Azken errezo bat austeritatearen hiletarako. Europako Batzordeak aurrekontu hedagarriak ahalbidetzea eskatu die euroguneko gobernuei. Lehen aldia da Bruselak halako urrats bat ofizial egiten duela. Hemeretzi herrialdeetako kontu proiektuak ikusita, ondorioztatu du ez direla nahikoa susperraldia indartzeko, eta eskatu die gastua guztira 50.000 milioi eurotan igotzeko neurriak adostea. Blokeko barne produktu gordinaren %0,5eko ahalegina da.
G20, NDF, edo EBZ azken aldian adierazitako mezuari jarraitu dio orain Europak. Agortzen ari dela banku zentralek diru politikaren bidez lor dezaketen susperraldia bultzatzeko, eta garaia dela gobernuek bultzada horren parte izateko. Horri gehitu zaio ekonomiari buruzko ezinegonak politikara egin duen jauziak, Brexit bozketaren emaitzan edo Donald Trumpen garaipenean islatu dena. «Globalizazioak huts egin diela sentitzen dute herritar askok, eta diru politikaren lehentasuna hazkundea den arren, ez dituela lanpostuak sortzen», onartu zuen Pierre Moscovici Ekonomia eta Finantza komisarioak, proposamenaren aurkezpenean.
Gomendioa martxan jartzeko, gobernuen konplizitatea beharko du Bruselak, ordea. Aurrekontu politika herrialde bakoitzaren eskumena da oraindik ere. Defizit eta zorpetze mugak betetzera derrigortuta daude, Egonkortasun eta Hazkunde Itunari jarraituz, baina ez gehiago gastatzera. Eurogunerako Ogasun eta Aurrekontu ministro baten zeregina hartu nahi izan du bere gain batzordeak, argudiatuta baduela eskumena proposatzeko blokea bere osotasunean hartuko duen norabide ekonomiko bat.
Nola lortu, ordea? Paradoxa bat du esku artean euroguneak: gastua handitzeko tarterik ez dutenak desesperatuta daude hori egiteko, eta abagunea dutenek ez dute baliatu nahi. Asimetria hori aitortuta abiatu nahi du eztabaida Bruselak. Argi utzi du defizita kontrolatzeko arazoak izan dituzten herrialdeek horretan jarraitu behar dutela. Hortaz, gastuari sakatzeko ofentsiba gidatzea dagokie kontuak onbideratu dituztenei, nagusiki Alemaniari eta Herbehereei, eta bi horiek entzungor egin diote orain arte hori egiteko eskaera guztiei.
Eztabaida Eurotaldera eta Ecofinera eramango du Europako Batzordeak. Erresistentzia gainditzeko asmoz, zenbait ohar eginak ditu. Hasteko, gobernuek Bruselara bidali dituzten proiektuak betetzen badira, norabide uzkurgarria izango dute aurrekontuek. «Kontuan hartuta susperraldiari laguntzeko beharra eta uneotan dagoen ezegonkortasuna, ez dirudi norabide egokiena», zehaztu du bere komunikazioan.
Susperraldiaren gainetik defizita jaisteko erabakiak aurrekontu uzkurgarriak eragin zituen 2011. eta 2013. urteen artean, eta azken hiru urteotan neutralak izan dira. Laburbilduz, sei urtez aurrekontu politikak ez dio lagundu ekonomiari. Egin beharreko ahaleginari buruz aukera ezberdinak azaldu ditu Bruselak. Gutxienekoa iruditzen zaio 30.000 milioi euroren pareko ahalegina egitea, baina ez zaio aski handinahitsua iruditzen. Aldiz, ahalegina 80.000 milioi eurora handitzea gehiegizkoa iruditzen zaio, iritzita arriskua badagoela herrialde batzuen ekonomia gehiegi berotzeko.
Bien tarteko proposamena defendatuko du EBk: 50.000 milioi gehitzea ekonomiari. «Pragmatikoa eta zuhurra» iruditzen zaio kopurua, eta erabili gabe dagoen produkzio ahalmena murrizten lagunduko duela azpimarratu du. Alderatzeko, Europako Banku Zentralak 1,1 bilioi euro sartuak dizkio ekonomiari herrialdeen zorpetzea erosteko programaren bidez.
Ez isunik, ez zigorrik
Heldu den urterako proposamen ekonomikoetatik aparte, herrialdeen aurrekontuei eta defizit helburuei buruzko azterketa plazaratu zuen atzo Europako Batzordeak. Aurten gehiegizko defizita izateagatik Espainiaren eta Portugalen aurka abiatu zuen prozedurari buruzko erabakia ere jakinarazi zuen. Bruselak ondorioztatu du bi herrialdeek aski egin dutela aurkitutako desorekak zuzentzeko, eta prozedura gelditu du. Horrek esan nahi du bi herrialdeei ez zaizkiela kenduko Europatik eskuratzen dituzten egiturazko funtsak. Defizita urratzeagatik isuna proposatzeari uko egin zion batzordeak joan den udan, halaber.
Bi herrialdeek badute zer egin heldu den urterako. Espainiatik aurrekontu proiektu berria aurki espero du batzordeak. Uneotan dituen datuekin, 8.000 milioi euroren desoreka zuzentzeko neurriak hartu beharko lituzke. Helburutik apur bat desbideratuko bada ere, Portugalen egoera kontrolpean ikusten du Bruselak. Azkenik, Frantziak %3tik jaitsiko du defizita datorren urtean.
Austeritatea zokoratu eta gehiago gastatzeko proposatu du Bruselak
Lehen aldiz, aurrekontu hedagarriak eskatuko dizkie euroguneko 19 herrialdeei. BPGren %0,5eko bultzada defendatu du: 50.000 milioi. Espainiari eta Portugali ez zaizkie kenduko egiturazko funtsak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu