CajaSur onbideratzeak zer-nolako kostua eta arriskua eragingo dion BBKri, hori da orain zalantza nagusia. Andaluziako aurrezki kutxa finantza arazo zailetan da. Iaz, 596 miloi galdu zituen, eta lehen hiruhilekoan, beste 119 milioi euro. Espainiako Bankuak maiatzaren 22an esku hartu egin zuen FROB funtsaren bidez, 800 milioi euro jarri zituen. Uztailaren 16an, CajaSur BBK-ri egokitu ostean, beste 392 milioi maileguan uzteko prest da.
Batez ere CajaSurrek ekarriko dituen abantailak azpimarratu ditu Fernandezek batzarrean. Haren iritziz, CajaSur «frankizia on» bat da, eta bere negozioaren izaera aldatu behar izan gabe «bigarren merkatu» bat izatea ahalbidetuko dio BBKri -CajaSurrek Kordoban merkatu kuotaren %46 inguru du gaur egun-. Era berean, aktiboetan tamaina irabaziko du: 30.000 milioi euroko aktiboak zituen, eta 48.000 milioi izango ditu.
CajaSur onbideratzeko, BBK-ren 2.700 milioi euroko kapital soberakinaren «zati bat» jarri beharko duela esan du, beste zehaztasunik eman gabe. Azkenaldian, 900 milioi euro izan litezkeela zabaldu da. Dena den, kaudimena ez dagoela arriskuan eta CajaSurrek ez duela BBKren finantza ahalmena desorekatuko nabarmendu du. «Lehen unetik», bi erakundeen Tier 1 kapitala %13,2koa da, berandutze tasa %4,9koa eta estaldura tasa %60,2koa, «batez bestekoaren gainetik».
Urtarrilaren 1etik abian
Fernandezek azaldu du «CajaSur berria» urtarrilaren 1erako martxan jarri nahi dutela. Egungo CajaSurreko langileek lan egingo dute bertan, baina lehen egunetan BBK-ko talde bat egongo da «BBKren kudeaketa ereduari buruz duten ezagutza balia dadin» eta luze gabe emaitza eraginkorragoak lor daitezen: «Helburua da irabaziak lortzeko bidean jartzea CajaSur, eta bere etorkizuna eta hari lotutako enpleguak bermatzea».
Txikiagoa bada ere, CajaSurrek BBK-k baino 62 bulego gehiago ditu, eta enplegu arloan, doikuntzak egingo dituela berretsi du. Moldaketa sindikatuekin hitzartu eta «ahalik eta trauma txikiena» eragitea espero du.
Basilea IIIk ekarriko duen aldaketa ere hizpide izan du. Irailaren 12an kapital baldintzak nabarmen zorroztea hitzartu zen nazioartean. Egokitzapena epeka egingo bada ere, Fernandezek ondorioztatu du «baliabide propio» gehiago izatera behartuko dituela finantza erakundeak. Lehia bizia iragarri du. «Kapitala gehiago eta hobeto» bereganatzeko gai ez diren kutxek jarduera murriztu beharko dute, eta tokian tokiko eremu txikiago batera bultzatuak izango dira, haren ustez: «Tamaina garrantzitsua izango da».
Testuinguru horretan, Fernandezek gaineratu du BBK-k aldaketa horren lidergoa hartu behar duela «Estatu espainiarrean tokian tokiko bankaren eremuetako eragile nagusietako bat bihurtzeko helburuarekin».
Euskal kutxen arteko balizko fusio bati buruz, ordea, ez du aipamenik egin. Ez du esan nahi erabat baztertuta geratu denik. Proiektua kaxoi batean dago, eta egitekotan ez dute aurreko parametroetan egingo. Tamainaren garrantziari buruzko erreferentziak adierazten duen legez,orain indar harremana desberdina delako.
