Beharrera, «gorputz txarrarekin»

Hamar hilabeteko greba amaituta, lanera itzuli ziren atzo FCC Alfus enpresako langileak, Bedian (Bizkaia). Erabaki horrekin erakutsi nahi dute lantegia bideragarria dela, erosleren bat agertuko delakoan.

FCC Altusko langileak, lanera itzultzen, atzo. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Larrañaga Aizpurua.
Bedia
2014ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ostiral arrunta zirudien atzokoak Bedian (Bizkaia). Lehen begiratuan, ezer berezirik ez mila biztanlera heltzen ez den herrian: kalean inortxo, umeak haurreskolako jolastokian eta erretiratu talde bat errepide ertzean. Hala ere, FCC Alfus lantegiko atarian, itxurazko normaltasun horrek krisi ekonomikoaren gordintasunarekin talka egin zuen.

FCC Alfuseko langileek, 306 egunez greba egin ondoren, atzo lanera itzultzea erabaki zuten. Esku hutsik itzuli dira, ez baitute lortu iaz kaleratutako hamasei lankideak berriro onartzea. Are okerrago, ziur daude jabeek lantegia ixteko asmoa dutela. Hala ere, lantegiaren atarian bertaratutako berrehun pertsonen babesa izan zuten lagun, eta txalo zaparrada artean agurtu zituzten. Batzuk burumakur, besteak «gerra emateko» gogotsu, baina denak beren aldarrikapenak bete daitezen asmoarekin. Jose Manuel Moreno enpresa batzordeko presidentea izan zen lanera itzuli zenetako bat: «Gorputz txarrarekin bueltatu gara, baina zuzendaritzak lantegiarekin zer egin nahiduen jakiteko asmoz. Azkenengo sei hilabeteetan ez gaituzte ezertarako deitu, ezta negoziatzeko ere. Ixteko asmoa badute, gutxienez aurpegira esan diezagutela». Nahiz eta oraindik ez duten ixteko jakinarazpenik jaso, «FCCk enpresa amortizatutzat» jo dezakeelako susmoa dute lantegiko ELA eta LAB sindikatueko ordezkariek. Horren adibidetzat jo dute zuzendaritzak atzo bertaratutako langileei ez ziela eman ez lanik, ez arroparik.

Grebari bukaera sinbolikoa emateko asmoz, manifestazioa egin zuten Bediako enparantzatik lantegira arte. Herritarrez gain, bidelagun izan zituzten antzeko gatazkak jasan dituzten edota jasaten dabiltzan hainbat langile. Horrela, babesa helarazi zieten herrian bertan greban dauden Incoesako langileek, hurbileko Cementos Lemonakoek eta Eroskirako garraiolari lanetan dabiltzan Nanukeko langileek.

Arratia eskualdeko egoera nahasia nabarmendu zuten horietako askok, Luis Elorbietak, adibidez. Incoesako langilea da Elorbieta, eta Incoesa ez itxi lelodun elastikoarekin agertu zen herriko enparantzara. «Eskualdeko egoera zail ikusten dut. Dena den, apurka-apurka gauzak hobetuz joango diren esperantza daukat, elkartasun nahikoa baitago Arratiako herritarren eta enpresen artean, eta badirudi zerbait lortzen ari garela».

Bezero kopuruak eta lan kargak enpresa guztiz bideragarria dela erakusten dute, Alfuseko langileen arabera. Hala ere, Langileentzat, FCCk «espekulatzeko daukan interesa» da arazo nagusiena, eta horregatik itxiko dute. Tamara Martin LABeko ordezkariak nabarmendu zuen lanera itzultzeak ez duela esan nahi aldarrikapenak alde batera utziko dituztenik. Kontrara, lanera itzultzeko erabakia «egoeraren interpretazio baten ostean» egin dute, azken xedea baita enpresa erosteko asmoa izan zezakeen norbaiti erakustea enpresa guztiz bideragarria dela.

Atzo lanera bueltatuta ere, ez dute borroka uzteko asmorik. Datorren ostegunerako grebara deitu dituzte langileak, eta protesta segida baten hasiera izango dela ohartarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.