ekoNOMIA

Baionan hamar mila lagun pasa batu dira erretiroa atzeratzearen aurka

Greba deialdiak sektore publikoan ukan du eragina, batik bat. Sindikatuek salatu dute Sarkozyk erreforma inposatu egin nahi duela. Frantziako Asanblea Nazionalak gaur hasi du pentsio sistemaren erreformaren eztabaida.

2010eko irailaren 7a
17:44
Entzun
Nicolas Sarkozy Frantziako Errepublikako presidenteak langileen erretiroa atzeratzeko duen lege egitasmoaren aurkako manifestazio jendetsua egin dute gaur Baionan. Sindikatuen arabera, hamabost mila lagun bildu dira. Beste iturri batzuek diote gutxixeago batu direla. 11:00ak aldera abiatu da manifestazioa, Lan Burtsatik, CFDT, CGT, UNSA, FO, FSU eta Solidaires sindikatuek deituta. Ekimenarekin bat egin dute Oldartu kolektiboak eta LABek. Ekainaren 24an hamar mila lagun elkartu ziren.

Halaber, sindikatuek grebara deitu dituzte langileak gaur. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan hezkuntza arloan, esaterako, lehen mailan %60eko jarraipena izan du, ikastolek bat egin dute lanuztearekin, Baionako BERRIAko egoitzako langileek ere bai... Garraio arloan, abiadura handiko trenean bostetik bi abiatu dira eta hegaldien laurdenak gutxienez bertan behera geratu dira -Bilboko aireportuan ere izan du eragina, sei hegaldi ez direlako atera-. Tabernak eta dendak zabalik daude, eta zenbait enpresatan lanuzte partzialak egin dituzte. Batik bat, sektore publikoan ukan du eragina greba deialdiak.

Gaur hasi du Frantziako Asanblea Nazionalak pentsio sistemaren erreformaren eztabaida, eta punturik polemikoena erretiroaren adin ofiziala 60 urtetik 62 urtera atzeratzea da. Gobernuak argudiatu du neurri hori ezinbestekoa dela pentsio sistema publikoak iraungo badu, urtetik urtera defizit handiagoa pilatzen ari baita. Erreforman aldaketa txikiak egiteko prest azaldu da Sarkozyren alderdia -UMP-, baina iragarri du ez duela erreformaren muina aldatuko. Ezkerreko oposizioak aurkakoa botoa eman arren, erreforma onartzeko gehiengo zabala du UMPk.

Baionan gaur sindikatuek salatu dute Sarkozyk erreforma "inposatu" egin nahi duela. Gobernuaren xedean eragiteko sindikatuek Frantziako Errepublikan bi milioi lagun atera nahi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.