Ayra Cardanek 51 langile kaleratuko ditu, dosierrari uko egin eta hiru hilabetera

Hiru langiletik bat kaleratuko du ibilgailuentzako transmisioak egiten dituen enpresak

jakes goikoetxea
Donostia
2009ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak onartu egin du Spycer Ayra Cardanek enplegua erregulatzeko aurkeztutako dosierra. Ondorioz, enpresak 174 langileetatik 51 kaleratuko ditu. Spycer Ayra Cardanek martxoan aurkeztu zuen 176 langileetatik 54 kaleratzeko erregulazio dosierra, baina urrian bertan behera utzi zuen. Hilabete geroago, ordea, berriro aurkeztu zuen, sindikatuen babesik gabe, eta Eusko Jaurlaritzak onartu egin du.

Spycer Ayra Cardan Itziarren dago (Deba, Gipuzkoa). Autoentzako transmisioak egiten ditu 4x4 autoentzat eta ibilgailu erdiastunentzat. Ameriketako Estatu Batuetako Dana multinazionalaren barruko enpresa da.

Urrian uko egin zion martxoan aurkeztutako dosierra aplikatzeari. Enpresak ez zuen esan zergatik. CCOOren iritziz, sindikatuen egindako presioengatik izan zen, eta enpresaren diru kontuak ez zirelako dosierra onartzeko bezain txarrak. CCOOk onartu du gaur egun enpresaren diru kontuak orduan baino okerragoak direla.

Sindikatua haserre dago, enpresak ez baititu aintzat hartu sindikatuak proposatutako aldaketak lanpostuei eusteko. CCOOk nahi zuen enpresak konpromisoa har zezala kaleratutako 51 langileak hiru urte barru berriro kontratatzeko; enpresak, baina, 27 hartuko ditu.

Arazoak Troquenorren

Sondikako Troquenor enpresan (Bizkaia) enplegua erregulatzeko hirugarren dosierra dago indarrean, eta Eusko Jaurlaritza laugarrena onartzear dago, 2010. urte osorako, enpresa batzordearen esanetan. Langileek greba hasiko dute datorren astelehenean, eta salatu dute enpresak, ordainetan, lana eta txapak eraman dituela beste lantegi batzuetara, Ertzaintzak babestuta. Atzo bertan, trokelak eta txapak kamioietan kargatu eta eraman egin zituzten.

Troquenorrek 171 langile ditu. Neurri handiko estanpak egiten ditu. Abenduan Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du 13,2 milioi euroko bermea eman diela Batz, Matrici eta Troquenor enpresei, Jaguar&Lan Roverrentzako eskari handi bati aurre egin ahal izateko.

Bestalde, Barakaldoko (Bizkaia) Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenamenduko langileak Dornier enpresako arduradunekin bilduko dira gaur, sei hilabetean lehen aldiz, lan hitzarmena negoziatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.