Teknologia

Basque Industry 4.0. topaketak zibersegurtasuna jorratuko du

Industriaren digitalizazioa aipagai izango dute ia 3.000 eragilek, bihar eta etzi, BECen.

Basque Industry 4.0ren iazko irudi bat. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Iker Aranburu.
2019ko azaroaren 19a
22:10
Entzun

Etorkizuneko industria zertan den ikusgai izango da bihar eta etzi Barakaldoko BEC erakustazokan. Basque Industry 4.0. topaketaren seigarren urtean, ia  3.000 enpresa, zentro teknologiko eta ekintzailek hartuko dute parte. Ehun aditu inguruk beren iritzia emango dute industriaren digitalizazio prozesuen erronkei buruz, eta eragile, enpresa eta start-up-en 170 stand izango dira ikusgai, iaz baino berrogei gehiago.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako Sailak antolatzen du Basque Industry 4.0., SPRI erakundearen bitartez. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak emango dio hasiera, 09:30ean.

Teknologia digitalak industrian eragiten ari diren iraultzari deritzo 4.0. industria. Aurten, digitalizazioak enpresen segurtasunean duen eraginari erreparatuko diote bereziki. «4.0 Industriari buruzko ezagutza partekatzea xede duen jardunaldi batek sareetako segurtasunaren parametroa sartu behar du programaren barruan», argudiatu du SPRIk. Horregatik, orain arte beste egun batean egindako Basque Cybersecurity Day ekitaldian txertatuko dute aurten, eta eremu handiagoa emango diote Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zentro teknologikoak biltzen dituen partzuergo berriari, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) izenekoari.

Hain zuzen ere, joan den astean Ziur inauguratu zuten Gipuzkoan, euskal industriari zibersegurtasunean laguntzeko Gipuzkoako Aldundiak sortutako zentroa.

Tecnalia eta Nanogune

Mundu osoko enpresen artean izango dira Euskal Herriko enpresak ere bai. Tecnalia zentro teknologikoak, esaerako, sarera konektatutako makinak aurkeztuko ditu, eta biki digitala izeneko teknologia berri bat. «Prozesu edo produktu baten modelo birtuala da, bertsio errealaren portaera eta errendimendua zintzotasunez digitalki birsortzen duena». Tecnalia lanean ari da erreplika birtual horiek industrian, eraikuntzan eta energian aplikatzeko, «akatsak eta ezohiko portaerak aldez aurretik ikusteko, eta edozein egoerara egokitutako produktu eta prozesu aurreratuak lortzeko».

Beste euskal enpresa batek, CIC  Nanogunek, 3D inprimaketako eta detekzio sistemetako bere azken teknologiak erakutsiko ditu Basque Industry 4.0n. Batetik, patente eskaerarekin berriki babestutako teknologia berritzaile bat azalduko du: NovaSpider 3D inprimaketa ekipoa. Nanozuntzezko eta doitasunez kontrolatutako mikrozuntzezko mintz geruza ehundu gabeez osatutako materialak sortzen dituen aparailu bat da. Inprimagailu hori medikuntzan erabil daiteke, ehunak birsortzeko, baina baita energia sektorean ere, superkondentsadoreetan katalizatzaileen lana egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.