Arma, tiro, pun izango da euskaraz, baina txerritxo ehiztariek bankuei bang bang egin zieten atzo. Txantxa dirudi, baina BBVAk (-%6,36) iaz irabazitako 4.210 milioiak gutxi iritzita gertatu zen hori; aurreko urtean baino %16 gutxiago da. AEBetan izandako galerei, azken hiruhileko irabazi txikiei edota Espainiako higiezinen inguruko susmo txarrei egotzi dakieke atzoko tiroketa. Santander(-%5,06) berak gorriak ikusi zituen banku urdinaren erruz, eta, ondorioz, Ibex-35ek (-%2,69) 11.000 puntuen maila gal dezake laster baino lehen. Bi banku handiek atzo galdutako 305 puntuetatik 211 eragin zituzten. Edurnezurik (-%1,28) ere galdu zuen atzo, baina indizeak baino gutxiago. Salmenta giroan indize osoa artalde gisa hartzen duten otsoen eraginez gertatzen da hori, eta erosketak egiteko unea izan liteke; berdin, %1,34 galdu zuen Iberdrolaren kasuan. Ebro Puleva (+%1,65) onik atera zen atzoko sarraskitik. Bada zerbait.
AEBetan etxebizitza merkatua berpiztu ezinik dabil: atzo jakinarazi zen etxebizitza berrien salmentak %7,6 gutxitu zirela abenduan, eta datu hori nahikoa izan zen akzio azoka gehienak galerekin janzteko. Eurostoxx-50 (-%1,43) edota CAC-40 (-%1,24) indizeek eurek Dow Jonesen (-%0,44) joera berberari jarraitu zioten. Londreseko FTSEk ere %1,13 galdu zuten. 1,40 dolarretan da jada euroa, eta ezegonkortasunak diru berdeari egiten dio mesede. Greziaren zorrak azken bederatzi urteotako gehien ordaintzen du. %6,42 hamar urterako zorrak.
Bang, bank!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu