Ezinezkoa da Euskal Herriko larre guztiak ordezkatuko dituen argazki bat egitea. Haien koloreak, esaterako, ezberdinak dira tokian-tokian: berde-berdeak dira erdialdetik gora, baina, zenbat eta hegoalderago, orduan eta horixkagoak dira, baita handiagoak ere. Laborariei erreparatuta, oraindik eta kolore gehiago agertzen dira, hainbat siglarekin batera. Gero eta laborari sindikatu, elkarte eta erakunde gehiago daude, eta atomizatuta dago Euskal Herriko lursaila. Aldi berean, baserritarrak gero eta gutxiago dira, baina guztiek dituzte antzeko erronkak.
1970eko hamarkadaren amaieran sortu ziren gaur egungo sindikatuetako asko: EHNE —Gipuzkoakoa eta Bizkaikoa—, Arabako UAGA eta Nafarroako UAGN. Hurrengo hamarkadaren hasieran ELB sortu zen, hori Ipar Euskal Herrian, eta, 1986an iritsi zen Nafarroako EHNEren txanda. 1990eko hamarkadan hasi ziren sindikatu barruko lehen talkak: 1991. urtean, ENBA sortu zen Gipuzkoan eta Bizkaian, EHNEtik ateratako jendearekin, eta konfederazio horretatik atera zen Bizkaiko EHNE ere. Azken bizpahiru urteetan taldeak ugaldu egin dira: ATACA (Araba), Semilla y Belarra (Nafarroa) eta Baserritar Bilgunea (Gipuzkoa), esaterako.
Ez du taldeen artean talka handirik ikusten Garikoitz Nazabal Gipuzkoako EHNEko presidenteak. «Nik ez dut planteamendu baztertzailerik ikusten. Hain heterogeneoa den sektore batean, onartu beharra dugu dagoen pluraltasuna. Hori onartuta egin behar ditugu planteamenduak. Nik ez dut makila magikorik, baina denbora asko pasatzen dugu ideien inguruan hitz egiten, eta, bitartean, alde guztietatik aurreratzen gaituzte».
«Nik ez dut planteamendu baztertzailerik ikusten. Hain heterogeneoa den sektore batean, onartu beharra dugu dagoen pluraltasuna»
GARIKOITZ NAZABALÂ Gipuzkoako EHNEko presidentea
Xabier Iraola ENBAko koordinatzaileak adierazi du sindikatua sortu eta lehen urteetan harreman «oso kaskarra» izan zutela EHNErekin, baina orain egoera «oso lasaia» dela, eta bat egiten dutela zenbait ekinaldi eta aldarrikapenetan: «Ez gara ibiltzen bata besteari jendea kendu nahian».
Badira bi taldetan dauden nekazariak. Horietako bat da Gorka Izko. Semilla y Belarrako idazkaria da, eta Nafarroako EHNEko kidea ere bada —UAGNn sartzen ere saiatu izan da—. «Sektorearen onerako» pentsatzearen alde egin du, baina adierazi du politikak beti duela «zeresan handia», eta jendeak berean eta epe motzean pentsatu ohi duela: «Sektorea modu global batean ikusi beharko genuke, eta medailak jartzeari utzi».
Ereduaren talka
Badira ezberdintasunak sindikatuen artean. Geografia da horietako bat, baina zeresan handiagoa ematen duen beste bat: sustatzen duten laborantza eredua. «Guk profesionaltasuna aldarrikatzen dugu. Hasieratik aldarrikatu dugu tamaina bat, bolumen bat eta egitura batzuk izatea, eta azpimarratu izan dugu ez dela nahikoa baserria autokontsumorako izatea soilik. Pentsatzen dugu tratu ezberdina izan behar dutela baserri profesionalek eta txikiek; azkenean, bolumen bat baduzu, dedikazio osoa bideratzen duzu horretara», azaldu du Iraolak.
«Guk profesionaltasuna aldarrikatzen dugu. Pentsatzen dugu tratu ezberdina izan behar dutela baserri profesionalek eta txikiek»
XABIER IRAOLA ENBAko koordinatzailea
Aldi berean, ENBAko buruak argitu du denek sustatzen dutela eredu aldetik esplotazio familiarra, mendikoa, baina hori zer den ezberdin ulertzen dutela batzuek eta besteek: «Guretzat, esplotazio gehienak familiarrak dira, nahiz eta horietako batzuetan langile gutxi batzuk egon. Eta, gehienetan, Arabako parte bat eta Nafarroako parte bat kenduta, jarduera mendikoa da. Ez gaude, adibidez, Caparrosoko makroetxaldearen alde, baina nahiko lasai eta zabal hartzen ditugu gauzak. Guk baditugu bazkideak hogei buru dituztenak, eta 300 dituztenak ere bai».
Ados dago Nazabal ere, eta gehitu du eredu bat edo beste idealizatzea ez dela ona: «Herri honetan eredu diferenteak daude, eta ez dago makila magikorik: ezin duzu esan eredu batek baserritar guztientzat konponbidea ekarriko duela. Sektorea oso heterogeneoa da; modelo makroa modelo bakar bezala ikustea akats izugarria izan zen, baina beste aldera ere nik uste dut akatsa izango litzatekeela. Banatzaileek txotxongiloak bezala maneiatzen dituzte denak, baina, aldi berean, salmenta zuzenak ere arazoak ditu prezioak eta arauak bete ahal izateko. Gustatu ala ez, hori da daukagun errealitatea».

Bada, Joxe Ramon Arrietari ez zaio dagoena gustatzen, eta joan den azaroan Baserritar Bilgunea sindikatu agroekologikoaren sorkuntzan parte hartu zuen. «Sentitzen genuen Gipuzkoan zeuden sindikatuek ez gintuztela ordezkatzen beste eredu baten barruan genbiltzanoi. Gure oinarria bizitzaren aldekoa da: lurra, pertsonak eta elikadura zaintzearen alde gaude. Gaur egun, joera da baserritar gero eta gutxiago izatea, eta apur horiek gero eta lursail gehiago hartzea. Gu horren kontra gaude. Instituzioak itsu-itsu daude norabide industrial horretan, eta horra bultzatu nahi gaituzte denok. Instituzioei ulertarazi behar zaie egiten ari diren politikak ez doazela bide onean», ziurtatu du.
«Instituzioak itsu-itsu daude norabide industrialean, eta horra bultzatu nahi gaituzte denok. Ulertarazi behar zaie egiten ari diren politikak ez doazela bide onean»
JOXE RAMON ARRIETA Baserritar Bilgunearen sortzaileetako bat
Gauza bera aldarrikatu du Julen Perez ELB sindikatuko eledunak ere. Dibertsifikazioaren, etxalde txikien eta salmenta zuzenaren alde egin du: «Beraiek ere ohartu dira produktibismoak ez duela beharrean eskualde geografiko batean indar ekonomikoa eginen. Beste manera batez behar da pentsatu. Laborariak behar du etxaldeko ekonomia egin bere lanetik sortzen den hazkurritik —ekoizten duen esne, gasna edo baratzeekin—, eta ez du bizi behar estatuaren diru laguntzatik edo kalte ordainetik edo horrelako gauzetatik».
Horri lotuta, Izkok esplikatu du Semilla y Belarra 2024an sortu zela, eta erakundearen helburu nagusia dela nekazaritzaren eta abeltzaintzaren garrantzia aldarrikatzea. Erantsi du sindikatuak aholkularitza zerbitzu direla gero eta gehiago, beren abokatuekin eta; «oso egitura potenteak» bihurtu direla, eta izaera aldarrikatzaile hori berreskuratzeko sortu zela Semilla y Belarra.

Iraolak, kontrara, sindikatuak beharrezkoak direla nabarmendu du: «Badaude kontu batzuk baserritarrek beren bizilagunarekin, udalarekin eta abarrekin konpondu ditzaketenak. Baina badaude beste batzuk orokorragoak direnak, eta sindikatuak beharrezkoak dira horietan: NPBren kontuetan, Mercosurren ingurukoetan, elikagai katearen prezioetan... Halakoetarako, gauza jakinetik harago begiratzen duten elkarteen eta sindikatuen beharra dago. Hori da sindikatuen hasierako funtzioa. Halakoak denontzat dira baliagarriak, baina, nola hain orokorrak diren, jendeak ez ditu begiratzen, ez direlako ukigarriak, eta jendeak ez ditu ikusten».
Erronka amankomunak
Denek aitortu dute badirela zenbait erronka eta mehatxu sektoreko alde guztiei eragiten dietenak. Traba administratiboak aipatu dituzte, baita Mercosurrekin egindako ituna, belaunaldi aldaketa, erregaien prezioa, haragi sintetikoa, distribuzio kateak eta gizartearen «mespretxua» ere. Nazabalen iritziz, «badaude gauza asko elkarrekin lan egiteko balio beharko liguketenak».
Mercosur aipatuta, bere esperientzia mahaigaineratu du Izkok. Latinoamerikako zenbait ustiategitan izan zen bera, eta argi dio: «Mercosur sartzen bada, dena pikutara doa. Ezin da lehiatu Brasil edo Argentinako ekoizleekin». Argudiatu du han dauzkaten soldatak hemengoak baino txikiagoak direla, eta 15.000 hektareako larre batean izan zela bera. «Hemen handi-handienak hamar hektarea ditu».
«Mercosur sartzen bada, dena pikutara doa. Ezin da lehiatu Brasil edo Argentinako ekoizleekin»
GORKA IZKOÂ Semilla y Belarrako idazkaria
Errepikatu den beste ideia bat izan da nola begiratzen dion gizarteak sektoreari. Begirada «arrotza» dela adierazi du Nazabalek, eta gaineratu du ezin dela ekuaziotik kendu gizartearen parte gero eta handiago batek supermerkatuan egiten dituela erosketak.
Horren harira, ezkor agertu da Perez: «Nik beldurra dut egun batez gizarte zibilak agian utzi egingo diola ikusteari laborariaren funtzioek zerbait ekartzen diotela gizarteari. Beldurra dut ez ote diren laborariak kontzientzietatik desagertuko eta, hala, baliorik gabe geratuko. Horrela segituz gero, Euskal Herrian laborantza desagertuko da biziki fite».
Batasunaren indarra
Mehatxu horiek ikusirik, denek egin dute elkartzearen eta batzearen alde, bakoitzak bere neurrian. Semilla y Belarrako ordezkariak argi du: «Batasunak administrazioari presio egiteko indar handiagoa izatea esan nahi du». Horretan sinesten du ELBk ere, eta Perezek esan du aurrenekoz saiatu direla eredua alde batera utzi eta Frantziako sindikatuekin batera lan egiten, presio handiagoa egiteko asmoz.
Baserritar Bilguneko ordezkariak adierazi du haiek Etxalde erakundean parte hartu ohi dutela, eta bertan harremana izaten dutela ELBko jendearekin, Bizkaiko EHNEkoekin, sindikatuetatik kanpo dagoen jendearekin... «Horiekin erosoago gaude». Hala ere, adierazi du sindikatuak ez lukeela «inongo arazorik» izango beste sindikatu eta elkarte batzuekin lan egiteko eta ados jartzen saiatzeko.
«Beldurra dut ez ote diren laborariak kontzientzietatik desagertuko eta, hala, baliorik gabe geratuko. Horrela segituz gero, Euskal Herrian laborantza desagertuko da biziki fite»
JULEN PEREZ ELBko eleduna
ENBAko koordinatzaileak nabarmendu du haiek ere askotan aldarrikatu izan dutela sindikatuen arteko lehia apaldu behar dela, baserritarrak lasaiago egoteko. «Jendea lasaiago egoten da eta errazago joaten da ekitaldietara bateratuak baldin badira».
Horri dagokionez, Nazabalek azaldu du duela bost urte inguru hasi zela EHNE hainbat gairen inguruan beste sindikatu batzuekin eztabaidatzen —ENBArekin, gehienbat—. «Mercosurren inguruan, banatzaileen inguruan eta zenbait legeren inguruan egindako analisietan oso ados egon gara. Bateko eta besteko baserritarrak ez gara horren ezberdinak».

«Baina plano instituzionala bai, hori ezberdina da», aitortu du Nazabalek. Esan du zailagoa dela adostasuna lortzea barne politikari eragiten dionean: diputazioekin, gobernuekin, aurrekontuekin... «Ez da erraza, batez ere agintean etxekoak dituztenean. Eta ulertu dezaket. Baina EHNEn oso argi dugu sektorearentzat egiten dugula lan».
Gauza bera aldarrikatu du Perezek: «ELB laborarien defentsarako ari den sindikatu bat da. Oinarritik laborariak dituen beharrei erantzuten entseatzen gara, lekuan-lekuan». Erantsi du Frantziako elkarteekin egindako mobilizazioetan ikusi zutela kulturalki ez zutela istorio bera. «Hemen bada militantismo bat. Nahi ala ez, kulturari lotuak gara, gure hizkuntzari lotuak gara, gure herriari lotuak gara, eta herria zerbitzatzeko eredu bat bultzatzen dugu».