EAEko CCOO-ko zerbitzu federazioko ekintza sindikaleko arduraduna

Susana Garcia Bravo: «Bankuetan lan giroa geroz eta jasanezinagoa da»

Garciak uste du bankuetako langileak orain «bankako komertzialak» direla. Gainera, enpresak izan dituzten etekin handiak aintzat izanda, «zuhurkeriaz» jokatzen ari direla salatu du.

Susana Garcia Bravo CCOO-ko arduraduna
Susana Garcia Bravo. CCOO
asier gonzalez de san pedro
2024ko martxoaren 14a
05:05
Entzun

Hego Euskal Herriko finantza erakundeetako langileek otsailaren amaieran lanuzteak egin zituzten beren lan hitzarmeneko negoziazioak desblokeatzeko. Orduz gero, aurrezki kutxetakoek akordio baterako oinarria lortu dute CECA patronalarekin, baina ez, ordea, bankuetakoek eta kreditu kooperatibakoek. Gauzak horrela, CCOO, FINE eta UGT sindikatuek bi orduko lanuzteak eta kontzentrazioak antolatu dituzte biharko, eta greba, hilaren 22rako. CCOOk du ordezkaritza handien sektorean, eta haren EAEko zerbitzu federazioko ekintza sindikaleko eta negoziazio kolektiboko arduraduna da Susana Garcia Bravo (1975, Bilbo).

Nola joan zen otsailaren 26ko lanuztea?

Arrakastatsua izan zen. Orain arte banku batzuetan beren kabuz egin izan dituzte protestak kaleratzeak izan direnean, baina historikoa izan da hiru sektoreak batera mobilizatzea: banka, aurrezki kutxa eta kreditu kooperatibak. Hemen, Euskadin, %90eko erantzuna izan zuen, eta Nafarroan, %85,6koa.

Zer eskatzen dute langileek?

Kontuan izanda bankako sektorea etekin historikoak lortzen ari dela, bankuetako presidenteek eta administrazio kontseiluek beren soldatak igo dituzte, eta akziodunei sekulako dibidenduak eman dizkiete; baina horrek ez du eragin sektore honetako lantaldeetan. Eskatzen dugun soldata igoera hori bat dator sektoreak dituen etekinekin, eta erosteko ahalmena berreskuratzen lagunduko digu. Gainera, soldata igoera horiek lantalde osoan izatea eskatzen dugu. Lantaldera sartzen diren kide berri horiei ere bereizkeriarik ez egitea ere eskatzen dugu.

Lanean presio handiagoa izaten duzuela aipatu duzue. Zer da zehazki presio hori?

Ikaragarrizko presio komertziala dago. Guk bezero moduan langileei buruz dugun irudia aldatu egin da; dagoeneko ez dira leihatilaren beste aldean dauden horiek edo libretak eguneratzen dituztenak. Orain saltzaileak edo komertzialak dira, eta nik horrela deitzen diet: bankaren komertzialak dira. Akzioak saltzen dituzten moduan, auto eta bizitza aseguruak saltzen dituzte. Hori guztia bankuko lanaren gehigarria da. Denok ezagutzen dugu plantillaren jaitsierarekin bankuek jasan duten gainbehera. Horri gehitzen badiozu lan karga handiagoa dagoela, eragin handia dauka langileen osasunean. Lan giroa geroz eta jasanezinagoa da.

«Baliabide guztiak erabiliz presionatzen saiatuko gara, ageri duten jarrera berekoi hori pixka bat aldatu dezaten»

Aldaketa handia nabaritu duzuen langileen erosteko ahalmenean?

Bankaren sektorea ez da lehenago zena. Guk hiru urtetan %17 soldata igoera bat nahi dugu, eta patronalak lau urtean %7,5-%8ko gorakadaz hitz egiten ari dira. Hor daukazu erosteko ahalmenaren galera. Bestalde, sektore honetako enpresek dituzten etekinekin zuhurkeriaz jokatzen ari dira plantillen soldata igoeren ehunekoarekin. Hau da, haiek beren etekinak modu esponentzial batean handitzen dituzte, baina langileei eskaini dietena ez da iristen urte horietako KPIen baturara.

Lanuzteak egin ostean, zer erantzun izan du patronalak?

Bere horretan jarraitzen dute. Hala ere, hiru hitzarmenen bilerak egin dira, eta ikusiko dugu zer jarrera hartzen duten. Ostiralean BBVAren akziodunen bilera dago Euskalduna jauregian, eta ahalik eta jende gehiena biltzen saiatuko gara. Baliabide guztiak erabiliz presionatzen saiatuko gara, ageri duten jarrera berekoi hori pixka bat aldatu dezaten.

Zer iritzi duzue aurrezki kutxetan lortutako aurreakordioaz?

Gure helburuak lortzeko lehen pausoa da. Ez diogu lagapenik eman patronalari, ez mugikortasun geografikoaren handitzeari dagokionez, ez ikasketa laguntzak kentzeari dagokionez, ezta ordutegia desarautzeari dagokionez ere. Oraindik aldarrikapen asko falta dira maileguei dagokienez, eta enpresa bakoitzak hartuko dituen neurriak lan giro hobea izateari dagokionez. Horri lotuta, hitzarmenean hiru eguneko atsedena sartzea lehen pauso bat da, eta horretan lanean jarraituko dugu. Horiek guztiak akordioaren idazketa garaian zehaztuko ditugu. Hala ere, Euskalduna jauregiko elkarretaratzea, eta [martxoaren 22ko] greba mantendu egingo dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.