Bakearen Nobel saridunak gudaren beharra aldarrikatu badezake, burtsetan guda giroa nagusitzen denean, bake egunak ere izan litezke. Atzokoa izan zen bat, arnasa hartzea beti delako ona. 2.562 milioiren salerosketa izan zen, eta Ibex-35ek (+%0,46) kolore berdeari eutsi zion. Gudari txikienek egin zituzten atzo tirorik sonatuenak: %3na pasa igo ziren Arcelor, Inditex eta Bankinter. %3na pasa galdu zutenetan izan ziren Ferovial, Sacyr eta Bolsas y Mercados. BBVAk (=) eta Santanderrek (+%0,36) bertangoxo gelditu ziren, atzeko aldean ezkutuan, jeneralak balira bezala. Edurnezurik (+%1,18) agertu zuen indar pittin bat. AEBetako merkataritza eta langabezia datuek jomugan jarritako berpizte ekonomikoa izan zen Wall Streeteko pozaren eragile, eta indar apur horiek baliatu zituzten gurean ere bakea mantentzeko. Bakea gudan, nolanahi ere, EBZko kide Gonzalez Paramok ere aitortu baitu S&P rating etxeak Espainiaz dionaren egia gordina.
Ferrovoalek (-%3,94) Cintra irenstearen ondorioz Ibex-35eko tropelean libre gelditu den aulkia Ebro Pulevak beteko du. Urtarrilak 4a izango da Espainiako jaki enpresa Ibex-35erako kontuan izango den lehen eguna. 2.154 milioiren kapitalizazioa du.
Zorra. Espainiako Altxorraren 10 urterako zorrak %3,896ko errentagarritasuna eskaintzen du. 3.000 milioiren zorra jaulkitzeko prest zen arren, 2.000 milioi ozta-ozta gaindituta errenditu behar izan zuen, S&P rating etxeak joera negatiboa nabarmendu ostean.
Bakea gudan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu