1990eko Golko Gerraren garaietara atzera egin beharra dago petrolio merkatuetan halako prezio garestiak ikusteko. Berez oso aldakorrak diren merkatuak urduri daude gaur egun. Burtsaraino iritsi da kezka, inbertsiogileek antzematen baitute petrolio garestiak mundu osoan ekonomiaren hazkundea geldo dezakeela. Herrialde ekoizleek estu hartu dute Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea. Apirilaren 1ean eguneko milioi bat upel gutxiago ekoiztea erabaki zuen cartel-ak, dolar merkeak eragiten dizkion galerak argudiatuta. Uneotan, egunero 23,5 milioi upel ekoizten dituzte LPEE osatzen duten 11 herrialdeek ofizialki. Haatik, Purnomo Yusgiantoro LPEEko presidenteak iragarri du kuota ofiziala baino 1,5 milioi upel gehiago ekoizten dituztela.«Oraingoan, LPEE ez da igoeraren erantzule bakarra», dio Irene Himona Morgan Stanleyko adituak. Ekialde Hurbilean tentsioa handituko den beldur dira merkatuak. Larunbatean Saudi Arabian, Janbun, findegi baten aurkako erasoak eragin du aste hasierako gorakada handia. «Ekialde Hurbileko biolentziak, bereziki petrolio azpiegituren aurkakoak, prezioak igoarazi ditu erreserbak etengo diren beldur baitira merkatuak», arrazoitu du Josh Sadler, Societe Generaleko energia adituak.«Beste arazo bat dago. Erregaiaren prezioak goia jo du. Uda iristear, AEBek petrolioa fintzeko ahalmenari buruzko kezkak islatzen ditu», azpimarratu du Marshall Steeves adituak. Opor garaian kontsumitzen da erregai gehien Estatu Batuetan eta uneotan prezioek goia jo dute.Baina zenbateko eragina izango du ekonomian? Herenegun International Herald Tribuneegunkariak «petrolio krisia» azpimarratu zuen lerroburuan. Jom Kippur (1973) edo Iran eta Iraken (1982) arteko gerrek ekonomian izan zuten adinako ondorioez hitz egiteko, upelaren garestitzea «esanguratsua eta bestetik, denboran zehar iraunkorra» izan behar duela uste du Frederick Lesserre adituak. IEA Nazioarteko Energia Agentziak astelehenean kaleratutako txosten baten arabera, upela 25 dolarretik 35 dolarrera igotzeagatik 255.000 milioi euro gutxiago ekoizten ditu munduko ekonomiak eta ondorioz %0,5 gutxiago haziko da.«2001eko prezioak mantendu izan balira, munduko hazkunde ekonomikoa puntu erdi handiagoa izan zitekeen», ondorioztatu zuen. Era berean elkarteak iritzi zion petrolioaren garestitzeak 2000 eta 2001. urteetako motelaldian eragin zuela. IEAren arabera, epe luzera prezio garestiek bere horretan jarraituz gero, LPEEko herrialdeen diru sarrerak ez dira neurri berean igoko. Nazioarteko Energia Agentziak aurreikusten du LPEEk ekoizpena murrizten jarraitzen badu, 2001 eta 2030 urteak bitartean 400.000 milioi dolar gutxiago inbertituko direla Ekialde Hurbilean.
Gasolina 2,6 zentimo garestitu da batez beste
Petrolio upel garestiak banku zentraletako agintarien kezka iturri handienetako bat bilakatu da, kontsumo prezioak igoaraz ditzakeelako. Erregaien salneurria ikusi besterik ez dago: Hego Euskal Herrian azken hiru astetan, gasolioa 2,2 zentimo garestitu da batez beste; 95 oktanoko gasolina eta superra, berriz, 2,6 zentimo. Azken bi erregai motak urtea hasi zenetik 8 zentimo inguru garestitu dira, bestetik.
Azkenik, EBZ Europako Banku Zentrala, Helsinkin (Finlandia) bilduko da gaur, baina adituek ia erabat baztertzen dute Euroguneko interes tasak jaitsiko dituenik. Tricheten azken adierazpenek diruaren prezioa %2an utziko duela aurreratzen dute.
-
NDF
Petrolioaren igoeragatik kezka du Ratok
Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari kudeatzaile gisa lehen hitzak esan zituen atzo Madrilen Rodrigo Ratok. Datozen bost urteetan mahai gainean izango dituen apustuez eta egoera ekonomikoaz mintzatu zen. NDFko buruak aipatu zuen munduko ekonomia sendo hazten ari dela, baina petrolio upelak hazkundeari eragin diezaiokela gaineratu zuen. Ratoren arabera, NDFk aurreikuspen ekonomikoak egiterakoan batez beste 30 dolarreko petrolio upela izan du kontuan, baina upela bost dolar garestiago izanez gero, munduko ekonomia %0,3 motelago haziko dela aurreikusi du. Japonia eta AEBetako hazkundea «sendoa eta iraunkorra» dela adierazi zuen, eta Europa «bide onetik» doala erantsi. Diru politikari buruz azaldu zuen etorkizunean ezin dela interes tasen mugimendurik baztertu, baina horiek ez direla «gehiegizkoak» izango. Bestetik, NDFk munduaren finantza egonkortasunari eta mundutik pobrezia kentzeko lana egiten duela esan zuen. Bere iritziz, finantzen eta makroekonomiaren oreka «funtsezkoak» dira pobreziarekin amaitzeko. Argentinaren zorra ere izan zuen hizpide. Herrialdearen eta hartzekodunen arteko gaia dela aipatu zuen, baina arazoa «arreta handiz» jarraituko duela gaineratu zuen, NDFk eragin «handia» duelako Argentinaren sinesgarritasuna agertu eta atzerriko inbertsiogileak erakartzeko. Azkenik, Jose Maria Aznar, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Pedro Solbesi esker ona agertu zien.