Arrain txikia portuan da, eta harekin batera, hura jan zuen arrain handia ere bai. Eusko Jaurlaritzak, BBK-k, Kutxabanken Indar funtsak eta Tekneik osaturiko partzuergoak gaur gauzatu dute Ayesa Digitalen erosketa eta, horren bitartez, Ibermatica zenarena. Duela urtebete, Eusko Jaurlaritzak eta eragile pribatu batzuek Euskal Finantza Aliantza plana abiatu zutenetik Euskal Herrira bueltatzen den hirugarren konpainia da, Uvescorekin eta Talgorekin batera.
Operazioak 480 milioi euroko kostua du. Eta Talgoren kasuan bezala, Ayesarena ere lankidetza publiko-pribatuaren bidez gauzatu dute. Eusko Jaurlaritzak parte hartu du erosketan, 60 milioi eurorekin, eta gainerakoa erakunde pribatu hauek jarri dute: Kutxabanken Indar funtsak (110 milioi), BBK fundazioak (100 milioi), Vital fundazioak (10 milioi) eta Tekneik (10 milioi). Azken horrek bazkide industrial gisa parte hartuko du. Horrez gain, bazkideek beren gain hartuko dute enpresaren zorra: 190 milioi euro.
Erosketa gauzatzearekin batera, Iñigo Uzin izendatu dute enpresa berriko presidente ez-exekutiboa. Uzin Mondragon Korporazioko burua izan zen zortzi urtez, 2024ko abuztura arte, eta aurretik Danobateko zuzendari nagusia, besteak beste. Enpresaren egunerokoak Manu Beraza kontseilari ordezkariak gidatuko ditu. Berazak 25 urte darama Ayesa Digitalen, eta konpainiaren operazio zuzendaria izan da azken urteetan.
Operazio «estrategikoa»
Ayesari salgai zegoelako afixa jarri ziotenetik, Eusko Jaurlaritzak tinko eutsi dio haren atal digitala erosteko asmoari. Sevillako taldeak bi arlo zituen: Ayesa Digital eta Ayesa Engineering. Lehenengoa erosi du euskal partzuergoak, eta bigarrena Kanadako Colliers multinazionalak, 600 milioi euroren truke.
«Aldaketa eta teknologia berri asko datoz, eta azkar kokatu beharra dago. Testuinguru horretan, Ayesa Digitalen zeregina funtsezkoa izango da»
IÑIGO UZINAyesa Digitaleko presidente berria
Irailean abiatu zen salerosketa prozesua. Ayesa Digitalen kasuan beste hautagai batzuk azaldu baziren ere, eskaintzen arteko lehian euskal partzuergoa irten zen garaile, besteak beste Blackstone funtsari irabazita. Urtarrilaren 1ean akordioa egin zuen akzioak saltzeko prest zeudenekin —Erresuma Batuko AMCE funtsarekin—. Eta gaur itxi dute prozesua, notario aurrean.

Mikel Jauregi Industria sailburuak nabarmendu duenez, erosketak kutsu estrategiko eta sinboliko nabarmena du. Estrategikoa, industria digitalean «Europan aitzindaria» den eta «Euskadin 2.000 langile dituen» enpresa bat ekartzea lortu dutelako. Jauregik azpimarratu duenez, Ayesa Digital, urteetan pilatu duen ezagutzaren eta bitartekoen bidez, «bidelagun garrantzitsu bat» bihur daiteke bertako industrien eraldaketa digitalerako prozesuan.
Antzera mintzatu da Iñigo Uzin, konpainiaren presidente berria: «Aldaketa eta teknologia berri asko datoz, eta azkar kokatu beharra dago. Testuinguru horretan, Ayesa Digitalen zeregina funtsezkoa izango da».
