Hirugarren urtez jarraian behera egin du auto berrien matrikulazioak Hego Euskal Herrian. Ganvam auto saltegien patronalak emandako datuen arabera, amaitu berri den urtean 37.691 auto saldu dira lau lurraldeetan, iaz baino 15.300 gutxiago (-%28,9). 2007an krisia hasi zenetik erdira jaitsi da salmenta, orduko hartan ia 74.000 auto berri matrikulatu baitziren.
2010eko uztailean auto berriak erosteagatik emandako laguntza desagertu zenetik eta BEZa %18ra igo zenetik, behera eta behera egin du merkatuak. Auto saltzaileek izan dezaketen kontsolamendu bakarra da azken hilabeteotan apaldu egin dela jaitsieraren erritmoa, 2010eko bigarren erdiko datu jada kaskarrekin alderatzen direlako. Horren erakusgarri da abenduan %4 jaitsi dela merkatua, 2011 osoan baino 25 puntu portzentual gutxiago. Lurralde batzuetan salmentek ondoa jo dutela esateko zantzuak ere badaude. Esaterako, Gipuzkoan bigarren hilabetez jarraian gora egin dute matrikulazioek (%2,3), eta Bizkaian ere 2011ko abendua aurreko urtekoa baino %8,3 hobea izan da.
Bi lurralde horietan urte osoko bilakaera beste bietan baino hobea izan da: Gipuzkoan ia %18 jaitsi dira matrikulazioak, %24 Bizkaian, %32 Nafarroan eta %38 Araban.
Markei begiratuz gero, 2010etik 2011ra aldaketa nabarmenak izan dira. Autogile frantziarren gainbehera bizkortu egin da, Renaultena batez ere: ia-ia erdira jaitsi zaizkio salmentak, 5.965etik 3.106ra. Horren ondorioz, aspaldian zuen lidergoa galdu du Renaultek, Ford estatubatuarraren(3.502) eta Volkswagen alemaniarraren (3.471) menpe. Frantziako beste bi autogileak —Citroen (2.837) eta Peugeot (2.809)— podium-etik posizio bana urrundu dira, Opelen atzetik (2.952). Espainiakomerkatuko liderra, Seat, zazpigarrena baizik ez da Hego Euskal Herrian, 2.479 auto salduta. Nissanek, Audik eta Toyotak osatzen dute gehien saldutako hamarren sailkapena.
«Ahaztu beharreko urtea»
Espainian ere krisiak erdira gutxitu ditu autoen salmentak. Hego Euskal Herriko datuak barne, 808.059 ibilgailu saldu dira, 2010ean baino %17,7 gutxiago. 1993ra arte egin behar da atzera kopuru txikiagoa ikusteko —orduan 792.500 matrikulatu ziren—, baina orduan baino 7,5 milioi lagun gehiago azaltzen dira erroldan. Hemen bezala han ere, abendua ez da hilabeterik okerrena izan, merkatua %3,6 jaitsi baita.
Salmenten jaitsiera erosle partikularrei zor zaie (-%33,6). Bitik auto bat saltzen zaie herritar arruntei; duela gutxira arte, berriz, %60 ziren. Alokairu etxeek %4,3 gehiago erosi dituzte, eta %6,3 handitu dira, berriz, enpresen bitartez egindako erosketak. Hori bai, azken horretan zenbatzen dira auto saltzaileek beren emaitza txarrak ezkutatzearren egin ohi dituzten auto matrikulazioak.
Sektoreko patronalek oso balantze txarra egin dute. «2011 ahaztu beharreko urtea izan da», nabarmendu du Juan Antonio Sanchez Torresek, Ganvam auto saltzaileen erakundeko presidenteak. Haren kalkuluen arabera, krisia hasi zenetik 2.500 auto saltoki desagertu dira, eta 40.000 lanpostu desagertu dira autogintzan, horietatik 5.000 iaz. 2012an «odolustea gera dadin», Ganvamek eskatu dio Espainiako Gobernu berriari auto zaharrak bota eta berria erosteko laguntzak berriro indarrean ezarri ditzala. Neurri horrekin administrazioek dirua irabaziko luketela uste dute saltzaileek, salmenten jaitsierak zergetan 450 milioi ez biltzea ekarri duelakoan.
Frantzian ere 2011 ez da urte ona autoaren industriarentzat. 2,2 milioi auto matrikulatu dira, aurreko urtean baino %2,1 gutxiago. Laguntza publikoak desagertu ahala okerrera egin dute datuek, eta abenduan %17 jaitsi dira salmentak. 2012aren hasiera behintzat «zaila» izango dela aitortu du CCFA egileen patronalak.
Autoen matrikulazioa erdira jaitsi da Hegoaldean krisia hasi zenetik
Auto berria erosteko laguntza berriro ezartzeko eskatu du saltzaileen patronalak, jaitsiera geratzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu