Agintari politikoek, magoen modura, iritzi publikoaren arreta desbideratzea beharrezkoa dute euren gezurrak ezkutatzeko. Hori egin du Yolanda Barcinak: komunikabideen arreta beste bide batera zuzendu du, eta parlamentuaren eta Nafarroako udalen «tamaina egokiaren gaineko eztabaida hastea» proposatu die beste taldeei. «Ez nago ados hautetsi eta parlamentari kopurua murriztuta demokrazia murrizten den argudioarekin». Egitura horiek «astunak eta garestiak» direla argudiatu du, eta XIX. mendeko eredu bati erantzuten diotela uste du. Haren ustez, era berean, herritarrek klase politikoarei duten mesfidantza areagotzen dute. «Ausartak izan beharko genuke, eta herritarren ahotsa entzun. Gure sistema politikoa murriztu beharko genuke, alderdiena, sindikatuena eta enpresa elkarteena barne».
Roberto Jimenezek, zeina duela gutxira arte Nafarroako presidenteorde izan den,irmo adierazi du PSN guztiz aurka dagoela. «Eskuinarentzat, zinegotziak soberan daude, parlamentariak soberan daude, arartekoak soberan daude, eta kontu auzitegiak... Historian, diskurtso ekonomiko horiek errepikatu dira, eta badakigu zer datorren gero. Kudeatzaile batekin nahikoa da, eta, kasu txarrenean, militar batekin». Ordezkaritza demokratikoak murriztu beharrean, udal mapa aldatu eta hainbat egitura kentzeko proposatu dio Jimenezek.
Ezkerrako Jose Miguel Nuinen ustez, Barcinaren argudioak gezurrak dira. «Hemen, demokrazia murriztea da auzia. Hautetsien %99k, dieta batzuk kenduta, ez dute soldatarik jasotzen. PPren asmoa da udalei boterea kentzea, aldundien jauntxokeriara itzultzeko». PPren neurriak errepikatzea egotzi dio Barcinari, eta murrizketak «Senatuan, aldundietan edo monarkian» egitea proposatu du.
UPNko Carlos Garcia Adaneroz gain, PPko Enrique Martin de Marcosek Barcinaren agerraldia defenditu du. Dena den, leunki bada ere, ohartarazpen bat igorri dio. «Ez da UPNk zalantzak izateko unea. Nafarroarentzat onena zer den bilatu behar da, eta Nafarroarentzat onena da Espainiak une oro behar duena babestea. Neurri horiek, formula egokienarekin, Nafarroara ekarri behar dira».
Bilduko Bakartxo Ruizi, berriz, «zinikoa» iruditu zaio Barcinak herritarrak entzuten dituela esatea. Haren irudiko, Nafarroako lehendakariaren «marra gorri bakarra» izan beharko luke nafarren hitza errespetatzea, baina Nafarroaren interesen gainetik «Espainiarenak defenditzea» leporatu dio. Murrizketen harira Barcinak erabilitako argudioari buelta eman dio: «Izan arduratsu eta planto egin, ez bete Espainiako Gobernuaren neurriak».
Ez du planto egingo, jakina. Barcinak ekainean 132 milioi euroko zuloa iragarri zuen, eta neurri bereko murrizketak iragarri zituen. Oraingo neurriekin 65 milioi euro inguru aurrezteko asmoa du, baina ez du esan 132 milioiko gastu murrizketa arintzeko asmoa duen. Hala ez balitz, gezurra esan zuen Barcinak ekainean. Horregatik, gobernu krisi bat eragin zuen gezur bat mahai gainean jartzea baino eraginkorragoa da beti fokuak beste alde batera zuzentzera. Adibidez, XIX. mendera.
Barcina «XIX. mendeko Parlamentuan»
Nafarroako lehendakariak parlamentari eta hautetsi kopurua murriztea proposatu du. Alabaina, ezkutatu nahi izan du funtzionarioei aparteko saria kenduta 65 milioi euro gehiago lortuko badira ere, ekaineko 132 milioi euroko murrizketei eutsi egin nahi diela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu