AZPIEGITURAK. GARRAIOA. Abiadura handiko 45 tren egiteko tratua berrikusi eta itxi du CAFek Renferekin

Erredakzioa
2005eko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Iazko otsailean irabazi zuen CAFek esleipena Renferentzat abiadura handiko eta zabalera aldakorreko 45 tren egiteko. Baina, besteak beste, Espainiako Gobernuaren aldaketak eta horrek eragindako Renfeko buruzagitzaren aldaketak atzeratu egin zuten behin-betiko sinadura, nahiz eta esleipena finkoa izan.

Adjudikazioaren berrikuspena atzo itxi zuen Renfek, CAFekin baldintzak berriz negoziatu ondoren. Eta aldaketa batzuk badaude: Orain 45 tren horiek bi motakoak izango dira. 29 distantzia ertainetarakoak izango dira, 2007-2010 urte artean entregatzekoak. Eta beste 16ak distantzia luzeetarako egingo dituzte, epe laburragoan, 2007-2008rako. 45 trenak 601 milioi euroren truke egingo ditu Beasaingo trengileak (aurreko kontratua 583,8 milioi eurokoa zen).Halako batean kontratu hau ixteak garrantzia berezia du CAFentzat, beti ere taldeak berak propio garatutako tren familiakoak baitira 45 trenak. Renferi abiadura handiko eta zabalera aldakorreko horrelako 12 tren entregatzekotan da CAF aste hauetan. Bizpahiru hilabetetan jarriko dira trenbidean, ziurrenez Madril-Bartzelona linean. Renferentzat 21 diesel trenen bost urterako mantentze lanen 25 milioi euroko kontratua ere lortu zuen atzo CAFek. Renfek zabaldutako aldiriko 80 tren egiteko lehiaketara aurkezteko asmoa ere badu, eta 50 lokomotor egiteko lehiaketa zabaldu zain dago gauza bera egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.