Urretxuko Mugitegi industriagunean izan da lan istripu hilgarria, Usabiaga enpresan. Gaur arratsaldean gertatu da, enpresa horretako langile bat Fenwich batek harrapatu duenean beharrean ari zela. Larrialdietara deitu ondoren, suhiltzaileak eta anbulantziak joan dira, baina behargina hil egin da fabrikan bertan, zauri larriak zituen eta. Horrela azaldu du Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.
Lan istripuen zerrenda azkar luzatzen ari da aste honetan, dagoeneko hiru behargin hil baitira lanean azken egunetan. Beste biak istripu ez-traumatikoetan zendu dira; azkena, atzo bertan, Ormaiztegin.
Ormaiztegiko istripua
Construcciones Moyua enpresarentzat Ormaiztegin (Gipuzkoa) lan egiten zuen 54 urteko gizon bat hil zen atzo arratsaldean. ELAren zenbaketaren arabera, dagoeneko 40 langile hil dira aurten Hego Euskal Herrian. Sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, haren ibilgailuaren ondoan etzanda aurkitu zuten lankideek, lanaldia amaitu ostean.
ELAk salatu duenez, heriotza horrek erakusten du «lan prekaritateak» lotura zuzena duela istripu ez-traumatikoetan, bihotzekoetan eta beste, eta azpimarratu du gero eta handiagoa dela lanean urtero gertatzen diren halako heriotzen kopurua.
LABek ere salatu du gertatutakoa. Aurreko astean izandako ezbeharraren ondoren gogorarazi zuenez, aurten bederatzi behargin hil dira horrela; atzokoa kontatuta, hamar. Sindikatuaren iritziz, horrelako gertaerak ez dira kasualitatez gertatzen lan ordutegian. «Ez dira zorte txarragatik edo halabeharragatik gertatzen, enpresaburuek dioten bezala. Lan harremanen, prekarizazioaren, lan araudiaren eta azpikontratazioaren ondorio dira».
Aurreko ostiraleko heriotza salatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur Donostian (albisteko argazkia).