Astelehenetik aurrera berriz entzungo da sirena hotsa Zumaiako (Gipuzkoa) Balenciaga ontziolan. Orduan itzuliko dira lanera hango langileak, baina enpresak beste jabe bat duela: Arabiar Emirerri Batuetako Safeen Drydocks. Herrialde hartako bi enpresak osatutako partzuergoak 11,2 milioi euroren truke erosi du ontziola, 2024ko urrian hartzekodunen konkurtsoari izkin egin eta negoziazio prozesu luze baten ondoren.
Lehenengo urratsa izango da lantegia berriz martxan jartzea. Gaur egun, bi eskaera dituzte lan zorroan: Norvegiarako bi itsasontzi.
Langileek urtarrilaren 1etik dute beren kontratua talde berriarekin. Azaroan itxi zen salerosketa operazioa, eta hilabete geroago sinatu zuten lan baldintzei buruzko akordioa langile batzordeak eta jabe berriek.
Horren arabera, soldatak %5 murriztuko dituzte, eta hiru urtez izoztuta izango dituzte. Salerosketa gauzatu aurretik enpresan zegoen lantaldeak jarraituko du lanean: 59 kontratu subrogatu dituzte, eta zazpi langilek utziko dute enpresa, erretiroa hartzeko adinean zeudenak eta errelebo kontratuak zituztenak. Ituna 2028ra arte egongo da indarrean. Jabe berriak, halaber, egungo instalazioetan aritzeko Eusko Jaurlaritzaren portu baimena dauka, gutxienez datozen hamar urteetarako.
Balenciaga ez ixteko prozesua konplexua eta korapilatsua izan da, eta administrazio publikoen parte hartzea funtsezkoa izan da, bereziki enpresaren zorra murrizteko eta inbertitzaileen interesa pizteko. Cofides sozietate publiko-pribatuak onartu zuen hari dagokion zatia 15 milioitik 8,5 milioi eurora jaistea.
Arabiar Emirerri Batuetako Safeen Drydocks partzuergoa da orain jabea, eta horko kide da Abu Dhabi Ports taldea, itsas garraioaren sektoreko erraldoietako bat: 247 itsasontzi ditu, terminalak zenbait portutan, zona frankoak, gune logistikoak, zerbitzu digitalak eta abar. 50 herrialdetan baino gehiagotan jarduten du.