Bazkide txiroak dauka gidaritza

Greziak EBren presidentetza hartu du datorren seihilekorako; zalantza sortu da gai izango ote den

xabier martin
2014ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bazkide apalenek ere Europako Batasuna esaten dioten autobusaren bolantea hartzeko eskubidea dute txanda iristen zaienean. Atenasek dauka EBren gidaritza atzotik, uztailaren 1era arte; Italiak hartuko du lekukoa gero. Herrialdea birrindu duten zorraren arazoak konpontzeko buru-belarri dabil Antonis Samarasen gobernua, eta gobernu hori EBren etxeko lanak koordinatzeko gai izango ote den zalantza azaldu dute askok han eta hemen; baina haien gainetik Evangelos Venizelos Atzerri ministroak aldarrikatutakoak garbi utzi du Atenas dela orain Europaren Meka, nahiz eta gidaria gidatzeko troikak bertan jarraituko duen Meka horretan. «Bazkideenganako arduraz hartu du Greziak EBren presidentetza. Datozen sei hilabeteak mugarri izango dira, ez bakarrik Greziarentzat, baita EB guztiarentzat ere».

Atenas ez dago prest, ordea, bere seihilekoa (bosgarrena 1981etik) nagitasun epel batean joan dadin. Bere rola batik bat bazkideen arteko bitartekaritza lana egitea den arren, Samarasek asmoa azaldu du hegoaldearentzat «garrantzitsuak» diren atalak hauspotzeko, hori troikari egindako desafio argia den arren. Erreskatearen baldintzak biguntzea bilatuko luke lehen ministroak, nahiz eta jakin troikari hordago hori botatzen badio bere gobernua ere eror daitekeela. Gutxi dauka galtzeko jada, hori da kontua.

Bankuen batasuna, immigrazioa, gazteen langabeziaren aurkako borroka eta itsasoari buruzko politika dira Atenasen agendan gorriz azaltzen diren gaiak. Dimitris Kurkulas Europako gaietarako arduradunaren arabera, Greziak erabaki irmoa du atal horietan aurrera egin dadin. Europako hegoaldeko herrialdeen interesen arloan bete-betean sartzen direnez, Atenasek uste du bere hauspoak segida izango duela urtearen bigarren zatian, Italiaren presidentetzarekin.

1. Gazteen langabezia

Gazteen langabeziari aurre egiteko eratutako 6.000 milioi euroko poltsa bi urtean erabiltzeko proposamena dauka Atenasek, Europako Parlamentuaren eskaera bere eginda. Besteak beste, Alemaniak nahi zuen bezala 2020 artean erabiltzea adostu zen. Berlingo gobernu berriak, sozialdemokratekin egindako koalizio berriak, alegia, lagundu dezake helburu horretan.

2. Bankuen batasuna

Lituaniaren presidentetzan (2013ko bigarren zatia) aurrerapauso esanguratsuak egon dira bankuen batasunaren atalean, baina, Atenasen ustez, zehazteko daude «hegoaldearentzat garrantzitsuak diren zenbait hari», diru batasunaren berrindartzearen barruan betiere. Kredituaren kostu desberdinaz ari da Grezia; herrialde batzuetan bestetan baino askoz garestiagoa da finantzatzea enpresentzat. Kredituen baldintzak ahalik eta gehien parekatzea nahi du Atenasek.

3. Immigrazioa

Immigrazioaren arazoa EB osoaren arazoa dela erakustea izango da Greziaren presidentetzaren hirugarren zutabea. Paperik gabeko immigranteen kopurua bazkideen artean parekatzen hastea bilatuko du Atenasek. Espainia, Italia, Zipre, Malta eta Grezia bera dira immigrante horientzat EBra sartzeko ateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.