Auzoak ez dezan ahantzi obretan langile bat hil zela

Omenaldia eginen diote 2022an Baionako obra batean hil zen langileari. Istripua gertatu zen lekuan obra nola kudeatzen ari diren salatu dute auzotarrek eta sindikatuek.

(ID_17096461376215) Garabi eroria Bergeret kaia 22
Garabia, eraikinaren gainera eroria, Baionan, 2022an. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko martxoaren 5a
14:12
Entzun

Mohamed Kechoui izena zuen. 2022ko martxoaren 9an zendu zen, gidatzen ari zen garabia desorekatu eta lurrera erortzean. Baionako Bergeret kaiko 22. zenbakian izan zen istripua. Garabiak ondoko eraikina jo zuen, eta bizitegi bat suntsitu. Auzotarrek kolektibo bat sortu zuten, zer gertatu zen argitu zedila eskatu eta langilearen oroimena zaintzeko. Bi urteren buruan, ikerketa judizialaren emaitzen beha daude, eta kritikak egin dituzte, istripua gertatu zen lekuan obrak nola egiten ari diren ikusita. Urtero bezala, larunbatean omenaldia eginen diote Kechouiri, LAB, CGT, FSU eta SUD sindikatuekin batera.

«Ez da ohikoa garabi bat bizitegi baten gainera erortzea», adierazi du Danielle Mesple auzotarren kolektiboko partaide eta SUD sindikatuko kideak. Orain dela bi urte, asaldura eragin zuen istripuak, baina, ordutik, obrari ekin diote berriz; ikerketa judizialak ez ditu lanak eten, eta herriko etxeak uko egin zion eraikuntza baimena bertan behera uzteari. 

Istripua gertatu eta berehala, Baionako polizia judizialak ikerketa abiatu zuen «nahi gabe eragindako heriotzagatik», eta perituak, berriz, txostena egin: Lapix eraikuntza enpresaren erantzukizuna nabarmendu zuen. Orain, ikerketa judizialak ebatzi beharko du hobenak norenak diren. Auzotarrek eta sindikatuek «zigor gogorrak» espero dituzte, baina uste dute balitekeela prozedurak luze irautea, «eta, anitzetan, auziak ez dira bururaino iristen».

Horregatik jarri dute azpimarra oroimenean: hildako langilearen familiari elkartasuna adierazteko, eta etorkizuneko auzotarrek gogoan izateko eraikin hori eraikitzeko obretan langile bat hil zela. Eraikinean oroimenezko plaka bat izatea galdegin dute behin eta berriz. «Istripuaren memoria atxiki behar dugu. Ezin da ezabatu obra honetan pertsona bat hil zela», adierazi du Pacal Gaubiac auzotarrak. «Garrantzitsua da oroitzarre egitea», Robert Dannus CGTko eraikuntza arloko kidearen hitzetan. «Horrelakoetan, erraza da ahaztea. Hemen, ez da deus egin gizon hori oroitzeko». 

Lan baldintzak, auzitan

Auzotarrek adierazi dute obrak berriz hasi direnetik behin baino gehiagotan esku hartu behar izan dutela lan eta segurtasun baldintzak errespeta zitezen. Salatu dute obrarako ezarria zuten aldamio bat ekaitzak bota zuela, eta oinezkoen segurtasuna ez zela bermatzen obraren inguruan. Ordutegiak ere auzitan jarri dituzte: «Lapix enpresarentzat lanean ari zen azpikontrata bat  06:00etan hasten zen, 22:00ak arte ari. Poliziari dei egin behar izan genion gauean lanak gelditu zitzaten».

Enpresek ezartzen dituzten segurtasun neurriak deitoratu ditu Dannusek, eta anitzek arinki hartzen dituztela erran. «Errepideko segurtasunarekin parekatzen ahal da: abiadura, gerrikoa... garai batean, askatasun handiagoa genuen; hiltzeko edo istripu larri bat izateko askatasun handiagoa». Arauetan eta langileen prestakuntzan zorrotzago jokatu behar dela erran du. Baina erronka politiko eta ekonomikoak ere aipatu dituzte, lanak fite egin nahi dituztela esplikatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.