%13,2
Tier 1 kapitala. Akzioak, erreserbak eta beste finantza tresnak biltzen ditu kaudimen adierazle horrek. CajasurrekFROBetik hartutako 1.190 milioi euroak aintzat hartuta, bi erakundeen Tier 1 kapitala %13,2koa da -%6tik behera egoteak adierazten du kiebra arriskua-.Alderdi Andaluzistak dirua ateratzeko gomendatuko du
Lehen unetik Alderdi Andaluzista (PA) BBK-k CajaSur erostearen aurka azaldu da. PAko 20 militante inguruk elkarretaratzea egin zuten atzo Bilbon. Pilar Gonzalez PAko idazkari nagusiak gutun bat igorri dio BBK-ko presidente Mario Fernandezi. Haren ustez, «andaluziarren interes ekonomikoen eta politikoen aurkako» operazioa izan da. Gaitzetsi egin du Elizaren eskuetan zen aurreko zuzendaritza, Unicajarekin bat egiteari uko egin ziolako. Gutunean, ohartarazi du langile bakar bat kaleratzen badu BBK-k, «aurrezkia ateratzea» gomendatuko dietela herritarrei. «Andaluziarren aurrezkiek Euskadin ordainduko dituzte zergak, eta gure ahaleginarekin bertako aberatasunari ekarpen egingo diogu».Guipuzcoano-Sabadellen,150 lanpostu sobra
LABek atzo azaldu zuenez, Banco Guipuzcoano Sabadellen menpe geratzen denean 150 lanpostu sobra izango dira. Kopuru hori aipatu diete bankuetako buruekin izandako bileretan. Guipuzcoanoko arduradunei negoziatzeko deia egin die LABek, inor ez dadin gera bere borondatearen aurka kalean.185,9
Emaitzak. Atzo batzarrean, lehen sei hilekoko emaitzak aurkeztu ditu BBK-k. Urtarriletik ekainera 185,9 milioi euro garbi irabazi ditu, iaz baino %0,2 gehiago. Berandutze tasa, berriz, %2,57koa da, eta horri aurre egiteko erreserbak %104,3koa.Xabier Irala, BBK Bankeko behin-behineko zuzendari
Cajasurren ondare eta aktiboak hartuko ditu bere gain BBK Bank finantza erakunde sortu berriak. Hots, Cajasurren jabe izango da. Operazioa guztiz gauzatu arte, trantsizio epe bat ireki da, eta horren arduradun Xabier Irala BBK-ko presidente ohia izango da. BBK Bankeko presidente izendatu zuen Mario Fernandezek. Behin-behineko kargua izango da, harik eta bat-egitea erabat gauzatu arte. Sei urtez egindako lanaren aitortzagatik eman diote kargu hori. Dena den, behin bat-egitea gauzatzen denean, BBK Bankeko administrazio kontseiluak aldaketa handiak izango ditu. Iralaz gain, Jose Carlos Pla izendatu dute kontseilari ordezkari, sektorean duen esperientziagatik.Aurrezki kutxen mapa errotik aldatu da. Urte hasieran, 46 kutxa ziren; geroztik, bateratze prozesuetan sartu dira horietatik 39.
Fusio hotzak, bero-bero
J. Senar.CajaSur eskuratzeko BBK-ren ahalegina ez da inondik ere aurrezki kutxen artean izan den mugimendu bakarra. Aurrezki kutxen mapak astindu ederra jaso du hilabete gutxiren buruan. Urte hasieran, 46 aurrezki kutxa ziren, eta egun hemeretzi dira. Hala ere, ez dira BBKren moduko operazioak izan. Gehien-gehienek, 39 aurrezki kutxek, hain zuzen, fusio hotz delakoen bidez negozioak bateratzeari ekin diote, eta horren ondorioz, hemeretzi talde sortu dituzte. Fusio hotzak bero-bero jarri dira.
Espainiako Bankuak zeresan handia izan du. Bateratzeok sendotu eta aurrera egiteko behar duten kapitala izan dezaten, Espainiako Gobernuak 2009ko ekainean sortutako FROB funtsaren bidez 12.000 milioi euro inguru mailegatu die kutxei -bost urteren buruan itzuli beharko dute %7,75eko interes tasarekin-. FROBetik etorri diren kapital gehigarriari esker talde sortu berri horietako gehienek uztaileko estres testak gainditzea lortu zuten.
Fusio hotz horietan aitzindari Nafarroako Kutxa izan zen, iaz Cajacanariasekin eta Caja Burgosekin batzea hitzartu eta gero. Behin hiru kutxetako batzarrek oniritza eman eta gero, uztailaz geroztik Banca Civica indarrean da. Banku baten fitxa du, eta kutxa bakoitzak bere lurraldeko jarduerari, markari eta obra sozialari eutsi arren, erakunde horretan aktiboak eta beste hainbat zerbitzu bateratu dituzte.