Manu Beraza kontseilari ordezkariak, berriz, azpimarratu du akziodun berriek enpresari «egonkortasuna» emango diotela «hazten jarraitzeko»
Enpresa handiagoa
Ayesaren izenaren atzean Ibermatica dago. 2022. urtetik Sevillako Ayesa taldearen esku zegoen, baina haren historiak erro sakonak ditu Euskal Herrian. 1973an sortu zuten, Donostian, orduko aurrezki kutxek eta tokiko industriak sustatuta, eta informatikako zerbitzuak eskaintzeko asmoz.
Ibermatica Kutxabank taldearen kontrolpean egon zen urte luzez, baina, Europako Banku Zentralak aurrezki kutxei industria partaidetzak murrizteko eskatu zienean, entitateak irteteko prozesua hasi zuen 2012an: lehenik, partaidetzaren %4 saldu zion ONCEri. 2013an, ProA Capital funtsa sartu zen akziodun nagusi gisa, baina Kutxabankek %15i eutsi zion. Eta 2022an, Espainiako Ayesa taldeak enpresa osoa eskuratu zuen —ez zen jakinarazi zenbat ordaindu zuen—.
Orain, euskal partzuergoak 480 milioi euro ordainduko ditu. Baina Ibermatica zena baino enpresa nabarmen handiago batengatik. Izan ere, urte hauetan Ayesa Digitalek enpresa batzuk erosi ditu, eta handitu egin da hala negozioari nola zerbitzuei dagokienez. Iaz 569 milioi euroren salmentak egin zituen, eta 2022tik, hau da, Ayesak erosi zuenetik, fakturazioa hiru halakotu du.
Euskal Herritik kanpo, Espainian, Erresuma Batuan, AEBetan, Mexikon, Kolonbian, Perun eta Txilen du negozioa Ayesak. 11.000 langile ditu guztira, eta 2.000 inguru Hego Euskal Herrian.
ZALANTZAK ETA IKA-MIKAK
Salerosketa operazioa iragarri bezala gauzatu den arren, bidea ez da samurra izan. Zalantza batzuk sortu ziren, bereziki Kutxa fundazioak operazioan parte ez hartzea erabaki zuenean. Hala egingo zuela uste baitzen, Ibermatica zenaren egoitza Gipuzkoan zegoelako.
Kutxaren patronatuan EAJk eta Elkarrekin Podemosek izendatutako kideek aurka bozkatu zuten, eta EH Bildukoek eta PSE-EEkoek alde. Lehenengoek Kutxako teknikariek egindako txosten batean oinarritu zuten beren erabakia.
Zabaldu zutenez, arrisku handiko operazioa litzateke Ayesarena, irabaziak lortzeko baldintza zorrotzak bete beharko direlako, sektorean lehia handia dagoelako eta Ayesak ez duelako eredu berezirik horretan aritzeko. Gainera, ohartarazi zuten azken urteetan beste enpresa batzuk erosi dituela eta horrek arriskuak ekar ditzakeela. Halaber, zalantza batzuk agertu zituzten Teknei partzuergoaren bazkide industrialari buruz, Ayesaren tamainako enpresak kudeatzeko esperientzia handirik ez duelakoan.
Dena den, Kutxa fundazioaren erabakia bat dator euskal partzuergoak aurretik egin dituen beste bi operazioetan agertu duen jarrerarekin, ez baitu parte hartu Talgoren eta Uvescoren erosketetan. Talgorenean BBK eta Vitalen fundazioek parte hartu zuten, baina Uvescorenean ez.
Hala ere, Kutxa fundazioaren erabaki horrek ika-mika politikoa eragin zuen, EAJren barruan eta baita EAJren eta PSE-EEren artean ere, Gipuzkoako Foru Aldundian bereziki. Eta tentsio hori are gehiago handitu zen egoitzaren inguruko eztabaidarekin.
Enpresa erosteko diruaren zati bat BBK-k jarriko duenez, egoitza Bizkaira eramatearen aldeko iritzia hauspotu zuten hainbatek, harik eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek egoitza nagusia Donostian geratuko zela argitu zuen arte, Eusko Legebiltzarrean.