Kaleratzeak Stop taldeak jakinarazi zuen atzo Azora higiezinen funtsak Inmobiliaria Vascongada erosi duela, eta operazio horrek 300 familia etxegabetzeko bidean jarri dituela; gaur, berriz, «egoera tamalgarri» horren inguruko xehetasun gehiago eman ditu, Donostiako Udalaren aurrealdean egindako agerraldi batean. Ijentea kalearen beste aldean dagoen eraikinean dauka egoitza Azora funtsak, Vascongadaren erosketa gauzatu denetik, eta handik esan dute, ozen, maizterrak ez dituztela beren etxetatik botako «borrokarik gabe».
Hori bera gertatu baitzen 2013an, Madrilen, Azora funtsarekin. Babes ofizialeko 3.000 etxebizitza erosi, eta alokairua %150eraino igoz etxeak hustu zituen. «Bartzelonan ere egiten ari da, %70erainoko igoerekin, eta orain Donostiara heldu da, negozioa hemen baitago», esan du Rosa Garciak, Kaleratzeak Stopeko bozeramaileak.
Jai Alai, Zabaleta, Zubiaurre, Colon, Berminghan... hainbat dira maizterren etxeak hartzen dituzten kaleak, erdigunean asko. Gehienak alokairu zaharrekoak dira, 600 eta 900 euro artekoak, baina badira 1.600 eurokoak ere. Horixe pagatzen dute Laura Fernandezek eta haren hiru pisukidek, Gros auzoan. Inmobiliaria Vascongadako beste 300 bizilagunen antzera, burofaxa jaso dute, berriki, jakinarazteko dagoeneko ez dietela berrituko kontratua. Hileko alokairuen ordainketek, ordea, ez dute etenik izan.
«Ziurgabetasun egoera izugarrian bizi gara azken hilabete eta erdian», dio beste kaltetu batek; «etekin handiagoa atera nahi diote nire etxeari, pisu turistiko bilakatuz edo alokairua ehunka euro gehiago garestituz, besterik gabe. Kontua da nik hamasei urte egin ditudala jada nire etxean». Grosen bizi den beste emakumezko baten kexua da gutuna jaso zuenetik etxe berri baten bila dabilela, baina Donostian dauden prezioekin «ezinezkoa» zaiola ezer egokirik topatzea. «Niretzat, merkeena nire etxean gelditzea da, baina orain dauzkadan baldintzak dira kontraturik ez edukitzea eta hilero ordaintzea». Hura bezala Inmobiliaria Vascongadaren gutuna jaso duen beste maizter bat beldurrez bizi da azken asteetan: «Eta egun batetik bestera botatzen banaute? Nik ez dut kontraturik orain. Edo 1.500 euro garestitzen badute alokairua? Ezin dut halakorik pagatu».
«Espekulazio hutsa da»
Marcelino Garciak ere Azora funtsaren mehatxupean daudenen bozeramaile lanak hartu ditu. Haren arabera, gertatzen ari dena «espekulazio hutsa da». «Vascogadak hutsik uzten ari zen etxebizitza asko, Azoraren iritsiera prestatzeko. Isileko etxegabetzeak egin nahi dituzte». Bankuek egiten dituztenen aldean, desberdinak direla nabarmendu du, «legezko oinarri batekin: maizterrek beren gain hartu ezin dituzten tarifa igoeren bidez». Garciak esplikatu du Vascongada enpresak ez dituela berriro luzatu kontratua, jakin bazekielako etxebizitzaren azken legearen arabera zazpi urteko epea zabalduko zela. «Horren ordez, kontratuak eten, eta enpresa funts putre bati saldu dio».
Bizilagunek uste dute Donostia «funts putreen helburu» bihurtu dela, udalak ez duelako neurririk hartu hori gerta ez zedin. Gogoratu dute Benta Berriko familien auzia ere hor dagoela. Babes ofizialeko haien etxeak Blackstone funtsak erosi ditu, eta haiek ere mehatxupean daude ordutik; Azoraren kaltetuen alboan egon dira gaur Benta Berriko bizilagun batzuk. Horregatik jarri dira Donostiako Udalari begira denak. Bitartekari lanak egin ditzala eskatu diote idatzi baten bidez. Baina Eusko Jaurlaritzari ere egin dizkiete hainbat eskakizun: alokairuen prezioak kontrolatzea, «funts putreek Donostian eta Euskadin jardun ez dezaten»; etxebizitza hutsak betearaztea, zerga berezien bidez; eta etxe turistiko eta hotelen plazak ugaritzeari uzteko.
Larunbatean, manifestazioa
Kaleratzeak Stop taldeak manifestaziora deitu du larunbaterako, Ijentea kaletik hasita, 12:00etan. Azora funtsaren egoitzaren alboan ohartarazi nahi du «Donostian zer gertatzen ari den». Inmobiliaria Vascongadak igorritako gutunen ondoren, asko izan omen dira etxea utzi duten familiak, «baina beste asko borrokatzera geratu dira», Rosa Garciak esan duenez.
Gauzak horrela, gaur-gaurkoz ez da etxegabetzerik egon, kontratuak ez direla berrituko jakinarazteko burofaxak baizik ez; ordu arte automatikoki berritzen ziren. Finean, Azora funtsaren iritsiera «susmorik txarrenak» berretsi ditu Kaleratzeak Stop taldeko kideen artean. Espainiako funts horrek 13.000 etxe kudeatzen ditu, eta, besteak beste, Madrilen eta Bartzelonan nola jokatu duen ikusita, bizilagunak gerta daitekeenerako prestatzen hasiak dira. «Ez ditugu kaleratzeak onartuko», esan du Marcelino Garciak.