Barack Obama AEBetako presidenteak gutxietsi egin nahi izan zituen Standard & Poor's kalifikazio agentziaren erabakia eta haren ondorioak, munduko burtsa nagusiek astelehen beltza izan zuten arren. Obamak mezu aberkoia zuzendu zien herritarrei, telebista bidez, S&Pk ostiralean AEBn luzera begirako zorraren kalifikazioa historian lehen aldiz AAAtik AA+era jaitsi eta gero. Obamarentzat «ez du axola» agentzia batek zer esaten duen: «Merkatuek gora eta behera egingo dute, baina gu Ameriketako Estatu Batuak gara eta beti izango gara 'AAA herrialdea», esan zuen.
S&Pk onartu du demokraten eta errepublikanoen akordioa lortzeko zailtasunek eragin dutela zorraren maila AAA kalifikazio gorenetik AA+era jaistea. Obamak horixe nabarmendu zuen, erabakia politikoa izan dela, ekonomikoa baino gehiago. Alegia S&Pk ez duela zalantzan jarri AEBen gaitasuna zorrak ordaintzeko, «sistema politikoa baizik». «Merkatuentzat AEBn zorrak lehen mailakoa izaten jarraitzen du», gehitu zuen.
Obamak espero du S&Pren erabakiak demokratak eta errepublikanoak akordioak lortzera bultzatuko dituela, defizita murrizteko neurriei buruz. «Gure arazoak konpon daitezke», esan zuen, baikor. «Badakigu zer egin behar dugun konpontzeko».
AEBen luzera begirako zorraren kalifikazio dantza oraindik ez da amaitu: Standard & Poor's rating agentziak ohartarazi du %33ko arriskua dagoela gehiago jaisteko, datozen sei hilabeteen eta bi urteen artean; Moody's-ek kalifikazioari eutsi egin dio; eta Fitch-ek hil amaieran bukatuko du Ameriketako Estatu Batuen zorra itzultzeko gaitasunaren berrikustea.
Batzuek eta besteek arrazoi eta datu berak erabiltzen dituzte, batzuek kalifikazioa jaisteko, besteek eusteko. Hala, S&Prentzat AEBen zorraren kalitatea okertzeko arrazoia da demokratek eta errepublikanoek izan dituzten zailtasunak akordioa lortzeko zorpetze muga handitzeaz eta defizita murrizteaz.
Akordioa, «urratsa»
S&Prentzat akordioa ez da nahikoa. Moody'sentzat ere ez, baina nabarmendu du urrats bat dela «norabide egokian». Moody'sek uste du, behin akordioa lortuta, demokratek eta errepublikanoek neurriak hitzartuko dituztela, zorra eta defizita murrizteko;S&Prentzat, ordea, ez da halakorik gertatuko datozen hilabeteetan eta, beraz, AEBk ez dute AAA kalifikazio gorena denbora gutxian berreskuratuko.
Moody'sek ez du baztertu AEBetako luzera begirako zorraren kalifikazio gorena apaltzea, «zorraren BPGarekiko proportzioa gutxitzen ez badu», %75 ingurura (gaur egun %100ekoa da).
Kalifikazioa gorena galdu duten herrialdeetatik bostek lortu zuten berreskuratzea: Australiak, Danimarkak, Finlandiak, Kanadak eta Suediak. Bederatzi eta hemezortzi urte artean behar izan zituzten.
Zorraren krisia
Barack Obama: «Gu beti izango gara 'AAA herrialdea'»
AEBetako presidenteak nabarmendu du auzitan jarri dutena ez dela ordaintzeko gaitasuna, sistema politikoa baizik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu