Ekonomia

Auzitegi Nazionalak Rodrigo Rato eta Angel Acebes auzipetu ditu Bankiaren auzian iruzur egin zutelakoan

Bankiako eta BFA jatorrizko enpresako 30 arduradun auzipetu ditu Fernando Andreu epaileak.

2012ko uztailaren 4a
20:20
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak Rodrigo Rato eta Angel Acebes PPko ministro ohiak auzipetu ditu gaur Bankiaren auzian. Ustelkeriaren aurkako agentziaren iritzia jarraituz, iruzur egin zutelakoan ikertuko ditu. Horiekin batera Jose Luis Olivas Bancajako presidente ohia eta Bankiako eta BFA jatorrizko enpresako 30 arduradun auzipetu ditu. 

Fernando Andreu epaileak onartu egin du UPD alderdiak aurkeztu zuen kereila, eta hortik etorri da inputazioa. Epaileak 33 inputatuak deklaratzera deitu ditu. Ustezko iruzurra Bankia burtsara atera zen garaian egindakoa da.

Berriki Bankiaren sorreran eta burtsaratzean deliturik egon zen ikertzen hasi da Espainiako Iruzurraren Aurkako Fiskaltza —maiatzaren 28an jaso zuen horretarako agindua—. Hainbat dokumentu eskatu dizkio finantza erakundeari nahiz Espainiako Bankuari. Diligentziak jartzeko dekretuan azaldu duenez, fiskaltzari "arraroa" egin zitzaion Bankiak 309 milioiren irabaziak izan zituela esan eta handik gutxira 2.500 milioi euro eskatzea.

Bankiak bost delitu egin dituen ikertuko du: iruzurra, bidegabeko jabetzea, kontabilitate delitua, administrazio desleiala eta dokumentuen faltsutzea. Ikerketa hasi besterik ez da egin, galdegindako dokumentuak ere ez baititu jaso.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.