Corrugados

Azpeitiko EAJk Corrugadosen proiektuaren "dokumentazio guztia" plazaratu du

Udal oposizioaren arabera, "gardentasunez eta irisgarritasunez, herritar guztiek egiaztatu ahal izango dute Corrugados irekitzea posible zela eta dela"

Azpaitiko Corrugados fabrika. JUAN HERRERO / EFE
xabier martin
2021eko maiatzaren 28a
15:36
Entzun

EH Bilduk Corrugados zabaltzeko proiektuaren industria-plana erakusteko eskaera egin zien atzo Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta, gaur, Azpeitiko EAJk proiektuari buruz dagoen "dokumentazioa guztia" plazaratu du, hedabideei helarazita. Agiri horietako batzuk udalak berak bere webguneran jarriak dituen idatziak dira, publikoak; beste batzuk, Cristian Lay taldeak emandakoak; adibidez, CuatreCasas abokatu zerbitzuari eskatutako bideragarritasunari buruzko txosten bat, kontuan hartuta udal hiringintza araudia.

Edonola ere, Azpeitiko EAJk "ezinbestekotzat" jo du herritarren eskura jartzea dokumentazio hori guztia. "Gardentasunez eta irisgarritasunez, herritar guztiek egiaztatu ahal izango dute Corrugados irekitzea posible zela eta dela, hasiera-hasieratik defendatu dugun bezala", dio hedabideetara igorritako oharrak.

Eta zein diren agiri horiek? Bada, Azpeitiko Plan Orokorraren laburpen bat, non Amueko eremuari dagozkion punturik nagusienak nabarmentzen diren, eta plan osoa ere bai. Bestetik, otsailaren 18an, CL Taldeak Eusko Jaurlaritzari, aldundiari eta Azpeitiko Udalari "eskuz eman zien Negozio Plana" ere bidali du EAJk, eta CL taldeak Azpeitiko alkateari bidali zion gutun bat ere bai, "berriz irekitzeko asmoa zuela adieraziz". Gutun horrek erantzunik gabe jarraitzen du, EAJren arabera.

Horrez gain, agirien artean sartu ditu EAJko udal taldeak Martxoaren 17an Nagore Alkorta alkateari bidalitako gutunari erantsitako txosten juridiko bat eta udal idazkariak sinatutako beste txosten juridiko bat. Alkateak Osoko Bilkurara eraman zuen txosten hori, apirilaren 27an.

Dokumentazio horrek "argi eta garbi" erakusten du, EAJren ustez, udal talde horren ekarpen guztiak "dokumentu sendoetan" oinarritzen direla. Horregatik, uste du "jasota geratzen dela proiektua existitzen zela eta existitzen dela". Are, Azpeitiko udal oposizioak dioenez, "ziurtatuta geratzen da enpresak udalari jakinarazi ziola berriz irekitzeko asmoa zuela eta enpresa plana eman ziola".

Bukatzeko, EAJk dio beti "jarrera kolaboratzailea eta gardena" izan duela Udal gobernuarekin. "Baina, beste behin ere, agerian geratu da aldeetako batek elkarlanari uko egiten dionean ezinezkoa dela akordioak lortzea. Gure aldetik, lanean jarraituko dugu Corrugados enpresak ateak berriro ireki ditzan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.