Ostegunean, Jean Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidenteak diruaren prezioa %3,25ean utzi zuenerako, Euriborraren eguneko datua emana zegoen. Beraz, atzo, ikusteko zegoen haren erreakzioa. Ez zen ezustekorik izan. Hogeita batgarren egunez jarraian, behera egin zuen. Hori bai, aurreko egunetan baino dezente gehiago jaitsi zen: %0,105 hain zuzen. Azken urteotan inoiz ez zuen hainbesteko beherakadarik izan egun bakar batean.
Egun guztien batez bestekoa eginda kalkulatzen da hilabeteko Euriborra. Oraindik astebete bakarrik pasatu bada ere, joerari eutsiz gero, posible da hipoteka azaroko indizearekin berritu behar dutenek iaz baino gutxiago ordaindu behar izatea aurrerantzean. Oraingoz, %4,743an dago Euriborra; iaz, epe berean, %4,607an zegoen.
Eta itxura guztien arabera, beherantz jarraituko du indizeak datozen asteetan ere. Interes tasak jaisteaz gain, aurrerantzean ere gehiago jaitsiko dituela iragarri zuen Trichetek herenegun. AEBetako Erreserba Federalak, Ingalaterrako Banku Zentralak eta Suitzakoak ere diruaren prezioa merkatu izanak lagunduko du horretan.
Dena den, Trichetek aitortu duinteres tasen jaitsiera ez dela ari islatzen bankuek elkarri dirua uzteagatik kobratzen dizkieten interesetan.Hori dela eta elkarrekiko konfiantza izateko eskatu die.
Era berean, EBZk egindako txosten baten arabera, finantza erakundeek ez dute konfiantza handirik enpresekin. Maileguak emateko gero eta baldintza gogorrak jartzen dizkietela, eta urtea amaitu artean are gehiago gogortuko dituztela baldintzak zehazten du txostenak. Batez ere fusioren bat gauzatu edota beste konpainiaren bat erosi nahi duten enpresekin jokatzen dute zorrotzago. Inbertsioetarako diru eske joaten zaizkien enpresekin malguagoak izaten dira finantza erakundeak.
Etxebizitzak erosteko edo beste zerbaitetarako maileguak eskatzen dituzten herritarrek ere gaur egun eskakizun gehiago bete behar izaten dituztela esan du EBZk. Hala ere, haien kasuan dirua jasotzeko baldintzak zertxobait gutxiago gogortu direla adierazi du.
Azken urteotako jaitsierarik handiena izan du Euriborrak
Europako Banku Zentralak interes tasak jaitsi ostean, %0,105 jaitsi da indizea egun bakar batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu