Nekazaritza

Azken hogei urteotako zereal uztarik txarrena jaso dute Nafarroan

Euri eskasak hegoaldeko lurren ekoizpena amildu du. Uzta hobea izan da gero eta iparralderago. Ekilore gero eta gehiago landatzen dira

Lehorteak jotko garagar soro bat, apirilean, Cascanten. OLATZ ARTOLA
Iker Aranburu.
2023ko abuztuaren 2a
17:00
Entzun

Lehorteak zerealen uztari egin dion kalteari zenbaki bat jarri diote Nafarroan: -%7. Intia nekazaritza arloko sozietate publikoaren arabera, maila horretan gutxitu da zerealen uzta Nafarroan. Ez dirudi jaitsiera handia, baina iaz, euri faltaren ondorioz orduan ere, dagoeneko %15 jaitsi zen bildutakoa, eta, ordukoari aurtengoa gehituz, ondorioa kezkagarria da: aurtengo uzta azken hogei urteotako eskasena izan da.

Erriberrin egindako jardunaldi batean, Nafarroako kooperatiben %85en emaitzak jaso ondoren, Intiak kalkulatu du aurten 630.000 tona zereal jaso dituztela. Iaz, berriz, 678.000 tona izan ziren. Aurtengoa azken hamar urteotako batezbestekotik %21 beherago dago, eta, Intia datuak biltzen hasi zenetik, duela 32 urte, lau besterik ez dira okerragoak izan.

Baina, 2022koarekin alderatuta, bada desberdintasun handi bat: iaz hobeto eutsi zioten ekoizpenari Erriberan, eta okerrago, berriz, handik iparraldera doazen eskualdeetan. Aurten, berriz, doi-doi kontrakoa gertatu da, eta gero eta iparralderago jo, orduan eta uzta hobeagoa izan dute.

Erriberari eragin dio batez ere neguko eta udaberri hasierako euri faltak. Ureztatzen ez diren lur batzuetan ez dute uzta bildu ere egin, txikiegia zelako, eta beste batzuetan hektareako ehun kilo baizik ez dira bildu.

Huskeria bat da, kontuan hartuta zenbat jaso duten Iruñerriko ipar mendebaldean: 5.000 kilo hektareako. Eremu horretan «errendimendu handia» izan du lurrak, batez besteko tenperaturak ez baitira hain beroak izan, eta udaberrian euria egin baitu. Intiak, ordea, nabarmendu du ekaineko ekaitz ugarietan izandako txingorrak kalteak eragin dituela lursail batzuetan.

Nafarroa erdialdean, berriz, «balantze negatiboa» egin du Intiak, hektareako bildutako 3.400 kiloak batezbestekotik behera egon dira eta.

Ilarretarako eremua hirukoiztu egin da

Hirugarren urtez jarraian, Nafarroako nekazariek gari gehiago landatu dute garagarra baino. Baina gehien hazi den laborea ilarrarena da, Intiak azaldu duenez, NPB Nekazaritza Politika Bateratuak horretako laguntzak eman baititu. Ilarrari eskainitako hektareak lehen halako hiru dira, 2.800 hektareatik 9.000 hektareara igaro baitira.

Koltzarako lurrak pixka bat gutxitu dira, eta pixka bat handitu, berriz, ekilore landaketak. Azken hori 2022an ere gehiago landatu zuten nekazariek, Ukrainako gerrak eragin baitu produktu horren eskasia eta garestitzea, Ukraina haren esportatzaile garrantzitsuena baita.

Orotara, igoera txiki bat (+%2,3) izan da zerealetara bideratutako lursailen hedaduran: 193.368 hektarea izan dira, Nafarroan landatutako %55 inguru.

Euri eskasiak, ordea, izan du ondorio on bat: hezetasunak ekarri ohi dituen gaixotasunak ez dira agertu, eta zerealek, oro har, osasun ona izan dute.

Araban ere pattal

Araban ere laboreetako lurren zati esanguratsu bat betetzen du zerealak, baina oraindik ez dute uztaren balantzea egin. Udaberri hasieran ohartarazi zuten asko txikituko zirela, baina, maiatzeko eta ekaineko eurien ondorioz, datuak uste baino hobeagoak izango zirela onartu zuten nekazarien ordezkariek lehorteari buruzko mahaiaren bileran.

Egoera askoz okerragoa izan da Espainian, han euri falta oso nabaria izan baita zerealak landatzen diren eskualdeetan, eta bereziki hegoaldekoetan. Ekainean, %45eko galera izan zitekeela iragarri zuten.
Iazkoa baino uzta hobea izan du, berriz, EBko ekoizle handienak, Frantziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.