Urrian ere bai. Auto berrien salmentak jaisten jarraitu du Hego Euskal Herrian. Guztira 3.602 turismo berri matrikulatu dituzte, iaz hilabete berean baino %45,6 gutxiago. Goitik beherako joera baieztatzera datoz urriko datuak:2000E planeko laguntzak bukatzeak eta balio erantsiaren zerga igotzeak eragin zuten aldaketa; udako hilabeteetan egonkortu egin zen; eta inork konponbiderik jarri ezean, hilabeteean jarraituko du horrela, goitik behera.
Aurtengoa, beraz, ez da autoak saltzeko urterik onena bezala pasatuko historiara. Lehen sei hilabeteak primerakoak izan ziren. Ekainera arte, aurreko urtean baino %25 auto gehiago saldu zituzten. Baina, ordutik irribarre gutxi egin dute Hego Euskal Herriko auto saltzaileek, ez baitute itxurazko emaitzik erdietsi. Uztailean %40 gutxiago saldu zuten, %30 gutxiago abuztuan, %45 gutxiago irailean, eta beste horrenbeste gutxiago urrian. Horrela, azken lau hilabeteetako emaitza txarrek, aurreko sei hilabeteetako emaitza onak estali dituzte. Ez estali bakarrik, baita ekainera arte irabazitako aldea galdu ere.
Uztailean, esaterako, aurreko urtean baino %40 auto gutxiago saldu ziren, baina urtarriletik uztailera arteko datuek salmentak %12 hazten ari zirela zioten. Abuztuko emaitza txarrek beste zati bat jan zioten ordura arteko egindako koltxoiari; artean, iazko emaitzen gainetik zebiltzan aurtengoak. Irailean, abantaila galdu zuten; aurtengo eta iazko lehen bederatzi hilabeteko salmentak pare-parean jarri ziren. Eta urrian, bete egin dira aurreikuspenik ilunenak: urtarriletik urrira iaz baino %5,6 auto berri gutxiago saldu dituzte Hego Euskal Herriko kontzesionarioek.
Araba ondoen
Dena dela, lau lurraldeetako egoera bera denik esaterik ez dago. Urrian bai, lau lurraldeetan erdietsi dituzte antzerako emaitxa txarrak: Nafarroan izan dute salmenta jaitsierarik txikiena, %38,5ekoa; handiena, aldiz, Gipuzkoan, %52,1ekoa. Araban iaz baino %46,5 auto gutxiago saldu dituzte, eta %45,3 gutxiago Bizkaian. Baina, urteko hamar hilabeetako salmentak kontuan hartuta, lurralde batetik bestera alde nabarmenak daude: Arabak ditu emaitza onenak, %10,6 auto gehiago salduta; eta Nafarroak txarrena, %13ko salmenta jaitsierarekin. Gipuzkoan, urrira arte, iaz baino %7 auto gutxiago saldu dituzte; eta %5,9 gutxiago Bizkaian.
Ganvan Espainiako auto saltzaileen patronaleko presidenteak, Juan Antonio Sanchez Torresek, okerrenerako prestatzekoeskatu die sektoreko enpresei. Dagoeneko 30.000tik gora lanpostu galdu eta milaka enpresa desagertu diren arren, gehiago izango direla azaldu du. «Gutxienez beste 10.000 lanpostu galdu eta milaren bat enpresa itxiko dituzte».
Ipar Euskal Herriko daturik ez dagoen arren, Frantzian ere ezin esan auto saltzaileak askoz txukunago dabiltzanik. Urrian iaz garai berean baino %18 gutxiago saldu dute.
Baina, badira etorkizunari kolore hobea hartzen dioten sektoreko enpresak. General Motors autogile estatubatuarra berriz burtsan kotizatzen hasiko da, ziurrenik azaroaren 18an eta 365 akzio merkaturatuta. Oraingoz,ordea, jauziaren inguruan ezer gutxi argitu du.
Auto salmentak %5,6 jaitsi dira urrira bitarte
General Motors azaroaren 18an hasiko da burtsan kotizatzen, 365 milioi akzio merkaturatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu