Erkidegoen parte-hartze hori gauzatzeko zenbait bide aurreratu zituen atzo Blancok. Lehenik eta behin, bidaiari trafiko handia eta «kudeaketa bereziki konplexua» duten aireportuak filial autonomoak izango dira, «bideragarriak badira». Azpiegitura horietan akzioen %51 estatuak izango du, AENA Aeropuertos enpresa publikoaren bidez. Kontrolaren %39 erkidegoei emango zaie, eta eurek erabakiko dute tokiko udalei edo merkataritza ganberei dagokien partea. Azkenik, %10 esku pribatuetan egongo da.
Haatik, Sustapen Ministerioak ez du oraindik argitu zeintzuk izango diren aireportu autonomo horiek. Blanco ministroak azaldu zuenez, ezer baino lehen erkidego bakoitzarekin dauden aukerak negoziatu nahi ditu. Jose Ramon Beloki EAJko diputatuak propio galdetu bazion ere, Blancok ez zuen zehaztu Hego Euskal Herriko lau aireportuen etorkizuna zein izango den.
Loiuk (Bizkaia) lau milioi bidaiari ditu urtero, eta, hasiera batean, eredu autonomo horrekin aritzeko aproposa litzateke. Eusko Jaurlaritzak begi onez ikusiko luke Loiuko administrazioan egoteko aukera hori, baina erreformaren zehaztasunak ezagutzeko zain dago. Edonola ere, EAEko edozein aireporturen erabakiguneetan egon ahal izatea «interesgarria» dela azpimarratu dute Garraio Sailetik.
Kataluniako alderdien aspaldiko aldarrikapena da Bartzelonako El Prat aireportuaren kontrola. Hori dela eta, jabetzaren gehiengoa ez izatea mesfidantzaz hartu zuten CiUk, ERCk eta Iniciativa Per Catalunyak. Ezinegon hori gainditzeko aireportu autonomoen administrazio kontseiluan hainbat erabaki gehiengo kualifikatuaren bidez hartu behar izatea proposatuko du Madrilek. Hots, ez da nahikoa izango AENAko kontseilarien botoek emandako gehiengo soilarekin, eta tokiko erakundeen adostasuna beharko da, besteak beste, Plan Zuzentzaileari lehen oniritzia emateko, bezeroak erakartzeko estrategiak zehazteko, prezio pribatuak arautzeko eta tasa publikoak proposatzeko, edo aurrekontuak zehazteko.
Gutxienez, batzordeak
Aldaketa ugari ekarriko ditu aireko garraioa arautzeko moduaren erreformak Espainian eta Hego Euskal Herrian. Helburua nagusia sistemaren «eraginkortasuna» hobetzea dela zehaztu zuen Blancok. Hala, lehen urrats bat egungo AENA banatzea izango da. Alde batetik, aireko nabigazioa geratuko da, eta, bestetik, aireportu azpiegituren kontrola.
Aireportu sareari dagokienez, horien ardura AENA Aeropuertos sozietate publikoak izango du aurrerantzean. Enpresa horretan kapitalaren %70 esku publikoetan jarraituko du, eta gainerakoa pribatizatzeko aukera egongo da. Ministerioak zehaztu duenez, ez dira soilik bazkide finantzieroak izango, eta eguneroko lanean aritzeko asmoa ere agertu dute hainbat enpresek. UGT eta CCOO sindikatuek gogor salatu izan dute pribatizazio partzial hori, sistema osoa esku pribatuetan uzteko abiapuntua baino ez dela uste baitute.
Era autonomoan kudeatuko ez diren beste aireportu guztiak kontrolatuko ditu AENA Aeropuertos berriak. Hor ere erkidegoei parte hartzeko aukeraren bat eman nahi zaie, kasu horretan, batzordeen bidez. Batzorde horietan aireportuak bultzatzeko politikak koordinatuko dira, eta azpiegitura horietan eragina duten lurralde eta hirigintza politikak hitzartuko dira. Halaber, aireko bide berriak garatzeko batzordeak eratuko dira.
Erkidegoei azken aukera bat ere irekitzeko prest legoke Sustapen Ministerioa. Dekretu bidez interes orokorrekoak diren eta ez diren aireportuak berriro zehaztuko ditu Madrilek. Espainiako Konstituzioaren arabera, interes orokorreko aireportu horien eskumen osoa Espainiari dagokio, baina ez besteena.
Hala, interes orokorrekoak ez diren azpiegiturak eskualdatzeari buruz «hitz egiteko» borondatea duela ziurtatu zuen Blancok. Hori bai, interes orokorrekoen kudeaketa erkidegoen esku utziko ez duela azpimarratu zuen. Girona, Reus edo Sabadellgo aireportuen eskumena eskatu du behin baino gehiagotan Kataluniak, esaterako.
Erreforma horretan, halaber, interes orokorrekoak ez diren aireportuetatik nazioarteko hegaldiak egin ahal izatea baimendu nahi du Espainiako Gobernuak, beti ere Estatuarenak diren eskumenak - aduanak, polizia, etab. - gauzatzeko behar adina azpiegiturak eta ekipamenduak badituzte.
Kongresuan ordezkaritza duten alderdi abertzaleek - EAJ, CiU, BNG, eta ERC - eta ICVk Blancoren proiektua kritikatu zuten. «Ez dakigu nork eta nola erabakiko duen zer aireportu den interes orokorrekoa», salatu zuen Beloki jeltzaleak. PPk, berriz, bere jarrera batzuk kontuan hartu izana txalotu zuen.
Atzerapenen zergatien berri eman beharko diete bezeroei
Espainiako Gobernuaren proposamenak aurrera egiten badu, aire konpainiek azaldu egin beharko diete bezeroei hegaldiek zergatik atzeratzen dituzten edo zeintzuk diren bertan behera geratzeko arrazoiak. Atzerapen gehienak airelineen errua direla ziurtatu du Jose Blanco Sustapen ministroak.«Ez da gauza bera kudeaketa autonomoa izatea edo dena erkidegoek kudeatzea; azken hori ez dut ondo ikusten»
JOSE BLANCO
Espainiako Sustapen ministroa
420
AENAren galerak. AENAk kudeatzen dituen 48 aireportuetatik, hamarrek baizik ez zituzten irabaziak izan iaz. Horien artean dago Loiukoa, 110.000 euro irabazi baitzituen. Mozkin hori, ordea, oso txiki utzi dute beste aireportuen galerek: Noainek 6,44 milioi galdu zituen; 6,75 Hondarribiak, eta 16,52 milioi Forondak. Orotara, 304,3 milioi euro galdu zituen AENAk. Horietatik 300 milioi Barajasko aireportuari dagozkiola dio sozietateak,terminal berriaren eraikuntzaren zorragatik. 2010erako are datu okerragoak espero ditu AENAk: 420 milioi galduko ditu, %38 gehiago. Galeretan jarraituko dute Noainek, Hondarribiak eta Forondak, eta 0,7 milioi irabaziko ditu Loiuk.«Ez dute argitu nola eta nork erabakiko duen interes orokorreko aireportuak zeintzuk diren»
JOSE RAMON BELOKI
EAJko diputatua Espainiako Kongresuan
7.590
Aire konpainien galerak. 2009. urtea oso txarra izan da airelineentzat, gehientsuenek galerak izan dituztelako. Oro har, sektoreak 7.590 milioi euro galdu zituen, atzo IATA patronalak azaldu zuenez. Bezeroak erakartzearren, prezioak %10 eta %15 artean merkatu zituzten.Ordainketak eteteko asmoa du Japan Airlinesek
Azken bederatzi urteotan Japoniako Gobernuaren laguntza hiru aldiz lortu arren, zorrari eta galerei aurre egin ezinean dabil Japan Airlines (JAL). Ondorioz, oso litekeena da datorren astean bankarrota deklaratzea. Berregituraketa planak aurreikusten du hiru langiletik bat eta hegaldien hamarra kentzea.Aireko garraioaren zaindariei egurra
Kontrolatzaile batek 900.000 euro kobratu izana salatu du Blancok, eta «pribilegiatuak» izatea egotzi dieI. Santamaria. Gasteiz
Aireko nabigazioa zuzentzeko sistemak 300 milioi euroko defizita pilatu zuen iaz. Galera hori murriztea ezinbestekoa da aireko garraioa aldatzeko Espainiako Gobernuak bultzatu nahi duen estrategian. Esaterako, zor hori aireportuen kudeaketak berdindu behar badu, Sustapen Ministerioak badaki ezinezkoa izango dela eragile pribatuek dirua sartzea, eta defizit horren ardura guztia kontrolatzaileen «gehiegizko ordainari» leporatzea erabaki zuen atzo Jose Blanco ministroak.
Kontrolatzaileen aurkako kritikak areagotu egin ditu azken egunetan Blancok. Esaterako, Gabonetan Kanaria uharteetako eta Madrilgo aireportuetan isilpeko grebak egiten aritzea egotzi die. Kontrolatzaileen sindikatuak ukatu egin ditu akusazio guztiak. Hala ere, ministroak «pribilegiatutzat» jo ditu hegaldien trafikoa zuzentzeko ardura duten langileak.
Eta atzo erreformaren ildo nagusien aurkezpena baliatu zuen Blancok eraso dialektikoa gogortzeko. Funtsean, produktibitaterik txikiena izanik Europako soldatarik onenak izatea egotzi zien kontrolatzaileei. Salaketa hori justifikatzeko, era guztietako datuak erabili zituen. Espainian, langileei dagozkien gastuak urte bakoitzean 788 milioi eurokoak dira; Alemanian, berriz, 271 milioi dira, Frantzian 297 milioi, eta Erresuma Batuan 167 milioi. Produktibitatea, berriz, EBko batez bestekoa baino %32 txikiagoa dela ziurtatu zuen Ministerioak.
Zehaztasun gehiago ere izan ziren agerraldian. Batez beste, kontrolatzaile bakoitzak 334.000 euro kobratzen du. Baina, aparteko orduak direla eta ez direla, kopuru hori gainditzen dute hamar kontrolatzailetik lauk. Hala, 135 lagunek 600.000 eurotik gora jaso zituzten, eta 700.000 euroko ordaina gainditu zuten beste 28k. «Baten bat iaz 900.000 euro kobratzera iritsi zen», ziurtatu zuen Blancok.
Kontrolatzaileen kolektiboan 2.300 langile inguru daude, Espainiako eta Hegoaldeko 47 aireportuen artean. Ministroak negoziazio kolektiboan utzikeria izan dela iradoki zuen, errua inori bota nahi izan gabe. «Ezin dugu jarraitu aparteko orduak urrearen pare ordaintzen, hori seguru».
Makinak, aireportu txikietan
Aireko nabigazioaren etenik gabeko galerari buelta emateko neurriak hartuko ditu Madrilek, berehala. Eguneko 50 hegaldi baino gutxiago dituzten aireportuetan Afis sistema indarrean sartzeko asmoa du. Labur esanda, hegazkin bat lurreratzea edo aireratzea posible egiten duen sistema automatikoa da. Kontrolatzaileen ordez, teknikari batek gainbegiratuko lituzke ekintza horiek. Teknikari horien kualifikazioa eta soldata kontrolatzaileena baino apalagoa litzateke, nabarmen.
Aireko trafiko gutxi duten tokietan erabiltzen hasi diren teknologia da. Blancok «dozena bat aireportuetan» sartzeko aukera aipatu zuen. Hasiera batean, baliteke Foronda, Hondarribia edo Noain hegaldi gutxiko aireportu horien artean egotea. Hala ere, oraingoz ez da erabakirik hartu, eta, hegaldi kopuruaz gain, segurtasunaren egoera aztertuko duela esan du AENAk, ezer martxan jarri baino lehen.
Aireko nabigazioaren erreformari esker bidaia txartel merkeagoak izango direla iragarri zuen ministroak.