baina ordainketarako erabiltzen den prozedurarengatik edo beste arrazoi batzuengatik, kontua da laguntza hori berandu iritsi ohi dela onuradunen kontuetara, eta aurten ere hori gertatuko da.

Bonu sozial termikoa bonu sozial elektrikoaren luzapena da, eta azken hori eskuratzen dutenek jasotzen dute, betiere gas naturaleko berogailua baldin badute. Baina bada alde bat: bonu elektrikoa eskatu egin behar zaie argindar konpainiei, eta agiri ugari aurkeztu behar dira jasotzaileak eskubidea duela egiaztatzeko. Bonu termikoa, berriz, automatikoki ordaintzen zaie onuradunei; are gehiago, soilik uko egiten bazaio bete behar da paper bat.

Bonu termikoa Espainiako Gobernuak sortua eta hark finantzatua bada ere, autonomia erkidegoen esku dago hura banatzea. Eta horrek desberdintasunak sortu ditu banatzeko orduan. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, iazko azaroan eta abenduan ordaindu zituen 2022. urteari zegokion laguntzak. Aurten ere motel doa prozesua. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak BERRIAri onartu dionez, oraindik ez dute konpainia elektrikoen informazioa jaso, eta horien beharra daukate onuradunei jakinarazteko zenbateko jakin bat jasotzeko eskubidea dutela.

Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 60.000 familia inguruk dute bonu termikoa jasotzeko eskubidea. Horietatik 31.000 egoera «oso zaurgarrian» daudela oroitarazi du ministerioak.

Prozesua bizkorrago doa Nafarroan, nahiz eta lurralde horretan ere ez diren betetzen dekretuak finkatutako epeak. Eskubide Sozialetako Departamenduak azken asteetan bidali ditu bonu termikoa jasoko dutela jakinarazten duten 15.000 eskutitz inguru. Departamenduak uste du maiatzean hasiko direla laguntza banatzen; hala egin zuten iaz ere.

Eskualde hotzetan, gehiago

Bonu termikoaren zenbatekoa oso aldakorra da. Laguntza urria izan zen hasierako urteetan —banatu zen lehen urtean, 2019an, 25 eta 124 euro artekoa izan zen—, baina haren kopurua asko handitu da azken urteetan, energiaren garestitzearen ondorioz. Horrela, 2022an, Ukrainako gerraren ondorioz batik bat, gasaren prezioak gora egin zuenean, 262 eta 797 euro artean banatu zituzten administrazioek. Diru gutxiago izango da aurten —2023ko laguntza da jaso beharrekoa—, gasa nabarmen merkatu baita.

Bi irizpideren menpe dago jaso beharreko kopurua. Batetik, onuradunaren egoera ekonomikoa —zaurgarrien eta oso zaurgarrien artean banatzen dira, haien errentaren arabera—, eta, bestetik, klima eskualdea. Bost zona daude, neguko batez besteko tenperaturaren arabera banatuta. Horietatik hiru dagozkio Hego Euskal Herriari: Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldea C zonan daude (hotzenetan hirugarrena); Araba osoa, Nafarroa ia osoa eta Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdea D eskualdean daude (hotzenetan bigarrena); eta Nafarroako Pirinioak E zonan daude (denetan hotzena). Zenbat eta eremu hotzagoa, orduan eta laguntza handiagoa.

67.000

Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioak argitaratutako datuen arabera, 67.000 familiak dute aurten bonu sozial termikoa jasotzeko eskubidea. Kopuruak gora egin du azken urteetan: 2022an 58.000 izan ziren, eta 2023an, berriz, 64.000.

 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.