Europako Batasunaren eta Mercosurren arteko akordio komertzialaren aurka mobilizatzen ari dira gaur Europako hainbat herrialdetako laborariak. Bihar bozkatuko dute EBko estatu kideek, eta, aurreikuspenen arabera, aurrera egingo du, Italiako Gobernuak begi onez hartu baitu asteartean Europako Batzordeak eginiko azken eskaintza. Hori horrela, Frantzia, Irlanda, Polonia eta Hungariaren ezezkoa ez litzateke aski izango.
Protestara deitu duten laborari elkarteen arabera, itun horrek izugarri handituko ditu Hego Amerikako herrialdeetako elikagaien inportazioak, bereziki haragiarenak, arrozarenak eta sojarenak. Salatu dutenez, akordioak Mercosurreko herrialdeetako ekoizleei ezartzen dizkien baldintza fitosanitarioak Europakoei jarritakoak baino askoz ere permisiboagoak dira, eta horrek eragina izango du produktu horien prezioetan eta kontsumitzaileen osasunean.
Mobilizazioak asteazken arratsaldean hasi ziren, batez ere Frantzian. FNSEA herrialdeko laborantza sindikatu nagusiak eta CR Coordination Rurale elkarteak deituta, hainbat autobide blokeatu zituzten, eta gaur goizean ehun bat traktore sartu dira Parisen. Tentsio handiko uneak izan dira, bereziki Asanblea Nazionalaren aurrean eginiko elkarretaratzean.
Frantziako Gobernuko bozeramaile Maud Bregeonek gaitzetsi egin ditu protesta horiek, eta «legez kanpokotzat» jo. Annie Genevard Laborantza ministroak, berriz, «lasaitasunerako» mezua bidali du. Sektorearen aldarrikapenak «zilegiak» direla adierazi du, eta partida ez dela amaitu. «Elkarrizketak aurrera jarraitzen du. Aste honetan aurrerapen esanguratsuak lortu dira Europan».
Iruñean eta Gasteizen
Beste herrialde batzuetan ere izan dira protestak: Alemanian, Belgikan eta Espainian, besteak beste. Euskal Herrian, mobilizazioak egin dituzte Iruñean eta Gasteizen. Nafarroako hiriburuan 100 bat traktore sartu dira, eta Arabakoan, 50 inguru. Espainiako UNASPI Lehen Sektoreko Elkarte Independenteen Batasun Nazionalak deitu du protestara, eta harekin bat egin dute Nafarroako Semilla y Belarra erakundeak eta Trebiñu eta Araba Landaren Alde (Ataca) elkarteak. Hego Euskal Herriko nekazarien erakunde nagusiek ez dute bat egin. Raul Beitia Atacako presidenteak «penagarritzat» jo du haien jarrera, bereziki Arabako UAGArena.

«Landa eremuaren iraupena dago jokoan, eta mehatxu zuzena da Europako elikadura subiranotasunerako»
RAUL BEITIAAtacako bozeramailea
Beitiak gogor salatu du EBren eta Mercosurren arteko akordioa. Haren ustez, «landa eremuaren iraupenerako eta Europako elikadura subiranotasunerako mehatxu zuzena da». «Europako Batasuna baino lau aldiz handiagoa den nekazaritza bloke bati irekiko dizkio Europako merkatuaren ateak. Soldata, zerga, ingurumen, lan eta osasun eskakizun askoz txikiagoak dituen bloke bati, eta guk ditugun ekoizpen estandarrak bete bete behar ez dituen bati». Ohartarazi du horren ondorioz haragi inportazioak %30 eta %60 artean handituko direla.
«Akordioan 'ispilu klausulak' deiturikoak sartuko balira, nola edo hala lehiatu ahal izango ginateke haiekin»
ALBERTO ALETXASemilla y Belarrako bozeramailea
Iruñean, Semilla y Belarrako Alberto Aletxak nabarmendu du ezinbestekoa izan beharko lukeela denek «baldintza berberekin lehiatzeko» aukera izateak. «Ondo iruditzen zait klenbuterola edo hazteko hormonak debekatzea hemen. Baina Brasilen ez da hala. Eta ezin dira ingurumen araudi eta baldintza fitosanitario ezberdinak izan. Akordioan ispilu klausulak deiturikoak sartuko balira, nola edo hala lehiatu ahal izango ginateke haiekin».
