Ortuellako Befesako zuzendaritzak enplegua erregulatzeko dosierra aurkeztu du. Proposamenaren arabera, langileen %30ari eragingo lioke espedienteak, eta urtebetez lanik egin gabe egongo lirateke. Befesak 75 langile ditu, beraz, 35 ingururi eragingo lioke.
Behin proposamena eginda, langileen oniritzia lortzeko negoziazioak hasiko dira martxan. Hala ere, Euskadiko CCOOk aurreratu duenez, langileak zuzendaritzaren asmoen kontra daude.Aparteko orduak sartzen aritu ostean ez dute ulertzen nolatan enpresak lana jaitsi izana jarri duen dosierra aurkezteko arrazoitzat. Sindikatuaren aburuz, «zuzendaritzaren diskurtsoa» besterik ez da hori, eta horren atzean, lan eskuaren «erabateko malgutzea» lortu nahi du.
Horrez gain, urte bukaeratik Ortuellako lantegian egiten ari diren kaleratzeak ere salatu ditu, eta hori ez datorrela bat adierazi du enpresak izandako emaitza «milioidunekin».
Lanuztea, Babcocken
Trapagarango Babcock Powerren, berriz, soldatak dira langileen protesten iturri. Izan ere, soldaten atzerapenari 2008ko KPIaren igoera ez zaiela aplikatu kritikatu dute, eta emaitzen araberako ordainsaria ere ez dutela kobratu. Egoera hori ikusirik, 24 orduko lanuztea egitearen alde agertu dira langileak, baina oraindik ez dute erabaki egingo duten ala ez, ez eta noiz ere. Enpresa batzordearen arabera, zuzendaritzaren eta langileen arteko harremana asko hondatu da, batez ere, enpresaren negoziatzeko borondate ezarengatik.
Bizkaiko beste enpresa batean, Zaratamoko Outokumpun, hain zuzen, protesta egingo dute gaur langileek. Martxa baten bidez adieraziko dute enpresak aurkeztutako enplegua erregulatzeko dosierraren kontra daudela. Galdakaon hasiko dute ibilbidea 11:00etan, eta Basaurin amaitu. Langileen iritziz, dosierraren bidez, 240 langiletik 140 kaleratzeko bidea ireki nahi du enpresak.
Zaratamon bertan, Talleres La Salven, bertan behera geratu da enpresak aurkeztutako dosierra, Lan Ordezkaritzak baztertu egin baitu.
Befesak dosierra aurkeztu du langileen %30entzat
Outokumpuko langileek espedientea salatzeko martxa egingo dute gaur Galdakaotik Basaurira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu