Bankuetan bermatutako diru kopurua handituko du Espainiak ere

Orain arte, Hego Euskal Herriko biztanleek 20.000 euro dituzte bermatuta, eta 70.000 euro Ipar Euskal Herrikoek

Iker Aranburu.
2008ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Koordinaziorako eta elkarlanerako dei guztiak gorabehera, Europako Batasuneko herrialdeak bakoitza bere aldetik erantzuten ari dira finantza krisiari. Espainiako Gobernua izan da bere kasa jokatzen azkenetakoa, iragarri baitu banku eta aurrezki kutxetan bermatutako diruaren kopurua «berehala» handitu egingo duela. Zenbateraino ez du zehaztu. Ipar Euskal Herrian eta Frantzian 70.000 euro daude bermatuta.

Neurriak eragin zuzena izango du Hego Euskal Herriko herritarrengan. Gaur egun, 20.000 euroko gordailuak dituzte bermatuta. Horrek esan nahi du banku edo aurrezki kutxa batek porrot egingo balu, erakunde horretan duten dirutik 20.000 euro berreskuratuko dituztela erabat ziurtatuta daukatela. Herritar batek dirua bi bankutan izango balu eta biek porrot egingo balute, biak ala biak berreskuratuko lituzke, 20.000 euroko mugarekin -banku bakoitzeko-.

Azken egunotan Espainiako berme sistema Europako onena dela behin baino gehiagotan esan ondoren, doinua aldatu behar izan du Madrilgo gobernuak. Goizean, Pedro Solbes Ekonomia ministroak aipatu egin zuen bermatutako dirua handitzeko aukera, eta arratsaldearen amaieran iragarri zuen neurria, Jose Luis Rodriguez Zapatero banku eta aurrezki kutxa handietako arduradunekin bildu ondoren.

Irlandak hasi zuen joan den astean gordailuak bermatzeko lasterketa. Bere bankuen gaineko konfidantza txikitzen ari zela ikusita, Brian Cowenen gobernuak erabaki zuen bi urtez gordailu guzti-guztiak bermatzea. Neurri horrekin eragotzi nahi zuen herritarrek dirua bankuetatik ateratzea eta horiek gabe finantza sistema guztia hondoratzea.

Kritika ugari jaso ditu Dublinek alde bakarreko neurri horrengatik, eta bereziki Erresuma Batuko Gobernuaren aldetik, beldur baita bere herritarrek dirua banku britainiarretatik atera eta irlandarretan jarriko ote zuten. Baina Irlandaren ondotik beste hainbat gobernuk berdin egin dute. Erresuma Batuak berak 44.500 eurotik 63.500 eurora igo zuen bermea, eta igandean Alemaniakoak iragarri zuen «pertsona pribatuen» gordailu guztiak bermatuko zituela, «denbora mugarik gabe». Greziak, Suediak, Danimarkak, Portugalek eta Islandiak ere bermatutako gordailuen kopurua igo dute.

Laugarren astelehen beltza

Europako bankuen arazoek eta haiei aurre egiteko batasunik ezak amildu egin dituzte burtsak. Astelehen beltza -laugarrena jarraian- are beltzagoa izan zen Parisen: CAC-40 indizeak inoizko jaitsierarik handiena izan baitzuen, %9,04koa. Ez ziren oso urrun ibili Londresko FTSE -%7,85eko jaitsierarik handiena da 1987az geroztik-, Frankfurteko DAX (-7,07) edo Madrilgo Ibex (-%6,06). Wall Streeten, Dow Jonesek 10.000 puntuak galdu zituen, lehen aldiz 2004. urteaz geroztik.

Galeretan handiena Hypo Real Estatek izan zuen (-%37,4). Alemaniako Gobernuak iragarri du 50.000 milioi euroko mailegua emango diola porrot egin ez dezan. Joan den astean 35.000 milioiko salbamendu plana hitzartu zuten, baina horretan lagundu behar zuten banku pribatuek atzera egin dute.

Porrota gertu dauka Dexiak ere (-%20,28). Atzo, Yves Leterme Belgikako lehen ministroak neurri gehiago iragarri zituen banku hori salbatzeko.

Belgikako beste banku nagusia, Fortis, BNP-Paribasen esku geratu da 14.500 milioi euroren truke. Belgikako Estatua bere herrialdeko adarraren %25ekin geratuko da, eta Luxenburgokoa, hari dagokionaren %33rekin. Fortisen Herbehereetako adarra, berriz, hango Estatuaren esku geratuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.