Parlamentuaren atea zabalik
Duela 20 urte sinatu zen EBren eta Mercosurren arteko akordio politikoa, baina linboan egon da aldi luze batez, EBko kideek ez zutelako berresten. Ursula von der Leyenen taldeak berriro ekin zion gaiari, eta 2024ko abenduan ituna itxi zuen Mercosur osatzen duten lau herrialdeekin —Brasil, Argentina, Uruguai eta Paraguai—. Baina testuak ez zituen EBko herrialde asko gogobete, eta azken urtean Brusela zenbait gai fintzen aritu da, zalantzatien babesa bermatzeko.
Hain zuzen ere, EBko estatu kideek bihar bozkatuko dute hilabete luzez negoziatzen aritu diren merkataritza marko berria. Frantziak, Irlandak, Poloniak eta Hungariak ezezko botoa iragarri dute, baina gutxienez beste herrialde baten — EBko biztanleriaren %35en— babesa behar da atzera egiteko.
Biharko bozketan Italiak izango du giltza, baina Giorgia Meloniren gobernuaren babesa gero eta gertuago dauka Bruselak, Europako Batzordearen azken proposamenaren ondoren: haren arabera, 2028-2034ko aldiko Nekazaritza Politika Bateratuan laborarientzako diru laguntzak handitu eta aurreratuko lirateke. Guztira 45.000 milioi euro izango lirateke; hasieran 2032an banatzekoak ziren, hurrengo berrikuspena egitearekin batera, baina Batzordeak aukera ireki du 2028an banatzeko. Melonik ontzat jo du azken eskaintza, baina herrialdean bertan akordioaren kontrako ahots ugari ditu.
Joan den hilean, nekazariak Bruselako kaleetan protestan ari zirela, Melonik berak esku hartu zuen akordioa sinatzeko eguna hilabete batez atzeratzeko. Brasilgo presidente Luiz Inacio da Silva Lula-k ohartarazi zuen gehiago atzeratuz gero gero akordioa bertan behera geratuko zela, baina Melonik harekin hitz egin zuen, eta ordu gutxiren buruan iritsi zen sinadura atzeratuko zela zioten albistea.

Printzipioz, akordioak ostiralean behar adinako babesa lortzen badu eta astelehenean sinatzen badute —Paraguain—, behin-behinean indarrean sartuko da. Baina aukera badago Europako Batzordeak Europako Parlamentuaren onespenari itxaroteko, eta horrek beste hilabete batzuk atzeratuko luke prozesua. Ate hori zabaldu nahi du Frantziako Gobernuak.
«Eurodiputatuek erantzukizun handia izango dute; ezin da ziurtzat jo Europako Parlamentuan gehiengorik egongo denik», adierazi du Bregeon bozeramaileak. «Akordio hau oraindik ez da onargarria. Baina istorioa ez da hor amaituko, beste urrats batzuk ere egin daitezke eta».
Bregeonek adierazi du «konfiantza» duela Europako Parlamentuarengan, eta gogorarazi du bi bide dituela akordioa atzera botatzeko: bozketan ezezkoak irabaztea edo Europako Batasuneko Justizia Auzitegira jotzea.
Nabarmendu du Frantziako Gobernuak akordioan babes klausula batzuk txertatzea lortu duela, inportazioak mugatzeko, eta lanean ari dela ispilu klausulak ere sartzeko, bereziki Mercosurreko ekoizleek EBkoen arau fitosanitario berberak bete ditzaten.
Hungariako eta Irlandako gobernuek, berriz, gaur berretsi dute akordioaren aurka bozkatuko duela.
Abenduan, Europako Batasunak ez zuen barnean behar besteko babesik lortu, eta erabakia urtarrilera arte atzeratu zuten.