Azpeitiko Azcue urtarrilean ireki nahi dute berriro langile ohiek

Altzari konpainia urtarrilean martxan jartzea espero du lan sozietateak, 30 langilerekin.Datozen asteetan dira konkurtsoko administratzailearekin hitzarmena egitekoak

Edu Etxarte, Luis Azkue eta Xabier Oleaga, atzo, lapurretak izan diren Azcueren lantegian, Azpeitian (Gipuzkoa). UZTARRIA KOMUNIKAZIO TALDEA.
Ane Olaizola, Urola Kostako Hitza
Azpeitia
2014ko azaroaren 6a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Azcue y Cia altzari enpresa berriro martxan jartzeko «azken fasean» daude Azpeitian. Konkurtso prozesuan da lantegia, eta hango langile ohiek lan sozietate bat sortu dute, enpresa berriro martxan jartzeko. Era berean, Azcue y Cia enpresako zuzendariek eta langileek osatuta, talde eragile bat sortu dute, eta egoeraren berri eman zuten atzo hango bozeramaile Xabier Oleagak, Edu Etxarte talde eragileko langileen ordezkariak eta Luis Azkue lehengo enpresako zuzendariak. Azkue ere «laguntzen» dabil enpresa berria sortzeko.

Aurreko enpresako ia 90 langilek egin dute bat lantegia berriro martxan jartzeko proiektuarekin, eta «ziur» daude aurrera aterako dutela. Urtarrilerako martxan jarri nahi dute, baina salatu dute lapurretak izan direla Azpeitiko plantan, eta horrek baldintza dezakeela noiz zabalduko den.

Oraindik ez dute zehaztu zein izango den enpresaren izena, baina negozio plana egina dute. Aurretik, altzariak egiten zituzten Azcuen, baina orain bestelako jarduera izango dute. «Eskaintza integrala» egin nahi dute, eta, altzariak ez ezik, zurezko lurrak ekoizteko asmoa ere badute; parketak, esaterako. «Beste leku batzuetan emaitza onak izan dituzte, eta hemen gehiago garatu nahiko genituzke». Hain zuzen, lehenengo, zoruekin hasiko dira, «berehalako merkatua duelako horrek».

Gero, altzariak ekoitziko dituzte, eta erdiko epean ateekin eta bulegoetako eta sukaldeetako altzariekin hasi nahi dute. Familia enpresa izan ondoren, sozietate anonimo bihurtu zen Azcue y Cia, eta orain lan sozietatea izango da. Jakinarazi dutenez, hasiera batean 30 langile arituko dira lanean, eta 2015. urtea amaitzerako 50 langile izatea espero dute. 2016an, berriz, 80 eta 100 behargin inguru ere izateko asmoa daukate.

Lapurreten zama

Dena den, etorkizunari kalte egin diezaioketen lapurreta batzuen berri eman zuten atzo enpresan bertan. Jakinarazi zuten joan zen astean, hiru egunetan, hainbat material ostu zituztela. Ateak puskatu, tresnak hondatu eta paretetan zuloak egiteaz gain, «material ugari» lapurtu dute: ibilgailuak, makinen bateriak eta koadro elektrikoak, besteak beste. «Kalte materialak handiagoak izateaz gain, kobrezko bobinak lekutik atera eta kalteak eragin dituzte fabrikaren aparatu elektrikoan». Kalteak neurtzeko oraindik goizegi dela azaldu zuten, eta, hain zuzen, makinetan egindako kalteen araberakoak izango direla ondorioak. «Kaltea handia izango den beldur gara».

Salaketa jarrita daukate Ertzaintzan, eta konkurtsoko administratzailearengana ere jo dute, babes eske. «Sistema bat jarriko dute, gauetan zainduta egon dadin». Bitartean, langileak enpresa zaintzen ibili dira hainbat gautan. Kalteak neurtzeko «goizegi» dela berretsi arren, «diru kopuru handia» izan daitekeela adierazi zuen Etxartek. Ez dute uste lapurretak enpresa martxan jartzea eragozteko egin dituztenik, baina zuhur dira, eta ez zuten haren inguruko interpretaziorik egin nahi izan. «Ez dagokigu guri ikerketa lanak egitea».

Enpresa itxi zenetik, 2012ko abendutik, geldirik daude makinak, eta kalteak neurtutakoan ebatziko dute zenbateraino baldintza diezaieketen irekitzeko eguna. Oleagak adierazi zuenez, gauzak ondo bidean, datozen asteetan lortuko dute administratzailearekin akordio bat egitea, euren planarekin aurrera jarraitzeko, eta bankuekin ere beste hainbeste egitekoak dira «datozen egunetan». Zazpi milioi eurotik gorako hipoteka du 22.000 metro koadroko plantak, eta zama hori kentzea negoziatzen ari dira langileak bankuekin.

Akordioak lortuz gero, Donostiako Lan Epaitegiak «berehala» emango lizkieke ondasunak. Urtarrilean ireki nahi dute enpresa, eta bezeroak lortzen ari dira egun: «Urtarriletik martxora bitartean, balizko bezeroekin lotzen ez ditugun kontratuak galdutzat emango dira, eta horrek aurreikusitako jardun ekonomikoa zapuztuko luke». Oleagaren arabera, badituzte parketa egiten hasteko «hitzezko kontratuak», baina oraindik formalizatu gabe. Langile guztiek «ilusio handia» dutela berretsi dute, eta Azcue y Cia berriz irekitzea herrirako «oso garrantzitsua» izango dela azpimarratu dute.

2012an itxi zuten 120 langileko enpresa. Ordutik, hartzekodunen konkurtsoan dago. Konpainiaren gainbehera ez zen duela bi urte hasi, duela zazpi baizik, krisi ekonomikoarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA