Estatistikek diote eraikuntzan diharduten lau langiletik bat atzerritarra dela, baina obrako errealitateak eta bertako gizarte paisaiak erakusten du gehiago direla. «Azpikontrataturiko ia langile guztiak atzerrian kontrataturikoak dira, eta horregatik ez dira ageri estatistiketan. Obraren afixan agertzen den enpresak obraburua, garabi gidaria, arduradun bat eta materialak jartzen ditu, eta beste guztiak azpikontrataturiko langileak dira, %90 inguru. Eta hori ez da azpikontratazioa, hori langileen legez kanpoko lagapena da, eta hori iruzurra da». Azalpena Igor San Joserena da, ELA sindikatuak Gipuzkoan duen eraikuntza arduradunarena —%74ko ordezkaritza du sektorean—.
Ondo ezagutzen du sektorea San Josek, eta ezaguna da enpresak oso estu hartzeagatik. «Anoeta estadioko lanetan, paperik gabeko 200 langile aurkitu genituen», gogoratu du. Oso kritikoa da enpresekin: «Eraikuntza eta iruzurra beti joan dira eskutik. Azpikontratak ez badira, lan hitzarmena ez dute betetzen da, edo aparteko orduak ez dituzte behar bezala ordaintzen. Esaten dute ez dagoela jenderik, baina ez da egia; halakoak ikusita, langileek nahiago dute beste nonbaitera jo. Are gehiago, enpresek ez dute bertakorik nahi, langileen esplotaziorako nahiago dute bertakorik ez egotea».
«Azpikontrataturiko ia langile guztiak atzerritarrak dira, eta obra batzuetan %90 izan daitezke. Orduka lan egiten dute, eta haien soldata lan hitzarmenak zehazten duenaren erdia inguru da»
IGOR SAN JOSE ELAko Eraikuntza arduraduna
Langile atzerritarrak aipatuta, baina, San Joseri azpikontratak datozkio burura. «Horiei ez zaie lan hitzarmena aplikatzen. Enpresa batek lan jakin bat egiteko kontratatzen ditu, eta orduka kobratzen dute. Orduko zortzi hamar-euro jasotzen dituzte, eta hamar ordu inguruko lanaldiak dituzte. Hilabete amaieran lan hitzarmenak zehazten duenaren erdia jasotzen dute. Aldea da, askoz merkeagoak baitira».
Azpikontratak, dena den, legezkoak dira. Portugalgo langileak, esaterako, Europako Batzordeak indarrean duen kontratatzeko askatasunak babesten ditu. «Kanpoko enpresak dira, baina askotan, itzalpeko bazkide moduan hemengo enpresa bat dute», zehaztu du.
Herrialde bat, gremio bat
Abiadura handiko trenaren lanetan oso ezagun egin ziren Portugalgo enpresen azpikontratak, baina esperientziak San Joseri erakutsi dio badagoela herrialde mailako espezializazioa. «Egituretan altzairua jartzeko lanetarako ohikoak dira afrikarrak eta portugesak, Euskal Herritik kanpoko enpresetakoak. Kofratzaile gehienak portugesak dira; azuleju lana pakistandarrek egiten dute; pladurra jartzekoa eta fatxadak egitearena errumaniarrek... Obra txiki eta erreformetan, aldiz, Euskal Herrian bizi diren hegoamerikar eta marokoar askok dihardute».
Azaldu du kuadrillaka eta familiaka kontratatzen dituztela, haien arduradunekin adosten dituztela prezioak, eta asko aldatzen dutela jendez. Normalean aste pare bateko lanaldiak egiten dituzte, guztiek ez dituzte lan baldintza berdinak, eta egunen batean ikuskariren bat agertzen bada, erraz «desagertzen» dira: «Ezagutu ditugu kasuak, Donostia erdi-erdian, obran bertan lo egiten zuten langile pakistandarrenak, edo Tuteran lo egin, eta egunero hiru orduko bidaiak egiten zituztenak lanera joateko».
Halaber, gehitu du zaila dela haien egoera salatu dezaten lortzea: «Salatzen duenak badaki ez dutela berriz ere deituko lanerako. Enpresa piratak dira».