Enpresak

Azpeitiko Corrugados zabaltzea aztertzen ari da Gallardo Taldea

Duela lau urte itxi zuen 300 langileko lantegia, 100 milioi euroren galerak zituela argudiatuta

jarraia132286.jpg
Jon Fernandez.
2017ko martxoaren 3a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lau urte daramatza itxita Azpeitiko Corrugados altzairutegiak, baina haren jabea aztertzen hasi da ea bideragarria eta errentagarria litzatekeen berriz ere zabaltzea. Gallardo Taldea da jabea, eta Jerez de los Caballerosen du egoitza (Badajoz, Espainia). Efek baieztatu duenez, sektore siderurgikoan espezializatutako aholkularitza etxeekin harremanetan dago, Azpeitiko lantegia berriz irekitzea aztertzeko.

Donostiako Bascotecnia Group da ikerketa bere gain hartu duen aholkularitza etxea. Horrela baieztatu dio Eferi AIEK Sistemak enpresak; ingeniaritza elektrikoko eta automatizazio sistemen enpresa da, Bascotecnia Groupen taldekoa. Bada, AIEKek azaldu du bere egitekoa dela Azpeitiko lantegia bisitatzea eta gaur egun daukan egoerari buruzko txosten bat idaztea. Gallardok aurrera egitea erabakiko balu, altzairutegia martxan jartzeak zenbateko kostua izango lukeen aztertuko du Donostiako enpresak, kontuan izanik irekierak zer-nolako berrikusketak eta konponketak beharko lituzkeen.

Nolanahi ere, AIEK Sistemak-ek argitu du bezeroaren erabakia dela lantegia irekitzea ala ez: "Gu mundu siderurgikoko ingeniaritzan gabiltzan enpresa bat gara, eta gure lana da soilik plantaren egoeraren gaineko azterketa bat egitea". Azterketaren azken helburua da, "bezeroari esatea, gutxi gorabehera, zenbat diru izango litzatekeen lantegia berriro martxan jartzea".

2013ko apirilean aurkeztu zuen Gallardo lan erregulazio espedientea Azpeitiko Corrugados altzairutegia ixteko eta 72 langile kaleratzeko —Corrugados Lasaoko 38 langileak ere kaleratu zituzten—. Altzairu barra korrugatuak ekoizten zituen batez ere, eraikuntza sektorerako bereziki. Salmenta gehienak Espainiara egiten zituen, eta eskariak hondoratu egin zitzaizkion finantza krisiarekin adreiluaren burbuila lehertu zenean.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA