Udaberri amaieratik bankuen eta aurrezki kutxen kontuak aztertzen aritu ondoren, gaur jakinaraziko du azkenean Oliver Wyman finantza kontsultoriak zenbateko zuloa duten. 51.000 eta 62.000 milioi artean izango direla aurreikusi dute adituek; iragarpenak betetzen badira, bakar batere ez dagokio Kutxabanki.Oliver Wymanek estres azterketak egin dizkie bankuen kontuei, aurretik Europako Banku Agintaritzak egindakoak baino gogorragoak. Egoera okerrenean, Espainiaren barne produktu gordina aurten %4,1, 2013an %2,1eta 2014an %0,3 jaitsiko litzatekeela kalkulatu du. Gainera, langabezia %27,2ra iritsiko litzateke, eta etxebizitzen prezioa %25 amilduko litzateke 2014ra arte. Orain arte zabaldutako filtrazioen arabera, egoera horri kapital berria lortu gabe aurre egiteko moduan egongo dira hiru banku handienak: Santander, BBVA eta Caixa. Azken horren garrantzia asko handitu da Euskal Herrian, Nafarroako Kutxa irentsi baitu. Arazorik ez lukete izango Kutxabankek eta Bankinterrek. Adituak ez dira ados jartzen Sabadellen beharrei buruz: Banco Guipuzcoanoren jabeak azterketa gaindituko lukeela diote batzuek, eta ozta-ozta baina laguntza beharko duela uste dute beste batzuek. Azken egoera horretatik gertuago dago Banco Popular (Banco de Vasconiaren jabea). Bai ala bai diru gehiago beharko dute estatuak nazionalizatutako erakundeak, hala nola Bankiak,CatalunyaBancek,NCGBankek eta Banco de Valenciak. Lau horiei batu dakizkieke, kopuru txikiagotan bada ere, aurrezkikutxen baturen ondorioz sortutako banku taldeak: BMN, Liberbank, Ibercaja eta Unicaja. Azken hori berez ez dago gaizki, baina Caja España-Duero ahula erosteko prozesuan dago, eta horrela agian dirua beharko du.
Diru publikoa bankuentzat
Behin kapital beharra zehaztuta, diru hori biltzeko prozesua hasiko da. Bat edo beste agian gai izango dira beren kabuz kapitala lortzeko edo aktiboak salduta haren beharra gutxitzeko. Besteek, ordea, Espainiako Gobernuari galdegin beharko diote, edo porrota onartu eta likidatu egin beharko dute. Dirua euroguneak uztailean onartutako erreskatetik etorriko da. Gehienez, 100.000 milioi euro izango dira, baina horren zati bat baizik ez da erabiliko. Kopurua txikia bada, ordea, merkatuek pentsa dezakete arazoa ez dela konpondu, eta Espainiaren gaineko presioa handitu dezakete. Hasiera batean Madrilek nahi zuen sobran egon zitekeen dirua baliatzea bere erreskate propiorako, baina proposamen horrek ez du aurrera egin.
Bankuen erreskatearen faktura gaur jakinaraziko dute
Filtrazioen arabera, auditoreek uste dute Kutxabankek ez duela kapital gehiagorik behar izango
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu