Espainiako gobernuak kapital betebeharrak gogortuko dizkie finantza erakundeei, nazioarteko merkatuek horien egoeraz dituzten zalantzak uxatzeko asmoz. Baldintzak bereziki zorrotzak izango dira aurrezki kutxentzat, eta horien etorkizunean ondorio zuzenak izango ditu. Espainiako Bankuak ezarriko duen oinarrizko kapital mugaren azpitik dauden kutxek banku bihurtu beharko dute halabeharrez, laguntza publikoa eskuratu nahi badute.
Finantza erakundeen oinarrizko kapitalaren ratioa — core capital delakoa — gutxienez %8 izan beharko du aurrerantzean, egungo %6ren ordez. Haatik, ehuneko hori handiagoa izan liteke burtsan kotizatzen ez duten edo inbertsiogile pribatuen presentzia esanguratsua ez duten erakundeetan. Halaber, handizkako finantza merkatuen dependentzia handia — aktiboen %20 baino gehiago — duten erakundeentzat ere kapital eskaera handiagoa izango da. Baldintza horietan sartzen dira, oro har, aurrezki kutxak. Erreformaren dekretua aurkezten denean kapital eskaera handiago hori zein den zehaztuko du gobernuak.
Behin betiko eskaera finkatu ez bada ere, Hego Euskal Herriko erakundeen abiapuntu orokorra ez da txarra. BBVAk %9,2ko oinarrizko kapitala jakinarazi zuen 2010 urteko hirugarren hiruhilekoan. Epe horretan ere Gipuzkoa Donostia Kutxaren core capitala %12,51 zen. CajaSur erosi ondotik, BBKren egoera apur bat okertu da, baina hala ere %9,2ko Tier 1 koefizientea du —core capital-a gehi parte-hartzeak—. Vital Kutxak ez ditu emaitza eguneratuak, baina ekaineko estres testak gainditu zituenean, okerrenean ere %7 eman zion azterketak.
Nafarroako CANen egoera bestelakoa da. Caja Canarias, Caja Burgos eta CajaSolekin Banca Civica izeneko proiektua martxan jarri zuen, fusio hotz baten bidez. Banca Civica izan zen Europak ekainean egindako azterketa gainditu ez zuen bakarrenetarikoa. Kontularitza integrazioa burutu ondotik, Tier 1 ratioa %8tik gora kokatu zutela argitaratu zuten joan den urrian, baina hori CajaSol sartu eta Bankuak Berregituratzeko Funtsetik 1.000 milioi hartu baino lehen izan zen.
Espainiako Gobernuak finantza sistema, eta, batez ere, aurrezki kutxak berregituratzeko erabakiak hartuko zituela iragarri zuen joan den astean. Zorraren krisiak eztanda egin zuenetik, finantza erakundeei zaila eta garestia ateratzen ari zaie ohiko merkatuetan dirua lortzea. Inbertsiogileek susmoak dituzte finantza sistemaren benetako osasunari buruz, higiezinen burbuilak utzitako galerak direla-eta.
Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak aurrezki kutxa guztiak banku bihurtzera behartuko ote zituen espekulatu da azken egunetan, sektoreak erabat arbuiatzen zuen aukera bazen ere. Azkenean halako neurri gogor bat baztertu du, luzera begira emaitzak antzekoak izan daitezkeen arren. Kapital eskakizun gogorragoek are zailago egingo dute entitate batzuek finantzazioa lortzea, eta banku bihurtu beharko dute, laguntza jaso ahal izateko.
Merkatuen konfiantza irabazteko nazioartean ezarrita zegoen egutegia aurreratzea da Elena Salgado Ekonomia ministroaren estrategia. Oinarrizko kapital eskaera %8ra igotzea 2013 urterako aurreikusten zuten Basilea III izeneko arauek, baina egokitzapen hori urtebete arinago egin beharko dute Espainiako eta Hego Euskal Herriko bankuek eta kutxek.
Gobernuaren plangintzak zenbait urrats aurreikusten ditu. Erakundeek otsailaren 28ra arteko epea dute 2010eko abenduaren 31n zuten balantzea argitaratzeko. Datu horiek eskuan izanik, Espainiako Bankuak erakunde bakoitzaren kapital beharrak jakinaraziko ditu, eta iraila arteko epea emango die ohiko bideetatik sosak eskuratzeko.
Udazkenerako kapital maila gainditzea lortzen ez duten erakundeetan Espainiako Gobernuak dirua sartuko du, Bankuak Berregituratzeko Funtsaren bidez. Akzio arruntak erosita bideratuko da parte-hartze hori, eta horrek esan nahi du Espainiako Gobernuak erositako akzioen adinako erabaki ahalmena izango duela banku eta kutxa horien zuzendaritza organoetan.
Diru publiko hori parte-hartutako finantza erakundearen saneamendua eta berregituratzea bultzatzeko erabiliko dela argi utzi zuen Salgadok. Asko jota, bost urte iraungo du parte-hartze horrek, eta ondoren inbertsiogile pribatuei salduko zaie.
20.000 milioi euro behar dira
Irailaren 30a arteko datuak hartuta, Espainiako finantza sistema osoak %8ko core capital eskaera gainditzen zuela azpimarratu zuen Salgado ministroak. Orain arte, erakundeek 92.000 milioi euroko galerak barneratu dituzte. Finantza sistema orekatzeko beharko den diruaren lehen kalkulua ere egin du: 20.000 milioi euro. Gobernuak espero du diru guzti hori jarri behar ez izatea, eta finantza erakundeek beste bide batzuetatik diruaren parte bat erdiestea.
Prozesua ez dela luzeegia izango ziurtatu zuen Salgadok, moldaketa planaren aurkezpenean. Bidearen erdian, udan, Europak estres testak berrituko ditu. Erakunde guztiak «gainditzeko moduan» izatea espero du, baina baten batek huts eginez gero, laguntza publikoa jasoko luke.
Banku izateko bidean?
Gutxieneko kapital betebeharrak gogortuko dizkie Espainiako Gobernuak finantza erakundeei, eta bereziki aurrezki kutxeiFinantzatzeko diru publikoa behar duten kutxak banku izatera derrigortuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu