Zorraren krisia. Goi bilera Bruselan

Bankuek 114.000 milioi behar dituzte kapitalizatzeko

Europako 71 bankuk urrian kalkulatutakoa baino 8.441 milioi euro gehiago behar dituztela ondorioztatu du EBAk

joxerra senar
2011ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Gurpil zoro bat da. Euroguneko herrialdeen zorraren gaineko mesfidantzari euroguneko bankuen gainekoa gaineratu behar zaio. Euroguneko estatuen zor titulurik gehienak banku europarren eskuetan daudenez, bi arazoak eskutik helduta doaz. Hori dela eta, EBA Europako Banku Agintaritzak urriaren amaieran Europako 71 banku handienen kapital beharren gaineko lehen kalkulu batean ondorioztatu zuen 106.244 milioi euroko kapitalizazioa beharko zutela. Atzo, bigarren azterketa batean, iragarri zuen 114.700 milioi euro beharko dituztela, urriko kalkulua baino 8.441 milioi euro (%8) gehiago. Bigarren kalkulu horrek batez ere banku alemaniarrei eragingo die.

Batetik, iraileko datuetan oinarrituta, banku horien kapitala eta zor publikoarekiko arriskua neurtu ditu; bestetik, bankuaren oinarrizko kapitala (Core Tier 1 delako) aktiboekiko gutxienez %9 izatea jarri du baldintza gisa. Modu horretan kalkulatu du langa horretara iristeko zenbat kapital lortu behar duten.

Santanderrentzat kolpea

Azterketa horietan sartzen ziren sei banku greziarren emaitzarik ez zuen kaleratu atzo kaleratu EBAk, baina, berez, Greziako bankuek dute kapital beharrik handiena: 30.000 milioi euro. Ondoren, Espainiako bost finantza erakunde handienek 26.000 milioi euroko kapitalizazioa behar dute. Bereziki esanguratsua daSantander taldeak 15.302 milioi euro behar dituela eta BBVAk 6.329 milioi euro. Ondoren, Italiakoak datoz, 15.366 milioi euroko kapital beharrarekin. Alemaniako banku handienek 13.0107 milioi euroko kapitalizazioa egin beharko dute, eta Frantziako lau erakunde handienek, 7.324 milioi eurokoa.

EBAk ukatu egin du atzokoa estres test bat dela, eta zor subiranoaren «salbuespene egoerari» erantzuten diola dio. Zalantza handiena da bankuek igorritako informazioa eta zor tituluen gaineko balorazioa egokia ote diren. EBAk dio bankuek emandako informazioa merkatuko datuekin parekatu dituztela eta horregatik urritik hona handitu egin dela kapital beharren gaineko kalkulua.

EBAren arabera, bankuak akzio gehiago jaulkiz, dibidenduak murriztuz edo zenbait aktibo salduz eskura dezakete kapitala eta ez dute zertan estatuek esku hartu. Herrialde bakoitzeko banku zentralek urtarrilaren 20rako banku bakoitzari eskatuko diote zehaztu dezala nola lortu kapital berria, eta ekainerako kapitalizatuta egon beharko dira. EBAk dio zaindu egingo duela prozesu horrek ez diezaion ekonomia errealari eragin eta ez dadin kredituaren iturria itxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.