EAEko hiru kutxen fusioa, oraingoz, ezinezkotzat jo ondoren, BBKren eta Kutxaren administrazio kontseiluek bihar ekingo diote erakunde bien arteko bat-egite prozesuari. EAJ eta CCOOren arteko akordioari esker, bat-egitea aurrera ateratzeko aldeko boto nahiko izango dira BBKrengobernu bileran. Gipuzkoako kutxan, aldiz, beste talde batzuen laguntza beharko dute fusioaren aldekoek. Biharko bileretan bat-egitea onartuz gero, abenduan berretsi beharko dute kutxetako batzarrek erabakia.
Bi kutxen artekoak, alabaina, aurkari ugari izango ditu bidean. PSE-EEk, hasieratik, hiru kutxen bat egitearen alde egin du eta Vital kanpoan utziko duen erakunderik ez du nahi. Horren haritik, Donostiako Udalera eraman zuen atzo fusioaren aurkako adierazpen bat eta bozeramaileen batzarrak onartu egin zuen, PPren laguntzarekin.
Hiriburuko udaletxera ez ezik, PSE-EEk Gipuzkoako herritarrengana ere eraman nahi du bat-egiteari buruz duen iritzia. Lurralde osoan banatzen hasi da bere jarreraren berri ematen duen liburuxka, eta 280.000 ale prestatu ditu. Besteak beste, BBK-k Kutxa bereganatuko duela ohartarazten die liburuxkak herritarrei.
Zilegitasunik ez
Sindikatuek ere egin dute bi kutxen bat egitearen aurka. LABek akordioari «zilegitasunik ez» diola emango esan zuen atzo, EAJ eta CCOOren artekoa, «iruzur berri bat» delako.
LABek kutxa berriaren helburu sozialei eta «euskal esparruari» buruz egin dituen proposamen eta galderek erantzunik ez dutela izan deitoratu zuen. CCOO sindikatuaren ordezkaritza, bestalde, Espainiako bulegoetatik ere datorkiola nabarmendu zuen eta EAJ hara begira ez ote den ari galdegin zuen.
BBK-k eta Kutxak bihar jarriko dute abian bat-egitea
Donostiako Udalak fusioaren aurkako adierazpena onartu du, eta LABek iruzurra deritzo akordioari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu