Azken urteotako aurreikuspenik baikorrenak egin ditu Adegik

Gipuzkoako ekonomia %2,3 haztea eta 6.000 lanpostu artean sortzea aurreikusten du patronalak.Adierazi du ia ez dagoela lan gatazkarik, «enpresa kudeatzeko modua aldatzen ari delako»

Pello Gibelalde Adegiko presidentea, Jose Miguel Aiertza idazkari nagusia eta Patxi Sasigain berrikuntza zuzendaria. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Miren Garate.
Donostia
2015eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Balorazioen eta iragarpenen sasoia izaten da urte hasiera enpresetan, aurrekoa nola joan den eta berria nola datorren aztertzekoa. Adegik ere galdetu die Gipuzkoako enpresei zer aurreikuspen dituzten 2015erako. Erantzunak bi hitzetan laburbildu ditu Pello Gibelalde presidenteak: «neurriko baikortasuna» ikusten du enpresen artean. Bi datu nabarmentzen dira txostenean: batetik, 5.000 eta 6.000 lanpostu artean sortzea aurreikusten dute, iaz halako bi; bestetik, Gipuzkoako barne produktu gordinaren hazkunde aurreikuspena %2,3ra igo da. Gipuzkoako Bazkundeak, joan den astean, %2ko gorakada iragarri zuen herrialderako, eta buelta horretan ibili dira gainerako erakundeen orain arteko aurreikuspenak.

Adegiko ordezkarien esanetan, hainbat faktorek sostengatzen dute baikortasun hori: krisi aurreko mailara iritsi da enpresen konfiantza maila, eta %72k diote merkatuaren gaur egungo egoera ohikoa edo susperraldikoa dela; eskaerek %3,2ko gorakada izan dute, eta%84k eutsi edo gehitu egin dute orain arteko maila; salmentak ere %3 ugaritu dira aurreko hiruhilekoarekiko; eta lantegiak euren gaitasunaren %81,5ean ari dira lanean, 2008ko irailetik ez bezala.

«2015ean jarduera ekonomikoa garatuko den ingurune ekonomikoa oso ona da, eta nazioarteko eskari sendoa lagun izango bagenu, primerakoa», adierazi du Jose Miguel Aiertza idazkari nagusiak. Euroaren balio galera bizkorrak, ia hutsean dauden interes tasek eta petrolio merkeak Euskadiren esportazio kuota handitzea ekarri behar luketela dio; eta igoera horrek, bidenabar, barne eskaera handitzea. Hain zuzen, barne eskaera «berriro indarrez hazteko» hainbat arrazoi ikusten ditu patronalak: enplegua sortu izana, eta inflazioa negatiboan egonik, soldata igoerak inflazioa baino handiagoak izana aipatu ditu. Kanpo eskaeren 0,5eko ekarpenari eta barne eskaeran 1,8koari esker izango da BPGaren gorakada %2,3.

Espainia, kezka iturri

Alabaina, hasi berri den susperraldiaren testuingurua ere kontuan hartu behar dela dio Adegik. «Sei urtean 2.000 enpresa eta 30.000 enplegu galdu ditugu, eta industria ekoizpenak 30 puntu egin du behera. Abiapuntua hori da. Ezin dugu benetako susperraldiaz hitz egin 2008ko enplegu maila lortu arte».

Espainiako merkatuaren ahultasuna da oraindik enpresen kezka nagusia, eta, haren atzetik, «lan kostu handiak». Hamar enpresatik bakarra arduratzen du giro sindikalak. Aiertzaren esanetan, ia ez dago gatazkarik Gipuzkoako enpresetan, ixtear dauden batzuetan izan ezik. «Enpresa kudeatzeko modua ere ari da aldatzen, bai zuzendaritzen aldetik, bai langileek enpresa proiektuarekiko gero eta konpromiso handiagoa dutelako». Egoera hobeak soldatetan eraginik izango duen galdetuta, «aholku orokorrik» ezin dela egin dio patronalak. «Enpresa bakoitzak ikusi behar du zer egin bere emaitzak kontuan hartuta».

Baikortasuna bai, baina «tentuz eta eszeptizismo handiarekin» jokatzeko eskatu du patronalak, ez dagoelako argi 2015etik haratago norainokoa izango den hazkundearen sendotasuna eta iraunkortasuna. «Ez dugu ahaztu behar gero eta handiagoa dela ziurgabetasuna; batetik, geopolitikak sortzen dituen zalantzengatik; eta, bestetik, globalizazioaren ondorioz merkatuek izango duten bilakaeragatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.