Arrantza

Azken urteetako antxoa kopururik handiena dago Bizkaiko golkoan

Juvena 2014 kanpaina zientifikoaren emaitzak jakinarazi ditu Eusko Jaurlaritzak. Horien arabera, irailean 724.000 tona inguru antxoa gazte zeuden, urteroko batez bestekoa baino lau aldiz gehiago.

Arrantzaleak antxoa lehorreratzen, Ondarroako portuan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
2014ko azaroaren 27a
12:17
Entzun

Azken urteetako antxoa kopururik handiena dago Bizkaiko golkoko uretan. Hala adierazi dute Juvena 2014 kanpainako emaitzek: irailean, 724.000 tona inguru antxoa gazte zeuden. Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi ditu datuak, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Bittor Oroz sailburuak positibotzat jo ditu, "antxoa gaztea gure kostaldean osasuntsu dagoela" berresten dutelako. Horrek "euskal arrantzaleei antxoa modu jasangarrian arrantzatzen jarraitzeko aukera" ematen diela gaineratu du Orozek.

2003tik egiten da ikerketa euskal kostalde pareko uretan, eta ordutik inoiz antzemandako biomasa zabalena neurtu du aurtengo kanpainak. Are gehiago, aurtengo datuak batez bestekoa baino lau aldiz handiagoak dira Rogelio Pozo Azti zentroko zuzendari kudeatzailearen arabera —itsasoaren eta elikaduraren ikerketan aditua da zentro hori—. Haren hitzetan, datuek iragartzen dute "neguan aurreko urteetan izandako iraupen tasaren antzekoa izanez gero aukera oso handia dagoela 2015ean antxoa helduen stockak ICES Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluak ezarritako gehienezko biomasa (21.000 tona) gainditzeko”.

Juvena 2014 kanpainaren helburua antxoa gazteen ugaritasuna eta espazioan duten banaketa zehaztea, egoera aztertzea eta haien iraupenari eragiten dieten ingurumen faktoreak aztertzea izan da. Horren ondorioz, hurrengo urtean helduarora iritsiko diren antxoen biomasa-kantitatea aurreikus daiteke. Aztik egin du azterketa hori, IEP Espainiako Ozeanografia Institutuarekin lankidetzan. Kanpaina bi fasetan bereizi da: hasierakoa, antxoa gaztearen ugaritasunaren ebaluazioa; eta bestea, portaeraren eta ekologiaren azterketa. Ikerketari esker, harrapa daitekeen antxoa kopuruari lotutako arriskuen gaineko gomendioak egin dakizkieke arrantza alorreko agintariei.

2014ko kanpainan, 12.610.729 kilo antxoa lehorreratu ziren euskal portuetan; lonjan, 22.200.735 euroko balioa izan zuten, eta batez besteko prezioa kiloko 1,76 euro izan zen.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.