Behin betiko datuek berretsi dute haitiarrek Martelly hautatu dutela presidente

Pertsona bat hil da, eta beste bat zauritu, bozetako emaitzen berri izan osteko protestetan

Miren Garate.
2011ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Behin betiko datuak bat etorri dira behin-behinekoekin: haitiarrek Michel Martelly abeslaria aukeratu zuten presidente martxoaren 20ko hauteskundeetan. Botoen %67,57 eskuratu ditu. Iazko lurrikaren ondoren txikituta dago herrialdea, eta kolera izurriteak bost mila pertsona ingururen heriotza eragin du sei hilabetean. Herrialdea suntsipenetik ateratzea izango da presidente berriaren erronka nagusia.

Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzen berri ere eman dute. Horietan motelago ibili da Martellyren Repons Peyizan —Nekazarien Erantzuna— alderdia. Inite izenekoak lortu du ordezkari gehien. Lehen prentsaurrekoan, Martellyk garrantzia kendu dio horri. «Oposizioarekin borrokarik ez dut nahi parlamentuan, proiektuek emaitzak eman ahal izateko kolaborazio harmonikoa behar dugu».

Emaitzen berri izan ostean, hainbat protesta izan dira herrialdean. Manifestazioetako batean pertsona bat hil da, eta beste batek erredurak izan ditu. Maiatzaren 14an hartuko du kargua presidente berriak. Alabaina, dagoeneko egin du lehen bidaia, AEBetara. Asteartetik atzora bitartean egon zen herrialdean, eta, besteak beste, Hillary Clinton Estatu idazkariarekin bildu da. «Berreraikitze lanen erritmo etsigarria» salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.