Uztailean etorri zen ezustekoa. Nafarroko Kutxak harro zioen talde sendoa osatzen zutela, eta FROB funtsara ez jotzea jarri zuten horren erakusle. Alabaina, estres azterketek ondorioztatu zuten hipotesirik txarrenean 400 milioi euroren beharrean egongo zela Banca Civica. Test hori gainditu ez zuten zazpi erakundeetako bat izan zen. Emaitza horiek kaleratu baino ordu batzuk lehenago, hain justu, JCFlowers sozietatea akzio bihur daitezkeen 450 milioi euroren bonuak erosi zituen; Banca Civicak %7,5eko tasarekin itzuli beharko du. Epe luzera, taldea burtsaratzea eta JC Flowers akziodun bihurtzea espero da.
Banca Civicak hartutako bideak erakusten du fusio hotzak zalantzez beteta daudela: alde batetik, pribatizazioari atea irekitzen zaio, eta bestetik ikusteko dago arrisku partekatuek epe luzera zer bestelako ondorio dituzten.
Zailtasunak ez dira falta izan prozesu horietan, gainera. Iragan maiatza baino lehen, Banca Civicarekin batera, bateratze prozesu gutxi batzuk baino ez zeuden hitzartuta. Haatik, Espainiako Bankuari pazientzia bukatu zitzaion, eta Cajasurrek Unicajarekin bat egiteari uko egin eta berehala, Kordobako aurrezki kutxa horretan esku hartu zuen. Esku-hartzearen esanahia berehala ulertu zuten gainerako kutxek. Maiatzaren erdialdetik ekainaren erdialdera, korrika eta presaka gauzatu ziren bateratze prozesu gehienak.
Fusio hotzek berez, ordea, ez dute miraririk gauzatzen. Epe laburrera, likidezia arazoak ez dira amaitu. Maiatzetik, finantza sistema espainiarraren gaineko zalantzen ondorioz, Europan bankuen arteko merkatuetara jotzeko arazoak izan dituzte kutxek, eta, horren ondorioz, Europako Banku Zentralaren enkanteetara jo beste erremediorik ez dute izan; interes tasa handiagoan, alabaina. Estres testen emaitzek mesfidantza hori arintzea lortu badute ere, hor dirau: ekainean, 126.000 milioi euro eman ziren enkantean; uztailean, 130.000 milioi; eta, abuztuan, 110.000 milioi.
Hori gutxi izan ez, eta Santander taldeak hasitako gerrak min handia eragin du. Otsailean, banku horrek %4ko errentagarritasuneko aurrezki gordailua eskaini zuen, eta merkataritza lehia gogorra abiarazi zuen. Geroztik, kutxetako bezeroek 20.000 milioi euro erretiratu dituzte.
Epe erdira, berriz, higiezinen merkatuko prezioen jaitsierak eragindako galerak saihesteko, hornidurak zorroztera behartuko ditu Espainiako Bankuak. Horrek esan nahi du hiru urtean, fusioetan sartu berri diren kutxa horietako askok galerak iragar ditzaketela. Iraganeko erabakietan atzera egingo dutela espero da. Urte hasieratik 700 bulego itxi dituzte, eta, aurrera begira, askoz gehiago itxiko dituztela uste da.
Oso epe luzera, Basilea III etorriko da, eta haren neurriak pixkana ezarriko badira ere, ondorioak izango dituela argi dago.
Bateratze berriak
Banca Civica. Nafarroako Kutxa, Cajacanarias, CajaBurgos.Jupiter. Caja Madrid, Bancaja, Caixa Laietana, Caja Ahorros de Canarias, Caja Avila, Caja Segovia, Caja Rioja.
Caixa. La Caixa, Caixa Girona.
Base. CAM, Cajastur, Caja Cantabria, Caja Extremadura.
Catalunya Caixa. Caixa Catalunya, Caixa Manresa, Caixa Tarragona.
Breogan. Caja Galicia, Caixa Vigo, Caixanova.
Espiga. Caja Duero, Caja España.
Cajasol. Caja Sol, Caja Guadalajara.
Unnim. Caixa Sabadell, Caixa Terrassa. Caixa Manlleu.
Caja 3. Caja Circulo, Caja Badajoz, Caja de Ahorros de la Inmaculada de Aragon(CAI).