Behien garraiorako neurriak kendu ditu Frantziako Laborantza Ministerioak

Eremu bat kanpo gelditu da: Ipar Kataluniako kabalek ezin dute mugitu, mugaz bestalde dermatosi nodular kutsakorraren kasu bat atzeman dutelako, Katalunian. Sindikatuek txertaketa prozesuak arintzea galdegin dute.

Dermatosi nodular kutsakorraren kontrako protokoloa salatzeko mobilizazioak, abenduan, Ahurtin. GUILLAUME FAUVEAU
Dermatosi nodular kutsakorraren kontrako protokoloa salatzeko mobilizazioak, abenduan, Ahurtin. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko otsailaren 20a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantziako Laborantza ministroak gaur adierazi duenez, orain arte arautuak ziren eremu gehienetan kenduko dituzte dermatosi nodular kutsakorraren kontrako neurriak, hala nola Ipar Euskal Herrian. Neurriak kentzen dituztenean, kabalak libreki mugitu ahalko dira berriz.

Urtarrilaren 2tik geroz, dermatosi kasurik ez dute atzeman ez Ipar Euskal Herrian ezta Frantzian ere. Hala, eta helburu zituzten txertaketa kopuruetara iritsiak direla, neurriak malgutzeko garaia iritsi da.

Baina, eremu gehien-gehienak zabalduko badituzte ere, zenbait eremuk hetsirik jarraikiko dute oraindik: hain zuzen ere, Katalunian izurri kasu bat atzeman dute berriki, eta, ondorioz, kabalen garraiatzea debekaturik dute Ipar Katalunian, mugan baitira.

Kasu horretaz aparte, Annie Genevard ministroak adierazi du «bizi normala berriz hasten» ahal dela, «komertzioa berriz abiatzen ere, eta, orokorrean, kabalak mugitzen».

Joan den astean kabalen garraiatzeko baldintzak malgutu zituzten, Frantziako Errepublikaren hego-mendebaldeak hartzen dituen zazpi departamenduetan immunitatea lortu zutelako. Orain, berriz, baldintzak bertan behera utzi dituzte kasik osorik. Neurriak kendu ahal izateko, hau bete behar zen, protokoloaren arabera: departamendu bateko behien %75 txertatuak izatea tropen %95ean. Joan den astean zuten hori lortua Ipar Euskal Herrian, eta orain egoera orokortu da.

Txertaketa prozesuek, halere, aitzina egin behar lukete zenbait zonatan aurten. Erabaki hori sustengatzen du FNSEA Frantziako sindikatu nagusiak, baina ez Coordination Ruralek eta Confederation Paysannek, adibidez; ezta ELB sindikatuak ere, Ipar Euskal Herrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.