Les bleus gelditu diren lez, txerritxo ehiztariek ere baloiari begira bezala gelditu ziren atzo. Ibex-35 (-%0,55) 10.000 punturen langa inguruan dabil bueltaka, eta berri nahiz jokaldi onak txarrekin tartekatu zitzaizkion. Txinako txanponaren balioa malgutzea, AEBetako inflazio aurreikuspen baxuak edota Espainiako Altxorraren enkante arrakastatsua ez ziren nahikoa izan irabaziei eusteko. Zortzi jardunalditan %25 errekuperatu du bankuen sektoreak eta, gol jasa horren ostean, arnasa hartu nahi izatea ez da harritzekoa; are gehiago S&P eta Moody´s rating etxeen txostenak bakoitza bere hamaikakoan kokatu ostean: %2,61 galdu zuen Bankinterrek, %1,73 BBVAk, %0,89 Banestok eta %0,64 Santanderrek. Entrenatzailearekin istilurik izan gabe ere, Edurnezurik (-%0,43) berak gorrira jo zuen. 2.032 milioiren salerosketarekin, Europako gainontzeko indizeen bide bertsutik jo zuten gureek ere atzo. Berde beltzean, Grifols (+%3,53) nabarmendu zen.
Iberdrolak (-%0,7) Portugal iparraldeko Tamega Garaian eraiki asmo zuen presaren egitasmoa bertan behera utzi du Ingurumen Ministerioak. Muskuilu mota berezi bat desagertzea eragingo lukelako hartu du erabakia.
Kutxaz gain, BNP Paribas-i (-%1,92) ere kaudimen kalifikazio jaitsi diote: Fitch agentziak AA zena AA- egonkor laga du, negozio egitura arazoak medio. Credit Agricolek (-%4,69), aldiz, Grezian duen Emporiki Banken kaltea jaso du.
Baloiari so
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu