Azken urteotako hegaluze arrantzaldirik onena izan dute arrantzaleek

6,477 tona arrantzatu dituzte, eta, lonjan prezio egokiak pagatu dizkietenez, pozik azaldu da Jaurlaritza

Erredakzioa
Donostia
2012ko azaroaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azken bost urteotako hegalabur eta hegaluze kanpainarik oparoena amaitu dute Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek. «Esan besterik ez dugu 2008ko kanpaina hobetu eta 2007an arrantzatu ziren 7.500 tona arrainetik oso gertu gelditu dela», esan zuen atzoJokin Diaz Jaurlaritzako Arrantza sailburuordeak.

Arrantzaleek porturatutako 6.477 tona hegaluzeek 22,5 milioi euroko balioa hartu dute lonjetan, batez beste 3,47 euro pagatu dietelako kiloa. Aldiz, 134.388 kilo hegalabur porturatu dituzte eta lonjan, batez beste, kiloko 7,33 euro ordaindu diete. Guztira, ia milioi bat euro. «Hegaluzea Bizkaiko Golkora sartu da, eta, beraz, ontziak bidaia motzagoak egin behar izan dituzte; gasolioan eta denboran kostua gutxitu du horrek», azaldu zuen Diazek.

Diru gehiago arrantzatu gabe

Bestalde, arrantzaleek euren hegalaburraren kuotaren %70 saldu diote aurten —320 tona— Murtziako (Espainia) Ricardo Fuentes e Hijos multinazionalari. Kiloko 10,25 euro ordaindu dizkie arrantzaleei. Alegia, arrantzaleek kiloko hiru euro gehiago lortu dituzte arrantzatu gabe, arrantza eginda baino. Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleen ordezkarien esanetan, kuotaren %70 saltzea salbuespena izan da. Saldu Bizkaiko Golkoko kuotaren zatia saldu dute, baina Ricardo Fuentes e Hijos enpresak Mediterraneoan arrantzatu du hegalaburra. Hegalabur horiek kaioletan gizendu eta Japonian saltzen ditu, kiloa 30-40 euroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.