Europako Batasuna

Batasuneko kideak erlojuaren aurka ari dira adostasunaren bila

Laguntza zuzenak murriztu eta maileguak handitzen ditu eztabaidan duten azken planak. Xuhurren Taldeak beto eskubidearen alde dihardu, laguntza zuzenak egiturazko erreformekin lot daitezen

EBko estatu kideen ordezkarien bileratxo bat, bilkura hasi aurretik. FRANCISCO SECO / EFE
xabier martin
2020ko uztailaren 18a
16:15
Entzun

Pandemiaren krisi ekonomikoari aurre egiteko suspertze planaren negoziazioek aurrera jarraitzen zuten atzo gauean, Bruselan. EBko estatu kideen artean marraztu diren bi bloke argiak nor baino nor gehiago ari ziren hegoaldeko herrialdeentzat premiazkoa den funtsa eratzeko modua negoziatzen. Europar Kontseiluko presidente Charles Michelek jatorrizko plana aldatu zuen goizean, eta mahai gainean jarritako agiriak desberdintasun garrantzitsu batzuk jaso ditu, Xuhurren Taldea akordiora erakartzeko. Iluntzerako plan berritu horren beste gaurkotze bat espero zuten hainbat kidek.

Edonola ere, 750.000 milioi euroko funtsari eutsi dio plan berrituak, baina oreka aldatu egin da birusak gehien kaltetutako herrialdeek jasoko lituzketen laguntza zuzenak eta itzuli beharreko maileguen artean. Transferentziak 450.000 milioikoak lirateke, hau da, 50.000 milioi gutxiago, eta maileguak 300.000 milioikoak, 50.000 milioi gehiago.

Ez du ematen funts horien kopurua oztopo gaindiezina denik. Espainiak eta Italiak ez dute gustuko laguntzak txikitzea, baina amore emateko prest leudeke agian. Benetako arazoa laguntzen baldintza mailan legoke. Agiri berriak beto eskubidea ematen baitie estatu kideei herrialde batek eskatutako laguntzaren inguruan. Xuhurren Taldea gogor ari da jokatzen betoaren alde, Herbehereak buru dela, eta laguntzak erreformekin lotu nahi ditu, eskatzaileen lan merkatuetan eta pentsio sistemetan ezartzeko. Madril eta Erroma ez daude prest halakorik onartzeko.

Beto horrek laguntzak blokeatzeko ahalmena emango lioke Hagari. Laguntzen truke eskainitako erreformak ez baditu gustuko, edo ez badira nahiko sakonak, «emergentzia galga» aktibatzeko eskubidea luke, EBko beste edozein estatu kidek bezala. Goi bilera bat eragingo luke mekanismo horrek, laguntza eskaera zehatzak aztertzeko. Azken erabakia aho batez hartu beharko ote litzatekeen da gakoa, ordea. Espainiak hor jarri du marra gorria.

Txeke handiagoak

Bi blokeek urrun jarraitu zuten goi bileraren bigarren egunean, «ez atzera ez aurrera», Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak esan zuenez iluntzean, baina balantza nora erortzen doan argitzen hasi da, eta Alemaniak ohartarazi du «denek» amore eman beharko dutela. Berlin eta Paris ados dira suspertze plana«lehenbailehen» adostu behar dela esatean, baina xuhurrak prest agertu dira beste goi bilera bat eragiteko, diru laguntzen kopurua gehiago murriztu nahi dutelako. Espainia, Italia eta Frantzia bera —beste hein batean— erlojuaren aurka ari dira. Austeritatearen aldekoek, Frugal Four taldekoek —Herbehereak, Suedia, Danimarka eta Austria— ez dute presarik. Europar Kontseiluko presidentearen plan berritua «norabide zuzenean egindako urratsa» dela uste du Hagak, «gai asko argitzeke» ikusten dituen arren.

Azken planari jarraiki, kideek 325.000 milioi jasoko lituzkete RFF Suspertzerako eta Erresilentziarako Funtsaren bidez, planaren habe nagusia. Gainontzekoa (125.000 milioi euro) beste programa batzuen bitartez iritsiko lirateke premia duten herrialdeetara, esaterako Kohesio Politikarako Funtsaren bidez (45.000 milioi euro) eta InvestEU planaren bidez (11.500 milioi).

Bada beste aldagai garrantzitsu bat Iparraldeko belatzak gozatzeko. Herrialde aberatsek Batasunaren aurrekontuari egindako ekarpena doitzeko baliatzen diren txekeen kopurua handitu du planak. Ekarpen horiek arintzeko diru gehiago jasoko lukete txekeen bidez. Guztira, Austriak, Alemaniak, Danimarkak, Suediak eta Herbehereek 46.000 milioi euro aurreztuko lituzkete 2021-2027 aldian. Aldi horretarako aurrekontua ere negoziatzen ari baitira kideak. 1,074 bilioi eurora apaldu du aurrekontua azken planak (1,1 bilioi zen abiaputua), austeritate zaleen alde.

Bilera akordiorik gabe amaituko balitz, hiru aukera zabalduko lirateke. Aldeen posizioen urruntasun-gertutasunaren arabera, gerta daiteke bihar bertan jarraitzea negoziazioan. Uztaila amaitu aurretik beste bilkura bat egitea da bigarren aukera; eta goi bilera berria irailera atzeratzea litzateke hirugarrena; albiste txarra litzateke hori hegoaldearentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.