BBVAk 225 milioi ordaindu ditu zerga berriarengatik

2023ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
BBVAk 1.846 milioi euro irabazi ditu urteko lehen hiruhilekoan, iazko epe berean baino %9,4 gehiago, nahiz eta Espainiako Gobernuak bankuei jarri dien ezohiko zergarengatik 225 milioi euro ordaindu behar izan dituen.

Banku zentralek bultzatutako interes tasen igoera funtsezkoa izan da emaitza on horietan, interesetan 5.642 milioi euro irabazi baititu, iaz baino %3,1 gehiago.

Etekin gehienak Mexikoko filialetik lortu ditu, Espainian lortutakoak halako bi. Zehazki, 1.285 milioi euro irabazi ditu Mexikon, batez ere kredituen diru sarrerengatik: %13 gehiago.

Espainiako adarrak 541 milioi euro irabazi ditu, urtebete lehenago baino %9,5 gutxiago, bankuei ezarritako ezohiko zergak eraginda. Gainera, bankuaren kreditu zorroa %1,2 murriztu da, eta gordailuak %3,1.

Bankuaren akzioen balioak gora egin du iaztik. Gaur urtebete, titulu bakoitza 4,7 euroan ordaintzen zen, eta, gaur egun, zazpi euro inguru.

Europako banku handien artean, kasurik esanguratsuena Deutsche Bankena da. Martxoaren amaieran argi gorriak piztu ziren, haren akzioak izugarri jaitsi zirelako, AEBetako SVB bankuaren eta Suitzako Credit Suisseren jaisteagatik sortu zen ekaitzarekin bat eginez. Hala ere, Deutsche Bankek %9 gehiago irabazi du lehen hiruhilekoan, 1.158 milioi euro; bankuak denbora askoan izan duen urte hasierarik onena izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.