Emi Sanchez. AVAko kudeatzailea

«Autonomoen ekimenez ari da sortzen orain hiru lanpostutik bi»

Autonomo egitea «irtenbide azkarrena» izan da krisi garaian betiko lanpostua galdu duten pertsona askorentzat, baina langile arruntekin parekatzeko bide luzea falta zaie oraindik.

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2016ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Uneotan 3.000 bazkide ditu AVAk, Euskal Autonomoen Elkarteak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 172.000 autonomo daude Gizarte Segurantzako erregimen berezian erroldatuta.

Enpleguaren gorakada orokor bat gertatzen hasi da. Suspertzen ari da autonomoen enplegua ere?

Bai, hala da. Hiru lanpostutik bi autonomoen ekimenari esker sortzen ari da orain. Gaur egun enplegua sortzen ari direnak dira autonomoak. Ez dakit herrialdea jakinaren gainean dagoen, baina esan beharra dago, erreala delako.

Krisiak aldatu al ditu autonomo egiten direnen ezaugarriak?

Langabezian geratu diren askorentzat, bereziki adin batetik aurrera, autonomo egitea izan da irtenbide azkarrena lan merkatura bueltatzeko. Badago 25 urte enpresa berean zeraman jendea, 45-50 urtekoa, eta oso zail zuen berriro lekua aurkitzea, besteak beste oso formakuntza espezifikoa zuelako. Irteera hori bilatu dute, beste edozein bezain balekoa. Atzerrian jaiotako autonomo kopuruak ere gorakada esanguratsua izan du.

Zein sektoretan ari dira lana bilatzen autonomoak?

Batez ere, merkataritzan, ostalaritzan eta garraioan asko ari dira izena ematen, eta, gero, hezkuntzan eta aseguruetan.

Aipatzen da autonomoak izatera behartutako pertsona asko daudela krisiarekin, zaharragoak direnak eta...

Badira ikasketak amaitu berritan pausoa ematen dutenak ere. Lan mundurako jauzia formula horren bidez emateko joera dute ikasketa batzuek. Marketin edo kazetaritza bera, freelance bidearekin. Eskaini ezin duzun esperientzia bat exijitzen dizute, eta autonomo egitea bururatzen zaieunibertsitario askori. Kotizatzeko tarifa finkoak interes hori areagotu du lizentziatura edo zikloa amaitu dutenentzat.

Asko aipatzen da enpresek, zuzenean kontratatu beharrean, autonomo faltsuak erabiltzen dituztela. Arazo hori dago? Zein neurri dauka?

Krisia hasi zenean, formula hori gehiegikeriaz erabili zen, baina, kasu sonatu batzuen ondotik, jendea horren aurka altxatu zen. Bada formula legezko bat, trade delakoa, baina ezin da erabili erregimen orokorreko langileak ordezkatzeko eta enpresak ihes egiteko Gizarte Segurantzarekin dituen eginbeharretatik. Nahiko argi dago noiz erabil daitekeen, eta horretara jo dugu. Halere, horretarako dago Lan Ikuskaritza: iruzurra ez dagoela egiaztatzeko.

Autonomo bat atetik sartzen zaizuenean, zein da lehen galdera?

Langile arrunt batek bezainbeste eskubide ditut, edo ezin naiteke parekatu? Nabaritzen dute langile arruntetik urrun daudela, eta bidegabea dela. Egia da, baina Autonomoen Estatutuak ibilbide askoz ere laburragoa du. Pixkanaka ari gara egiten gainerako langileen bidea.

Gaixoaldietan edo kontziliazioan hobekuntza batzuk egon dira, baina oraindik alde handia dago, ezta?

Gobernuan egon daitezkeen alderdiei egin dizkiegun eskaerek zerikusia dute eguneroko arazoekin. Amatasuna, bigarren aukera, tarifa finkoa eta langabezia ordainerako eskubidea. Oinarrizkoak dira, eta egia da onartu direnean oso eskala txikian egin dela. Eskatu dugunetik onartu denera alde handia dago, baina ez gaude haserre, borrokatzen segitzeko ildo bat ematen digulako. Jende asko mespretxatu duen oinarri eskas batetik abiatu gara, baina hobetzeko aukera ireki dugu.

Enpresen ohiko kexa bat izan da orain dela gutxi arte finantzaketa falta. Autonomoentzat kreditu onargarria dago?

Bankuek diote baietz; guk gutxiago nabaritu dugu, baina lehen baino hobeto gaude. Dioten baino gutxiago eskaintzen dute bankuek, baina lehen ez zituzten ildo batzuk ireki dituzte. Hemen ere Elkargik, Oinarrirekin bateratu ondoren, enpresa txikietan eta autonomoetan jarri du lehentasuna, orain arte Elkargirentzat adierazgarriak ez ziren arren. Pixkanaka irekitzen ari dira iturria. Ikusten ari dira autonomo txikiek mugitzen dutela ekonomia.

Bigarren aukerarako lege bat onartu zen, baina asko kritikatu zenuten elkartekoek. Zergatik?

Bigarren aukera ezinbestekoa da. Norbaitek ezin badu aurrera egin edo arrakastarik izan negozio batean, ez da bidezkoa bizkarrean eramatea betirako Gizarte Segurantzarekin edo ogasunarekin hartutako zorraren zama. Zor horiek kitatzea edo zatitzea beharrezkoa da. Autonomoen kasuan pertsona bera da negozioa, eta hor egoera oso zailak sortzen dira. Onartu zen legeak ez du askorik egiten arazoa konpontzeko.

Beste gatazka ohiko bat kotizazioak dira. Bat zatoz irabazitakoaren arabera kotizatzeko eskaerarekin?

Erokeria da lanbide arteko gutxieneko soldata baino gutxiago fakturatzen duen autonomo batek hilero 266 euro ordaindu behar izatea. Ikuskizunak eskaintzen dituen pertsona batekin hitz egin nuen aurrekoan. Udalak 350 euro ordaintzen dizkio emanaldi bat egiteko, baina berak ia 300 euro ordaindu behar ditu kotizazioetan. Orduan, nahiago du ez egin. Guk bost tarteko eskala proposatu dugu. Urteko gutxieneko soldataren azpitik fakturatzen dutenek ez lukete deus ordaindu beharko. Aldi baterako langileentzat ere formula zehatzak beharko dira.

EAEn ere legealdia hasiko da laster. Zer eskatzen diozu Jaurlaritzari?

Lege nagusi gehienak Espainiako Gobernuaren eskuetan daude. Hemen autonomoekin negoziazio mahaia eratzeko eskatu dugu, geuri eragiten diguten kontuei buruz eztabaidatzeko. Laguntzak, pizgarriak eta antzekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.