Auto elektrikoak erosteko 7.000 euroko laguntzak izango dituzte Hegoaldean

Ibilgailu elektrikoen balioaren %15 eta %20 bitartean ordainduko die herritar eta enpresei Espainiako Gobernuak

Erredakzioa
Bilbo
2009ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Energia «berriztagarriak garraio sektorean uztartzeko» asmoa dutela esan zuen atzo Miguel Sebastian Espainiako Gobernuko Industria, Turismoa eta Merkataritza ministroak. Helburu horrekin, ibilgailu elektrikoak erosteko diru laguntzak emango dituela iragarri zuen Sebastianek. Espainiako Gobernuak zortzi milioi euro gastatuko ditu aurten Movele deritzon plana sustatzeko.

Hego Euskal Herriko herritar eta enpresa guztiek eskuratu ahal izango dute zuzeneko laguntza motor, auto, autobus edota kamioi elektrikoa erosteko. Izan ere, erositako ibilgailuaren eta haren eraginkortasun energetikoaren araberako laguntzak emango ditu Industria ministerioak gaurtik aurrera.

Gehienez ere, erositako ibilgailuaren %15etik %20raino ordainduko du Espainiako Gobernuak, 750 eurotik 20.000ra bitarte. Auto elektrikoei dagokienez, laguntzak 7.000 euro bitartekoak izan daitezkeela aurreikusi zuen Sebastianek.

Autogintzari buruz, bestalde, 2000E planak sektorea berrindartzen ari dela esan zuen Industria ministroak. Laguntzak, hasiera batean iragarri bezala, 2010eko ekainera arte indarrean izango direla berretsi eta luzatzeko asmorik ez dutela gaineratu zuen. Uztaileko salmentek, azkenik, ekainekoak gaindituko dituztela aurreratu zuen.

Gidabaimenerako laguntzak

Frantziako Gobernuak, berriz, langabeek gidabaimena eskuradezaten laguntzak emango dituela iragarri zuen asteburuan Laurent Wauquiez Enplegurako Estatu idazkariak. Lana aurkitzeko baliagarria izango dutelakoan, plan horri esker 20.000 lagunek gidabaimena lortzea espero du Gobernuak datorren urterako. Iparraldeko langabeek, hartara, mila euroko laguntza izango dute gidabaimena eskuratzeko.

Era berean, gidabaimena duten langabeek kotxe bat hiru hilabetez erabili ahal izango dute enplegua lortuz gero. Egunero hiru euro ordaindu beharko dituzte, bere kabuz eskuratzeko aukera izan arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.