Otsailetik 163.323 langabe daude Hego Euskal Herrian. Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantzarako MInisterioak emandako datuen arabera, behera egin du langabe kopuruak azken hilean: 1.660 gutxiago daude egun. Iazko otsailarekin alderatuta ere hobera egin du egoerak, eta 16.620 langabe gutxiago daude.
Sektoreka, zerbitzuen alorrean jaitsi da gehien langabezia, eta horren ostean industrian. Generoari dagokionez, berriz, 93.136 emakumezkoak dira, eta 70.187 gizonezkoak.
Azken hamar urteotako "otsailik hoberena" izan da aurtengoa Jaurlaritzako Enplegu sailburu Beatriz Artolazabalen arabera: "Jaitsiera handiena izan duen taldea izan da Araban bizi diren eta zerbitzuetan lan egiten duten 25 eta 45 urte arteko gizonena". Dena den, Artolazabalek nabarmendu du genero ikuspegia "oso kontuan" dutela enplegu politikak bultzatzerakoan.
Ez dira denak txaloak izan, ordea. ELA sindikatuak nabarmendu du oraindik ere emakumeen arteaqn langabezia tasa gizonezkoena baino 4,9 puntu altuagoa dela, eta hamar langabetik seik ez duela saririk jasotzen.
Datuak:
Araba: 20.505 langabe. Urtarrilarekiko: -434 (%-2,07). Iazko otsailarekiko: -2.088 (%-9,24).
Bizkaia: 73.128 langabe. Urtarrilarekiko: -277 (%-0,38). Iazko otsailarekiko: -5.654 (%-7,18).
Gipuzkoa: 33.602 langabe. Urtarrilarekiko: -380 (%-1,12). Iazko otsailarekiko: -4.246 (%-11,22).
Nafarroa: 36.088 langabe. Urtarrilarekiko: -569 (%-1,55). Iazko otsailarekiko: -4.632 (%-11,38).
Hego Euskal Herria: 163.323 langabe. Urtarrilarekiko: -1.660. Iazko otsailarekiko: -16.620.